Azkue Fundaziotik imeila jaso nuenean ohartu nintzen horretaz. Blogen inguruko mahai-inguru baten parte hartzeko gonbitea egin zidaten eta, oso aritua ez naizen arren, baiezkoa eman nuen. Beti delako aberasgarria beste batzuekin iritziak konpartitzea.
Blogarekin artean Asteleheneko Goienkarian ari nintzela hasi nintzen. Goienak blog plataforma abiatu zuen eta hango kazetari izanik, egoki zirudien nik ere bloga izatea.
Zertaz idatzi erabakitzea izan zen orduko lehenengo lana eta nuen jardunarekin lotu nuen hasiera hartan: asteburuko kultura ekitaldien jarraipena egiten nuenez paperezko astekarirako horrek eman zidan nahikoa material blogean jarduteko. Ordukoa da esaterako, Karra Elejalderi Gatzagako frontoian eserita egin nion elkarrizketa, garagardo bana hartuta ibili ginen kontu kontari. Paperezkoan ez zen dena sartu eta blogak eman zidan aukera elkarrizketa osorik argitaratzeko.
Harrezkero joan dira, 324 post, pasadizo eta gorabehera. Blogean jaso ditudan gehienak, bizipen pertsonalak direla esango nuke; ez baita nirea ezertan espezialdu den bloga. Bitakoratik gehiago du, barruak husteko balio didan plaza publikoa; tira, aitor dezadan, oso pulikoa ere ez da:)
Inpultsuka egiten dizkiot, beraz, bisitak nire blogari eta horrek, jakina, audientzia birtuala sortzeko gutxi balio du. Beraz, blog maitea, izan dadila hau konpromiso serioa hartzeko abagunea: zurean maizago agertuko naizela hitza ematen dizut, ondo baderitzozu behintzat.