Atzo gauean BECn izan nintzen harrotasunaren pertsonifikazioa ikusten. Loquillok emanaldi bikaina, eta jendetsua, egin zuen eta DVDa grabatzeko erabiliko ei du atzoko emanaldia. Berandu joan ginen. Mutil lagun talde batekin joan nintzen eta, jakina, guztiak bizkaitarrak zirenez, Athleticek partidua amaitu arte ez ginen telebista aurretik mugitu. Azkenean, ez zuen partidurik irabazi Clementeren hamaikakoak.
Egubakoitzean jazz pixka bat entzuten egon nintzen. Bill Evansek Euskal Herrian egin duen emanaldi bakarra entzuteko aukera izan nuen. Hura ere bikaina!
Loquilloren kontzertuko argazkiak Iban Gorriti argazkilari durangarrarenak dira. Eskerrik asko, Iban!
Loquillok sasoiko jarraitzen du; handi-handi eta sasoiko. Bera baino tipo dotoreagorik taula gainean, gutxi. Hainbat aldiz ikusi izan dut; aurreko guztietan Bergarako Jam aretoan izan da. Gabonetan bisita egin du Bergarara bere urtebetetzea ospatze aldera. Oraingoan, antza, ez da Bergarako joango. Hortaz, atzo joan ginen lagunak eta neu Barakaldora. Autoa Etxebarriko parkinean laga eta metroa hartu nuen San Inaziora lehenengo eta gero handik berriz, Athleticen partidu ostean, BECra metroz.
Hasita zegoen bertara iritsi orduko, jakina. 21:30ean zegoen hasiera ordua iragarrita eta zuri-gorriekin elkartu nintzenez, partidua amaitu arte mugitu barik. En fin!
BECera iritsi orduko aho zabalik geratu nintzen. Hura zen jendetza. Azkenekoz, Leny Kravitz ikustera joan ginen bertara eta atzokoaren erdiak elkartu ginen kontzertua ikustera.
Baina, jakina, Loquillok zale gehiago ditu gure artean. Eta, merezi du bai tipo horren tamaina, portea, ikustea. Ohiko legez, jantzi beltz dotore bat aldean zuela, tupea ondo baino hobeto orraztuta eta sekulako harroputz itxurarekin zegoen taula gainean.
Betiko kantak jo zituztenetan jendea txoratu antzera egiten zen: El rompeolas, Cadillac solitario, Rock and Roll star
Kanta berriagoekin, benetako zaleak emozionatzen ziren.
Kolaborazio gaua
Fito eta Sabino Mendez (aurreko kantetako batzuen egilea) izan zituen gonbidatu Locok. Kanta banatan parte hartu zuten bi musikariek.
Zelako argazkia: Fito eta Loquillo. Luzea da Badalonakoa, baina Fitoren ondoan, biak ere musikari handiak izan arren, aldea nabarmenagoa egin zen.
Kontzertu polita izan zen. Txarrena jende guztia batera atera behar izan ginela handik eta 10.000 bat lagun egon ei ginen. Denbora egite aldera, jatetxe txinatar batera joan ginen, garagardo txinatarra edatera.
Jazz gaua
Egubakoitzean, berriz, Bill Evans saxo-jotzaileak Euskal Herrian egingo duen emanaldi bakarra ikusten egon nintzen Elgetako Espaloian
Esperientzia polita izan zen. Lanera joan nintzen. Asteleheneko Goienkarirako artikulua egin behar nuen eta han izan nintzen Errabalekoekin afaltzen. Jazz zale mordoa elkartu zen Elgetan. Hainbeste zirenik ere! Baina, jendeak atsegin du musika estilo hori. Ez dago letrarik, erritmoa jarraitzea ere batzuetan zaila egiten da, baina gustura entzun nuen emanaldia. Gaztelupeko Hotsakeko Xarra eta Ubane eta hauen hiru semeak (hiru biolin-jotzaileak) izan nituen ondoan, baita Iban Arantzabal, anfitrioi lanetan ere.
Haritz Gallastegi elgetarra eta aspaldiko laguna ere ikusi nuen. Hau ere, arduratuta dabil aspaldian Athletic dela eta ez dela. Zale moduan, ondo etorriko zaiola dio Clemente taldeari; kirol kazetari moduan, ordea, ez dauka hain argi: Berez ere nahi duena egiten du Clementek eta orain, baimena izanda, nahi duena eta gehiago egingo du digu, esan zidan Haritzek.
Emanaldiari dagokionez, Goienako zuzendari nagusi Inaxio Arregik esan zidanez, fenomeno egon zen. Jendeak, 400 bat lagun, oso ondo pasatu zuen eta biolin-jotzaileak, Christian Howes, aho zabalik laga zuen bat baino gehiago bere atzar sendoen mugikortasunarekin.
Emanaldiaren ostean Zafari Project taldeak Debajazz Talde berrien lehenengo lehiaketako irabazle legez, saria jaso zuen. Hasier Oleagak jotzen du bateria taldean, Madrilgo eta Argentinako beste hiru musikarirekin batera. Aldaketa handia izan zen Bill Evans eta Zafari Project taldeek jazz erabat ezberdina egiten baitute. Baina, laukoteak ere zuzeneko polita egin zuen eta datorren hilean diskoa grabatuko dute, hortaz, adi egon beharko dugu.