Kazetaritzan ari diren profesionalek eta kazetaritza irakasten dutenek ez dituzte berdin baloratzen multimedia lantzeko gaitasunak. Kazetariek eurek baino garrantzitsuagotzat jotzen dituzte gaitasun horiek irakasleek.
Poynter Institutuak egin duen ikerketaren arabera, argazkiak egiten jakitea, esaterako, kazetarien %53k garrantzitsutzat jo zuen; aldiz, irakasleen artean, %79k jotzen du garrantzitsua argaziak egin eta editatzeko gai izatea. Nabarmenagoa da bideoari buruz irizten diotena. Kazetarien %38rentzat bakarrik da garrantzitsua bideoak grabatzeko eta editatzeko gaitasuna izatea; ezinbesteko jotzen du, aldiz, irakasleen %70ek. Horri erreparatuta, hobeto uler daiteke hainbat egunkaritan saiakera egin arren, benetako bultzada ez ematea bideogintzari.
ElPaisTV
Egunkariek sortzen dituzten sareko bideogintzaren eta sareko telebista kanalen inguruan egiten ari naizen ikerketaren haritik, hainbat egunkariren bideogintzaren funtzionamendua ezagutu nahi nuen; tartean, ElPaisTVrena ere bai.
El Pais-ek orain dela urte bi eta erdi kontratatu zuen, ikus-entzunezko atalaz arduratzeko, Belen Meli. Aurretik CNN+ -en aritu zen (Iñaki Gabilondok aurkezten zuen albistegiaren editore lanetan), bai eta Cuatro eta Canal+-en ere. Berak kontatu didanez, ez da benetako apustua egiten ari El Pais egunkaria ikus-entzunezkoaren alde. Geroz eta bideo kontsumitzaile gehiago egon arren, eta publizitate iturri gisa ere balio duen arren, “El Pais es un periódico periódico”, esan zidan. Lotuegia dagoela, alegia, papereko egunkariari eta egunkarietan erreferente izateari eusten badio ere, kostata azkenaldian, aukera galtzen ari dela erreferente izate hori.
Arazoa bikoitza dela esaten zidan Melik. Batetik, zuzendaritzak ez duela benetako apustua egiten; 5 lagunek baino ez dute osatzen ikus-entzunezkoaren lantaldea (tartean egin behar izaten dituzte edizio, produkzio, grabaketa eta marketing lanak). Eta, bigarrenik, egunkariko kazetariek ez dute bideogintzan parte hartu nahi, ez dute premiazkoa ikusten, ez dira inplikatzen eta, beraz, ez dute parte hartzen.
Esan genezake, beraz, Poynter Institutuak egindako ikerketaren adibide garbia dela El Paiseko zuzendaritzarena eta, era berean, “betiko” kazetariena. Izan ere, ondo antolatutako bideo emanaldiek, straming bidezkoek, sekulako emaitza onak eman izan dizkiete, audientzia kontsumo aldetik. Melik berak ikus-entzunezko hiru lan oso ezberdin aipatu zizkidan emaitza bikainen adierazle: ‘rodea el congreso’ protestaren zuzeneko emanaldia (streaming), aita sainduaren aukeratzea (Vatikanoko TB seinalea aprobetxatuta) eta Santiagoko tren istripuaren inguruan eurek editatutako bideoa (nazioarteko hainbat mediok ere eskatu zietena).
Informazio-bideoa idatzizkoaren osagarri
Hala ere, eta tarteko arrakastak arrakasta, segitzen dute benetako apustua egin gabe, ikus-entzunezkoak informazioren parte bihurtu barik. Meliren iritziz, “informazio-bideoa idatzizko albistearen osagarria da, hala behar du; bideoan dena kontatzen bada, ez da testurik behar eta egunkariak bere ‘zera’ galduko luke”. Baina, era berean, “trafikoa, irakurleak, audientzia erakartzeko tresna oso baliagarria izateaz gainera, badira, irudirik ezean asko galtzen duten albisteak eta hori kazetariek ere barneratu beharra daukate, ikustekoa dena ikusi egin behar da”.
Ibilbide profesionala ikus-entzunezkoen arloan egin du eta bideo informatiboez pasioz hitz egiten du Melik. “Nabaria da aukera ez direla behar bezala probesten ari”, dio. New York Times aipatu dit hainbat bider, elkarrizketan zehar. Eredutzat jartzen ditu han sortzen dituzten ikus-entzunezkoak. Baina, gogorarazi diot, zuek 5 lagun zabiltzaten lan horretan, han 60.