Aurreko domekan Aretxabaletan izan ginan, Kilometroetan, hiru lagun.
Euripean, baina aurpegi ona jartzen saiatu ginan eta ondo pasau ginuan.
Eta, inguruko kaleak? Hura zen zikin mordoa: poltsa, botilak, katxiak Aterik zegoenez, neskato-mutiko gazteak batera eta bestera ari ziren; nesken atzetik korrika mutilak, mutilen atzetik korrika neskak Botellollaren zale mordoa lurrean
Arratsalde partean kalera jaistea tokatu zitzaidan; 16:00ak bueltan, eta aurretik ikusi bako giroa sumatu neban han. Sorkunen kontzertua amaitxuta zeuan ordurako, baina 8. gunea jendez gainezka zeuan. Lokaztuta gorarte, baina topera. Eta, anbulantziak ere dezente ikusi nitxuan.
Ez naiz aieneka hasiko; ez behintzat, neu be sasoi baten horrela ibilita banagoelako, baina gehien-gehien harritu ninduanak anbulantzien joan-etorri izan zen. Hamar minutuan hiru anbulantzia igaro ziren nire aurretik eta orduan ekin nion pentsatzeari: guk ez genuen horrelakorik egiten. Gu mozkortu egiten ginan, baina kristonak eta bi egiten genuen gurasoek ezer jakin ez zezaten.
Horretarako jakina, lagunen bat zeharo mozkortuta bazegoen, ez genion anbulantziari deitzen; berarekin geratzen ginen -jaia elkarri zapuzten geniola ere aitortu behar dut mozkorraldia pasatu arte. Etxera ez zen inor joaten gutxi gorabeherako itxura errekuperatu arte eta, jakina, gure gurasoei ez genien ezer ere aitortzen. Adiskidetasunaren gainetik ez zegoen ezer ere ez.
Gaur egun, ordea, badirudi, gazteek ez dutela astirik elkarri laguntzeko. Hori da behintzat pentsatu nahi dudana, hainbeste anbulantzia ikusita. Lagunak zaintzeko dira, baita mozkorraldietan ere.
Hori da behintzat nire pentsakera.
Ibilaldian ere ikusi nituen, Durangon, gaztetxoak mozkor-mozkor eginda. Trenean iritsi ziren asko, goizean goizetik, botilak erdizka ordurako erdia barruan zuten eta Nafarroa Oinezen ere errepikatuko da kontua. Baina, zergatik hainbeste anbulantzia?
Zelako tristea den egoera hori! Nik ez dakit lehen anbulantziarik ez ibiltzea jendeak elkar laguntzen zuelako izango ote zen. Dakidana da orain ikusten eta entzuten ditudan izugarrikeriak lehen ez zirela gertatzen. Edo nik, behintzat, ez nuen horien berri jasotzen. Nire inpresioa da arazoa larriagoa dela orain, jendea gazteago hasten dela edaten, eta baita bestelako neurrigabekeriak ere egiten.