Lekuz kanpo sentiarazten nauten lekuetako baten izan naiz

Izan badira lekuz kanpo sentiarazten nauten lekuak. Gaur, esaterako,
sentsazio horixe izan dut Leioako campusean. 21 urte joan dira
lehenengoz joan nintzela. Gogoan daukat orduan ere antzera egon
nintzela; batera eta bestera begira, eraikin erraldoi eta zuloz beteriko
haiekin harrituta, txundituta, flipatuta.

Gaur goizean ere antzera
ibili naiz handik. Eraikinak handiagoak dira orain, gehiago dira
gainera, eta izango dira, zeren gruak nonahi ziren eta obretako kamioiak
lurra ateratzen zebiltzan geratu barik eta aparkaleku bila jende mordoa
bueltaka eta gazteak han eta hemen, fakultatera iritsi bitartean
guztiak gazteleraz…

Lekuz kanpo sentiarazten nauten leku
horietan betiko galdera egiten dut golkorako. Alegia, igarri ote didate
“lekuzkanpo” hori? Berehala jarreraz aldatzera derrigortzen dut nire
burua eta oinkadak sendoago eman ohi ditut, nora noan jakingo banu
bezala-edo. Defentsarako teknika sinplea da, baina sentsazio kantsagarri
hori gainetik kentzeko balio izaten dit, gutxienez.

Gaur, baina,
kosta egin zait lekuzkanpo sentsazioa disimulatzea. Hasteko, galduta
ibili naiz eraikin artean, autoa, holako batean, aparkatzea lortu
dudanean. Fakultatera sartzen asmatu dudanean, atzeko atetik,
printzipalera bidea ez dudalako asmatu, pasillo estu eta luzeek
klaustrofobia sentsazioa eragin didate. Eskerrak aurpegi ezagun bat
topatu dudan laster eta gidari izan dudan bertan egon naizen denboran.

Baina,
ateratzerakoan ere, gauza bera sentitu dut berriro: lekuzkanpo
nengoela. Unibertsitateek imajinario kolektiboan (eta ipar ameriketako
serie eta filmeei esker) izaten duten “ohiko” itxura ez dauka Leioako
campusak. Esan nahi dut ez dela jende grisa, isila, gorbataduna, handik
dabilena eta eraikinak ere berriak, modernoak, dira. Baina handia
iruditu zait espazio hori guztia; berdegune gehienak eraikinez estali
badituzte ere, zonaldeak itzela izaten segitzen du eta ni txikia sentitu
naiz, oso txikia, galduta.

Kategoria: Ispiluari begira Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude