Puntua magazina, oso gustura irakurtzeko aldizkaria kalean!

Digitalaren garaian, murrizketen sasoian eta geroz eta gutxiago irakurtzen dela dioten honetan, badugu euskaraz aldizkari berri bat. Tamainaz erosoa, bistarako ederra eta edukiz freskoa. Herri prentsatik sortua, baina eskualdearen mugak gainditzeko jaioa.
Ez, ez dut neregain hartu Puntuaren marketin kanpaina. Sarrera honek ez dauka asmo hori. Hala ere, nahi nuke aurkezpenean entzundako adierazpenari eutsi.

puntua

Joxe Rojasek @joxe kometantu zuen, izan badela euskarazko aldizkarigintzan esparru bat, Puntuak har dezakeena. Ari zen era arin, baina era entretenigarri batez artikulu interesgarriak irakurtzeko aukeraz. Izan ere, herri prentsan ari direnek zerbait badute gertuko estiloan kontatzeko abilezia da eta Puntua ere horrela dago egina.

Kultura, aisialdia, osasuna, motorra, gastronomia… denetarikoak jasotzen du astero kaleratuko den Goienaren magazinak. Ze, horixe baita Puntua, magazina. Kutxe paperean inprimatua gainera! (aspadiko herri aldizkariak gogora ekartzen duen papera, nostalgiko jarrita).
Badugu sakontasunez gaiak aztertzen dituen astekaria: Argia. Badugu gazteei zuzendutako hilabetekaria: Gaztezulo. Espezializatutako aldizkariak ere baditugu euskaraz: Elhuyar (zientziaz aritzen den aldizkari dibulgatiboa), Bertsolari (bertso munduaz aritzen den aldizkari mamitsua) eta sarean argitaratzen diren Entzun! bezalakoak. Baina Puntua magazinak badauka erakarmena, trenean, autobusean edo sofan tartetxo bat hartuta irakurtzera eramaten zaituena: freskotasuna. Iñaki Iturberen diseinuak eta eskuan erraz erabiltzeko formatu txikiak ere lagutzen dute horretan. Eta, esango nuke, irakurle gazteei erakargarria egingo zaiela Puntua. Artikulu gehientsuenak laburrak dira, gertuko estiloan idatziak, gai freskoak… Paperean izan arren, sareko estilo arin eta erraz horretatik edaten du eta horregatik uste dut irakurle berriak, gazteak, erakartzeko produktua dela. Eta, aizue, ez hain gazteok ere merezi genuen era honetako magazina! Uste dut Goienakoek orain ere asmatu dutela. Zorionak!

Aurrera begirako erronka
Etorriko ei da Puntuaren tableterako bertsioa. Ederra izango da hori ere, edizio digitaleko aldizkarigintzan, tabletetarako edizioetan, itzelezko diseinu ederrak egiten baitira gaur egun. Horretarako, baina, harpideak ere beharko ditu Puntuak. 50€/urtean. Horixe da kostatzen dena etxeko buzoian jasotzea. Nahi duenak beraz, sakatu puntua.

Kategoria: Kazetaritza Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude