Goiena, komunitate multifuntzionala

Hamar urte joan
dira! Atzo hainbati gogorarazi nien, Mikel Irizarrek esan zigula orain dela 10
urte “kazetari multifunzionalak” izango zirela Goienakoak. Orduko
langileetako batzuei “susto” aurpegia geratu zitzaigun, zer zen
asmatu ezinda. Atzokoa ikusita, ordea, bidea ondo ikasi dela azpimarratu behar
dut. Lankide ohiak Goiena berriaren lehenengo zenbakia amaitzen ari ziren Amaia
antzokiko hallean; Goiena TBkoak, berriz, fotokolean elkarrizketak
egiten, Arrasate Irratia zuzenean saioa emititzen eta Interneten ere ekitaldi
guztia jarraitzeko aukeran lanean besteak. “Multifuntzionalak”;
Itxaro Zubillagak esan zidan moduan, ondo ikasi genuen hura. Eta, Amaian hitza
hartu zutenetakoei entzunda ere, Debagoiendarren artean batetik, eta
erakundeetako ordezkarien artean bestetik, zabaldu da mezua, egin du bidea
proiektuak eta arrakasta izan du “komunitateak”.

Zer litzateke
euskarazko komunikabideen sektorea Goiena modukoak balira eskualde guztietan?

Bere egunean
bazegoen Goienaren asmoaren atzetik, eredua zabaltzearen esperantza. Eredua
beste eskualde batzuek ere bere egin zezatela. Goiena, baina, Debagoienean
geratu zen; saiakera bat izan zen Durangaldean Anbotorekin, baina ez da osatu
komunitate gisa. “Goienak lortu du eskualdeko herrien arteko harremanak sendotzea,
euskaraz informatzea normal-normala izatea, komunitate handi bat izatera heldu
da”, esan zuen Estepelan Plazaola Goienako Mr. President-ek.

Gipuzkoako kultura
diputatu Maria Jesus Aranburuk esan zuen “ezinbestekoa dela eguneratuta egotea,
baina zertarako jakitea ere garrantzitsua da”. Eta Goienak badaki, Goiena
proiektura orain hamar urte batu zirenek jarri zuten giza baliabideak eta talde
esfortzuak, argi zuela zertarako zen bazekitela: eguneratu egin ziren orduan
Debagoieneko herriz herriko komunikabideak, eguneratu egin zen komunikatzeko
modua eta eguneratu egin ginen guztiak, baita herritarrak ere, informazio
hartzaile eta informazioaren protagonista gisa. Eta hori dena, euskaraz, gure
hizkuntzan. “Euskara gure hizkuntza da eta egon nahi dugun guztietan egongo da
euskara”, esan zuen Aranburu andereak eta beste hedabideek ere ispilu honetan
begiratu beharko luketela ere.

Garrantzitsua da
erakundeek ere era horretako egitasmoak babestea. Debagoieneko Udalak
hasieratik inplikatu ziren Goienan, bazkide dira. Lourdes Auzmendi Hizkuntza
Politikarako sailburuordea ere Amaia izan zen atzo. “Interesarekin jarraitzen
du Sailak hau guztia, euskararen aurrerapausoetan guztiz garrantzitsua delako”,
adierazi zuen Auzmendi andereak. “Hizkuntzaren erabileran bete-betean asmatu
duzue, zuzentasuna zaindu, baina baita ere tokiko ñabardurak mantentzen
dituzuelako”, gehitu zuen.
Hizkuntza
Politikarako sailburuordetzaren 2011ko aurrekontuak 1,6 milioi gutxiago izango
ditu.
Espero dezagun, benetakoa izatea “interesarekin jarraitzearena”,
komunitateak, euskal komunitateak, era horretako proiektuak behar-beharrezkoak
dituelako eta, HPSkren aurrekontuaren murrizketak kalterik ez eragitea Komunitatean, beste erakundeen kasuan gertatu den moduan

Kategoria: Ispiluari begira, Kazetaritza Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude