“Albisteen rocka. Gaurkotasuna eta bere kantak: tradizio anglosaxoitik euskal kasura”. Horixe Joseba Martin irrati esatari eta EHUko irakasleak defendatu zuen tesia, EHU-ko Kazetaritza fakultatean. Eta zoriondu beharrean gara: doktorandotik doktore izatera pasa delako, batetik, eta azkeneko 50 urteotako euskal kantutegiaren historiari egindako ekarpenagatik, bestetik. Kazetari senari eutsiz, gertakariei abestu izan dietenen peskisan osatu du bere lana, abesti bihurtu diren albisteak. Historia, garai bat, gertaera bat, abestien bidez ezagutu daitekeelako eta asko izan direlako, baita gurean ere, abesti bihurtu diren albisteak.
AEBn ohikoa izaten dira era horretako ikerketak, baina gure kulturan ez hainbeste, ez gutxienez, ikuspegi akademiko batetik. Horixe ere lan honen berritasuna: ikuspegi akademikoa gehitu izana rockari. Horretarako autorea “topical song” terminoaz baliatu da, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez parekiderik ez duena, baina kultura anglosaxoian oso erabilia. Badute protesta kantutik zerbait, badute aldarrikapen kantutik ere bai, baita herri kantutik ere, baina harago doaz topical songs horiek; artistak gertaera zehatz bat, albiste izan den zerbait aukeratzen duelako kanta bihurtzeko. Joseba Martinek azaldu zuenez, AEBn argitaratzen zen Broadside musika aldizkari baten agertzen zen termino hori: kantaren partitura eta partitura hori inspiratu zuen albistearen egunkari errekortea batera argitaratzen zituen aldizkari hark; albistearen eta kantaren lotura apurtezinaren erakusle.
1960-2010
Diskoen produkzioa ohiko bihurtu zen sasoia izan da mugarrietako bat ikerketari ekiteko; hala, “Ez dok 13” izango genuke sasoi horren mugarri eta 2010 ikerketaren amaiera; harrezkero ere, kanta batzuk gehiago gehitu dizkio Joseba Martinek bere ikerketa lanari. Bere hitzetan “euskal kantagintzan albisteekiko menpekotasun handia dago”, eta ezaugarri propio batzuk dituzte gainera: eduki politikoa nagusitzen da; euskara da hizkuntza nagusia; ezker abertzalearen ideologiarekin sintonian daude; azpiegitura handien kontrakotasuna ageri dute; nazioarteko gertakarien ikuspegi selektiboa egiten dute (AEB inperialismoa salatzeko, Irlanda independentzia aldarrikatzeko eta Palestina autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko).
Hamarkada | Musika anglosaxoia | Euskal musika |
1930 | 29ko krakaren ondoren, trantsisio garaia | |
1940 | Patriotismoa | |
1950 | Gerra hotza | |
1960 | Magnizidioak, Vietnam, GGEE | Eraildako 1. ETAkideak |
1970 | Vietnam | Estatuko indarren indarkeria (martxoak 3) |
1980 | Nazioartekotzea eta gai sozialak (hiesa, ekologia), Berlin | Gerra zikina, ZEN plana, Euskalduna, Martuteneko ihesaldia |
1990 | Terrorismoa, IRA, institutuetako erailketak | Galindo, Miguel Angel Blanco |
2000 | Islamiar terrorismoa, bankuen porrota, 11S, Guantanamo | 1998: 18/98, Eginen itxiera _______________________________2000: ETAkideen erailketak, Euskaldunon Egunkaria, Hondarribiko Jokin, Nafarroako diskotekak |
Ikerketaren arabera, aztertutako 1.803 kanta horien %80 gehien errepikatzen den aktualitateari lotuta daude; %82k eduki politikoa dute, euskal gatazkaren jira-biran ari dira: borrokarako deia, presoak eta euskara. Kanten %33 gazte mugimenduen eta gai sozialen ingurukoak dira, hauen artean, berdintasuna aldarrikatzeko eta indarkeria matxista salatzekoak dira aipatzekoak.
Tesiaren egileak 10 ondorio atera ditu:
- Aktulitateari lotutako 1.300 abestitik gora daude
- Testuak kalitatezkoa dira
- %70 eduki politikokoak dira; gizarte politizatu baten bizi gara eta konpontzeko auzi bat daukagu
- Eduki politiko errepikakorra dute
- Hizkuntzaren eboluzioa nabari da, 1983tik aurrera lotsagabeagoa
- Estiloen transbertsalitatea
- Gai sozialen garapena: garai baten intsumisioa; gaur egun indarkeria matxista
- Ezker abertzalearekin bategitea, koinzidentzia, ez derrigorrean militantea
- Nazioarteari begirada selektiboa
- Euskararen nagusitasuna, 10etik ia 9, topical song euskaraz dira
Joseba Martinek topical song terminoa ulertzeko playlista osatu zuen eta tesiaren defentsan jarri zuen. Egunero Radio Euskadiko La Jungla sonora irratsaioa egiten duen era berean musika jarri zuen ekitaldian. Entzuleak: tribunal akademikoko kideak izan ziren.
Eskerrik asko Joseba Martin, emandako laguntzagatik. Tesian aurkeztutako bideo musikalen bilduma osoa:
Kortatu, Sarri-Sarri; Billy Joel, We didn’t start the fire; Garth Brooks, The change; At The Drive-in, Invalid litter dept; Fort Minor, Kenji; Pearl Jam, Jeremy; The Cranberrys, Zombie; U2, Sunday Boody Sunday; Elvis Costello, Shipbuilding; Bruce Springsteen– American skin (41 shots); Tom Paxton, Lyndon Johnson told the nation; Crosby, Stills, Nash, & Young, Ohio (Studio Version); La Oreja Van Gogh, Jueves:; Max Roach We Insist!; Nina Simone Mississippi goddam!; Rage Against The Machine, Killing in the name; Karim Salama, A land called paradise;Death Cab for Cutie; Franklin Lopez, George Bush don’t like black people; The Wolf Tones, The Guilford 4.
OH1: Spotify-ren bidez Joseba Martinek aukeratu zituen abestiekin playlista osatzen saiatu naiz, baina Garth Brooks, The Cranberrys, Karim Salama eta Franklin Lopez-en abestiak falta direnez, aukeran, bideoklipen bidez jarrai dezakezue topical song hauen zerrenda.