Life resorts baten biziko naiz

Domeketako egunkarietan artikulu nahikoa diferenteak egoten direla eta, nahi barik, baina gaur horren bila ibili naizela ematen du. Eta, hara, DVko Expectativas ekonomia gehigarriko artikulu batek eta Noticias de Gipuzkoa egunkariaren *economía gipuzkoa* saileko erreportaje batek aspaldian geldi samar izan dudan blogera itzularazi naute. Life resorts delakoari buruz idatzi du Fernando Lopez izeneko batek (“Sanyres Mideterráneo”:http://www.jubilo.es/asp/pagina.asp?IDPagina=1426 enpresako zuzendari orokorrak) iritzi artikulu baten. Antza denez, life resorts horiek bizitegi-guneak dira. Hirugarren adinekoentzako bizitokiak. Espainian Mediterraneo aldean eraikitzen hasita ei daude horrelakoak, Europako erretiratuentzako. Lopezek dionez, “Espainian 2059 urtean 52,5 milioi pertsona izango ei dira eta horietatik 21 milioi lagun 55 urtetik gorakoak izango dira (%41,7)”. Horrekin batera azaltzen du “Espainia dela, eta hor Valentziako Erkidegoa, adinduen munduko bigarren turismo gunerik preziatuena (…)”. Europako Florida ere deitzen omen diote Mediterraneoko kostaldeari. Joan Manuel Serratek horren gainean zer iritzi duen ez du esaten ordea, Lopezek.

Ba artikulutxo hori irakurri ostean, Gipuzkoako egunkari berriaren ekonomia tarteko artikuluari egin diot begiratua. Titularrean dio “MCCk hiru urtetan 8 milioi euro fakturatu nahi ditu laguntza edo asistentzia sektorean”. Mondragoeko kooperatibistek, GSR zerbitzu enpresari esker, bederatzi osasun etxe eta hiru etxeko zerbitzu gestionatzen ditu (140 lanpostu ditu eta 208rako 300 gehiago izan nahiko lituzke) oraingoz.

Eta, nire artean pentsatu dut, MCCk egin nahi duena premiazkoa izango dugula gutariko askok adin nagusi horretara heltzen garenean. Kontuan izanda gure familiak geroz eta txikiagoak direla eta jada inork ez duela bere zaharrak etxean zaintzearen aldeko apustua egiten. Jakina ez dugu aukera hori egiten erosoagoa delako beste norbaitek zaintzea. Gainera, etxean gure zaharrak zaintzen gero ezkero, nork ordainduko digu bada lan hori? Baina hori beste eztabaida bat litzateke (GOITBko Berbaire solasaldi saioan aritu ginen joan zen astean gai horretaz, Jaurlaritzak emango dituen laguntza batzuk direla eta).

Tira… Aukeran life resorts horietako baten bizitzearen alde egingo nuke nik. Hasieran aipatu dudan Lopez horri ulertu diodanez, oporraldietara Mediterraneora joan direnak hain gustura egoten dira han ze, erretiroa hartu ostean, hara bizitzera joatea erabakitzen dutela. Eta, horientzako propio sortzen ari dira life resorst delakoak: osasun eta edertasun zerbitzuak eta kultura eta kirol ekintzak dituen bizitzeko gune zoragarriak “erretiroa betetasun eta zoriontasun epe bat legez bizitzeko”.

Ez al zaizue zoragarria iruditzen?
Lastima hainbeste itxaron behar izatea betetasun eta zoriontasunez beterik bizitzeko!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Life resorts baten biziko naiz bidalketan

  1. egilea: Patxi

    Nere izeba bat, Suitzan bizi izandakoa, bertan bi alabak bizi direla, Alicantera jun zan bizitzera, osabarekin batera. Osaba hil zan, duela hiru urte, eta harrez gero bertan dago bakarrik. Eguzkia, life-resort, eta munduko erosotasun guztiak baina…

    Ze berotasun klase bilatzen dan, hortxe aldea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude