Berriako politika arduradun Pello Urzelaik Jose Antonio Pastorri egindako elkarrizketaren sarrerakoan idatzitakoak atentzioa deitu zidan atzo: “Bilboko bulego berrian, Sabin Etxearen kale berean, erantzun ditu BERRIA-ren galderak”. Inora ez doan informazioa da, baina morboa badauka; jakinda gainera orain arteko sailburuetako asko han hartuko dituztela, Sabin Etxean. Agian, EAJ eta PSEren arteko elkarlana hortxe inguruan hasiko da? Ikusteko dago. Dena dela, Correoren azala askoz sinpatikoagoa zen. Begoña nahikoa ez eta, Bilboko gotzain Ricardo Blazquez eta Donostiakoa Juan Maria Uriarte ageri ziren Josu Jon Imazek zuzentzen duen enpresak patrozinatzen duen Athleticen elastikoa erakusten. Gogora etorri zait: Jaunak eman, Messi-as-Jaunak eraman. Ikusteko dago.
Bihar, berriz, bi hilabete eta lau egun beranduago, lehendakari berria izango dugu: Patxi Lopez bozkatuko dute Basagoitiren neska-mutilek. Ikusteko dago, baina bobernu berriak egingo duen politika; baita Pastorrek atzo zioena: “Gu ez gara joango euskararen kontrako politika batera”. Ikusteko dago.
Oharra: Asteleheneko Goienkaria tokatzen zitzaidala-eta, idatzi nuen atzo hau, horregatik daude izen propioak beltzez eta da asteburuko kontuak gogora ekarri. Baina datorren asterarte etzait txanda tokatzen; hala ta be, idatzita neukanez, hona ekartzia pentsau dot.