Solaskide ikusezina

Atzera ikusi dut autobus geraleku ondoan, lurrean eserita, bizitza amaitzear balu bezala erre eta erre. Baina ez zegoen bakarrik; oraingoan ere, beste inork ikusten ez zuen hari begira zen bera, harekin hizketan ari zen gainera. Entzun egin nion. Zera esaten entzun nion: nola ez diot bada kasurik egingo? Zuk ere ondo dakizu zer den inork ez ikustea, inork ez erantzutea, inork kasurik ez egitea, ezta?

Eta arrazoia zuen. Izan ere, beste inork ikusten ez zuen bere solaskide hark, beragatik izango ez balitz, ez luke inorekin hitz egiterik izango. Eta ondotxo zekiten biek; batak bestearekin hitz egin ezean, inork gutxik erreparatuko luke batean zein bestean. Ke isuri amaigabea zuenak gizon ikusiezinaren beharra zuen, aspaldi sumatua zuen. Eta berak bakarrik ikusten zuen gizon ikusezinak ere zigarro erretzaileari zor zion hain ikusezina ez izatea. Azken baten horixe behar izaten dugu gutako bakoitzak bakardadeari ihes egiteko edo bakardadean oharkabe eta erremediorik gabe ez jausteko: solaskide bat. Guk gurea eta berak berea esateko esparru komun batean aritzeko solaskidea. Bestela, eta inori kontatzeko aukerarik izan ezean, gure existentzia ere dudan jartzeko arriskuan bizi baikara. Horregatik eskertzen zuen berak gizon ikusezinarekin topo egin izana, eta ondo baino hobeto zekien, barru-barruan bada ere, ikusezinak ere bihotzetik eskertzen ziola solaskidetzarako aukeratu izana.
Eta horrela aritzen ziren egunero; batek beste inork ikusten ez zuen hari begira eta berriketan; eta batek daki, agian, beste inork ikusi eta entzuten ez zuen hark erantzun egiten zion.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

2 Responses to Solaskide ikusezina

  1. egilea: Desplazatua

    >
    Errealitatea…., fikzioa…..
    Bata zein beste, ezta! Kasu honetan, erdi eta erdi.

  2. egilea: gurpil

    Errealitatea…., fikzioa…..

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude