Lopez de Gereñu garraio sailburuak esan du gaur bertan “jada ez dela trenaren egokitasunaz eztabaidatzeko garaia”. Gaur bertan sinatu dute Jaurlaritzak eta Madril gobernuak euskal tren azkarra egiteko hitzarmena. Pozik agertu dira erakunde bietako ordezkariak, eskuduntza izan ez arren, estatutuaren mekanismoak ahalbidetu egin duelako lanei ekiteko dirua lortzea (ikusiko dugu zer eragin dakarren gero horrek beste arlo guztietan). Dirua balitz guztia, ezta Lopez Gereñu anderea? Bilbon ere tren sozialaren plataformak beste sinadura ekitaldi bat egin du. Sinatzaileek diote ez daudela trenaren kontra, baina Jaurlaritzak egin nahi duen trena baino merkeagoa, ingurumena gehiago errespetatuko lukeena eta gure herriarentzako aproposagoa litzatekeen tren proiektu baten alde daudela esateko elkartu dira. Abiadura ez da arazoa; nahiz eta askotan damutzen zaigun horixe pentsatzea errepidera ateratzen garenean.
Abiadura Handiko Trena, Lastertasun Handikoa, Tren Azkarra, Euskal Y-a… Zergatik ez trena eta kito? Euskal Herriko lurraldeak lotzeko trena litzateke azpiegiturarik garbiena, baina gure orografiak mugatzen gaituela onartu beharra daukagu. Baliteke Araban arazorik ez izatea trenbidea eraikitzeko, baina behin Gipuzkoara sartuta edo Bizkaira jota, txarto samar ibiliko gara mendia zulatu edo apurtu ezean.
Ez dut nere burua ekologistatzat; autoa egunero erabiltzen dut, kontsumitzeko orduan ez diot erreparatzen zertaz egina dagoen erosten dudan horri (ezta non edo nola eginda dagoen ere)… Hori kontuan izanda hipokrita samarra litzateke nire aldetik argumentu ekologistak erabiltzea orain, hala ere, Gereñu andereari galdetu nahi nioke: “egokitasunaren eztabaida barik, zuek aukeratu duzuen ibilbidearen egokitasunaz behintzat eztabaidatzea legezkoa izango da ba?
Nahiko nuke trena egiten denerako guztiontzako aproposa izango den azpiegitura izan dadila trenoi; ni neu behintzat desiratzen nago autoa aparkatu eta trena hartu ahal izatea.