Atso zaharren antzera, leihotik begira deskubritu dut nire burua. Auzokide gazteetako batek neskalaguna aitaren zaldiak erakustera nola zeraman begira geratu naiz, sukaldeko iluntasunean.
“Neska, ni bezala seguruasko, kaleumea”, pentsatu dut nire artean, mutilari besoa nola luzatu dion ikusita, zaldia gerturatu zaienean. Holako keinu dudazkoa egin du neskatoak; mutilak, aldiz, baserriko semea eta aitaren lurretan zela jakinda, lasaitzeko adierazi dio, zaldia laztan zezan lagunduz.
Ez dio aparteko zerarik eragin neskari. Nahiago izan du arbola gaztez osotutako basoan barrena joan, mutila atzetik segika zuela.
Desagertu dira nire begien aurretik.
13:24 dira eta 35 gradu daudela dio termometroak.
Zuhaitzen gerizpean freskoago egongo ote dira?