Etxe berrira etorri ginenetik egiteko
neukan eta gaur ausartu naiz; argazki eta margolan bilduma
batzuri hautsa kendu, ordenatu eta gorde.
Horrelakoetan ohikoa
izaten den bezala, denboran atzera egin dute nire oroimenek. Batez
ere margolanak noiz egindakoak ziren ikusi dudanean: 1984! Justu gaur @boligorriak, Zuloak dokumentalari buruz idatzi
duen artikuluan aipatzen den urte bera.
11 urte nituen nik orduan, hortaz,
orduko oroimen nahiko infantilak ditut. Baina bada oso gogoan
daukadan kapitulu bat; orduko soinu bandaz nabil. Gure aitak udaro
kanta bildumak grabatzen zituen autoz egiten genituen bidai
amaigabeeak eramangarriagoak izan zitezen. Granadaraino joaten ginen
orduan, familia bisitatu eta kostaldeko campingen batean hilabete
osoa egiteko; orduan bai, hile osoko oporrak izaten ziren! Baina,
justu 1984an, ez ginen Andaluziaraino joan. Errioxako camping batean
pasa genituen abuztuko egunak; Los Angelesen jokatu ziren olinpiar
jokoekin lotzen ditut opor haiek; oñatiar familia batekin koinziditu
genuen; ume bi zituen bikoteak eta gu lau neska-mutiko ginenez,
koadrila majoa egin genuen.
1984ko urtea, aitaren “impactos 82”
eta “impactos 83” kanta bildumen ostekoa da. Oraindik gordeta
dauzkat kaset zinta horrek biak, baina 1984koa ez dut aurkitu;
lastima, ze, urte horretakoa da Madonnaren Like a Virgin diskoa. Bera
izan zen nire megalomaniaren erruduna. Aitak ekarri zidan biniloa,
zintan grabaketak egiteko. Orduan ere pirateoan aritzen ginen, ez
pentsa! Atzamarra kaset zintaren zuloetan biraka erabiltzen genuen,
kantak segi-segian grabatzeko, tarterik ez uzteko euren artean; eta
zinta amaitzear zela, esteroaren kontagailua zeroan jarri, zinta
aurrerantz pasa, amaitzeko zenbat geratzen zen ikusi, eta grabatzeko
azkeneko kantari bolumena jaisten genion, derrepentean ez bukatzeko.
Ja! Hori bai teknologia!!! Hala daude “impactos” zintak
grabatuta. Ferro eta Chromo dira, hortaz, kaset-zinta sendoak dira.
Ba justu gaur aurkitu ditudan 1984ko
margolanen atzeko partean CajaLaboraleko (Caja Laboral
Popular-Euskadiko Kutxa) 1984ko ekaineko egutegiaren orri agertu da.
Bota aurretik argazkia atera diot, bitxia iruditu zait.
Margolanak
nire lehengusinak egindakoak dira.