Zenbakien magian erortzear; ez da posible!

Iturria: Irekia – Eusko Jaurlaritza

Curso de Periodismo de Datos izenarekin
Jaurlaritzak antolatutako saio baten izan nintzen atzo arratsaldean,
Lehendakaritzan. Gaia nondik nora zihoan susmoa banuen arren, ez nekien zehazki zertara nindoan; baina, nire sorpresarako –oraindik harrituta nago!–, oso gustura egon nintzen eta onena da administrazioa eskuzabalagoa balitz datuak publikatzeko orduan, askoz ere lan interesgarriagoak egiteko eta argitaratzeko aukera izango genukeela herritar guztiok. Egia esateko, irakasten aritu zen tipak, Mar Cabra (@cabralens) izeneko neska gazte eta estusiastak, zeresan handia izan zuen nire inpresio positiboan. Erabat maitemindua dago datu-kazetaritzarekin eta hala transmititu zigun hasiera hasieratik eta 21:15ak bitartean. Zenbakiak sekula ez zaizkit erakargarriak izan; baliteke matematiketan oso txarra izan naizelako beti. Baina atzo hantxe aritu nintzen Google Refine zer den eta nola funtzionatzen duen saltseatzen eta trasteatzen. Behin datuak eskuan horien irakurketa errazteko tresnak dira atzo ikusi genituenak, baina arazoa lehenago hasten da: datuen eskuratzean. Hortxe daukate Civiokoek beste erronkatako bat: gardentasuneko legea onar dezala Espainiako gobernuak. Izan ere, gobernuak esan duenez, “kasu egin
die” jasotako ekarpenei, baina badago artikulu zehatz batzuk,
gardentasuna mugatzera datorrena, eta hori ez dute aldatu eta ez dirudi
horretarako asmorik dagoenik.

Hala ere, 2009an Bartzelonan egon nintzeneko
sentsazio berberarekin atera nintzen kurtsotik: tresnak ezagutuz gero,
informazioa sailkatzea eta horiek ondo komunikatzea da ikasi behar duguna eta horretan aritzen denari hain era positiboan entzuteak krisiaren grisari
bestelako kolore bat, edo gutxienez tonalidade bat, ematen dio.

Udaldi luzea izango dudanez aurten, gaian gehiago sakontzeko astia hartuko dut.Datorren ostegunean sakontze saio bat egingo
dute Bilbon; horra ezingo naiz joan, baina uztailean udako ikastaroan izena
emana daukat, gehiago ikasteko asmoarekin. Bitartean atzo lehenengoz ikusi nituen tresnekin jolasten jarraituko dut, benetan interesgarria iruditu baitzait.

Kategoria: Kazetaritza Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude