Zioen Goizalde Landabasok aurten (50.ean!), “aspaldiko urteotan ez bezala, aurton gutxi zapaldu” duela Durangoko azoka: “Sartu-irtena egin dudala esan nezake. Ez dut kontzientzia kargurik, ezta Stockholmgo sindromerik ere” (Berria, 2015eko abenduaren 8an).
Astelehen iluntzean pentsamendu bera izan nun. Alegia, zein denbora gutxi egin dudan Landakogunean aurten; izan ere, ikasleen egunean izan nintzen han —unibertsitatera itzuli naizenetik ikasle eternoaren azala jantzita banu legez nabilelako, akaso—, eta @Ahotsenearen txoko biak ere bisitatu nituen —baita @Kabiara sartu-irtena ere, Gorka Julio eta konpainia agurtzeko—. Baina, ez dut aurten azokaz gozatu. Ez dut igarri azokaren usaina arnastu dudanik. Bai, ezagun batzuk agurtu nituen; liburu pare bat ere eskuratu nituen; eta CD hirukoitz bat; eta PopPilulak fanzinea. Baina, aurtengoak hotz utzi nau. Eta, hori, azokako saltoki-mahaiak berregokitzerakoan espazioa eta guneak “antolatuago” zeudela iruditu zitzaidala!
Baina ez, aurtengoari zer edo zer falta izan zaio. Eta ez da hainbeste aipatutako zutabean Landabasok azaltzen zuena. Ezta, Iñigo Astizek egunkari berean zioena ere: “Sartu espazio horretan eta euskal kulturan zaude, atera espazio horretatik eta akabo. Arrasto gutxi batzuk, bai, baina kito” (Berria, 2015eko abenduaren 6an).
Izan da gehiago nik neuk ez dudala azoka gozatu. Faltan bota dut beti aipatzen den “elkargune, topagune, aspaldiko lagunak ikusteko leku, ezagunekin topa egiteko parada” sentsazioa. Betiko ikasle papera hartu dudan arren, ikasleen eguna ez da, seguruenik, Durangoko azokaz gozatzeko egunik onena, ez behintzat Anbotoren garaian esaten genuen #azukiki bizitzekoa! Argi dago, nik bai, nik badaukat, Landabasok aipatzen zuen Stockholmgo sindromea.
51.enaren zain, Durangoko merkatuan eskuratutako uztatxoa geratzen zait.