Bakarrik, hortxe, bide bazterrean

Egunero; goiz, eguerdi, arratsalde, euri zein ateri hortxe, bide bazterrean; mitinetako egurrezko aulkitxoan, potzuz inguratuta euria egin duenean, aterkiari eusten dihardunean, hortxe, bide bazterrean; zain, errepidera begira, autoei so, kamioilariei adi, hortxe, bide bazterrean. Geldik, mugikorrarekin, ilea batzen, ispilu txikiari begira, hortxe, bide bazterrean.

neska

Ofizio berean aterpean ari diren beste hainbat emakumeengandik gertu, baina, zu berriz aterpe barik, hortxe, bide bazterrean.

Askotan ikusi zaitut; joan zen udazkenean lehenengoz; negu gorrian gutxiago, baina eguzki izpiren bat atera orduko, bazaude, hortxe, bide bazterrean.

Ile horia, aurpegi atsegina, gorputz lirain-txikia, bakarrik, hortxe, bide bazterrean.

Askotan pentsatu dut nolakoa izango ote den zure bizimodua, nondik agertu ote zaren, aulkia bera nondik atera duzun egoteko hortxe, bide bazterrean.

Harago ere badira beste bi emakume gazte, zure adin eta itxura berekoak, haiek ere hortxe, bide bazterrean. Baina haiek bi dira, elkarri babesa ematen, edo gutxienez konpainia. Baina, zu, berriz, bakarrik zaude hortxe, bide bazterrean.

Gaur irudi bat lapurtu dizut, instant bat. Kotxetik bertatik hartu dizut argazkia. Orrazten ari zinen, ilea txukuntzen, beti bezala, mitinetako aulkitxoan eserita, hortxe, bide bazterrean.

Kategoria: Ispiluari begira Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude