Berbei biraka

Eta azkenean BECen izan ziren guztiak edo ia guztiak. Baita segurtasunaren zaindariak ere. Grande-Marlaskak telebistaz ikusiko ote zuen zapatuko ekitaldia? Raxoi eta bere lagunek ikusi zuten eta horren kontura jardun zuten zapatuan gaizkiesaka. Horren kontura eta baita Maragallek eta gobernu kideek Zapaterori aurkeztu dioten estatutaren kontura, jakina. Hori ere txarra baita Kataluniarendako, eta zela ez, Espainiaren batasunerako. Biraka, beti gai berdinen gainean. Eskerrak lantzean behin bestelako birak ere egiten diren.

Egubakoitzean, esaterako, Elgetan aritu ziren biraka, Otehitzari biraka Mireia Gabilondoren eskutik. Dantza, musika eta hitzak, Oteizaren inguruan biraka dituen ikuskizunak bete egin zituen Elgetara gerturatu zirenak.

Hitzak, han entzun zirenak, behintzat bai, ondo esanak eta argigarriak. Horregatik, agian, hitz eder eta argigarriak esaten eta batez ere idazten dakielako aukeratu dute Bernardo Atxaga, Euskaltzain izateko. Oraingoz hautagaia da, baina hitzak sortzen barik sortutako hitzekin aritzen diren idazleek Euskaltzaindian lekua izan dezaten ordua badelako ere, aukeratuko dute euskaltzain oso Bernardo.

Gaur, baina, derbi biharamonaren astelehena izanda, kirol berbak dabiltza biraka; eta horrek ez dira, futbol zelaietan ez bederen, inoiz ederrak izaten. Biraka aritzen direnak biraoak izaten dira han. Atzoko derbian ere izango ziren ba.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude