Lolita, luz de mi vida, fuego de mis entrañas, mi pecado, mi alma

Vladimir Nabokovek bere Lolita deskribatzerakoan 9-14 urte bitarteko neskatoen artean birjinak sortzen direla zioen: “sorgindutako bidaiariei beren benetako izaera ez gizatiarra, baizik eta ninfikoa (hau da deabruzkoa) agertzen dioten birjinak”.
Berrogeita hamar urte bete dira asteon jatorri errusiarra, baina AEBn bizi zen Vladimir Nabokov idazleak Lolita argitaratu zuela. Adrian Lyne zuzendariak 1997an egin zuen Lolitaren zinerako azkeneko bertsioa, Jeremy Irons (Humber irakasle gaixoa) eta Domique Swain (lolita neskato txolina) aktoreekin. Baina, duda barik, Kubrickek egin zuen bertsioa dugu gogoan gehienok (1962). Zuri-beltzean egina orduan James Mason eta Sue Lyon aktoreek erakutsi zuten zer gertatu daitekeen Nabokovek zioen “artista eta zoroa” eta “ninfula” aurrez aurre jartzean:

“Gizon normal bati neskatoen argazki talde batetik ederrena aukeratu dezan eskatzen badiogu, ez du beti ninfula aukeratuko. Horretarako artista eta zoroa izan behar da: gizaki mugagabe malenkoniatsua, barrenean erretzen duen pozoi burbuila duena eta bizkarrezur leunean haragikeri gorena; lizunkeria garra piztuta duen gizakia izan behar du zeinu kontaezinekin gidatuz, bere indar zoragarriaz ohartu ere egiten ez den deabru txiki hiltzaileaz berehala ohartzeko (katu itxura duen masailalbo-hezurra, belus-antzeko gorputz-adar baten sentiberatasuna, eta beste hainbat zeinu desesperazioak, lotsak eta negar malkoek zerrendatzea debekatzen didatenak)”.

Asteon Lolita eleberriaren urteurrena zela eta telebista kate bateko albistegi baten erreportajetxoa eskaini zuten, dagoeneko erotismo gaiztoenaren eredu bihurtu den Lolita filmaren irudiak erakutsiz.

Kontua da, egun berean, telebista kate berean, Rafael Medina Feriako dukea zenaren alderdirik ilunenen gainean aritu zirela. Bost urteko neskatoa bahitzeagatik eta , argazki “pornografikoak” atera izanagatik espetxeratu zuten Nati Abaskalen ohia. Dukearen irudiak berriz ikustean, Humbert irakasle gaixoa etorri zitzaidan gogora. Hark ere nahikoa lan zuen Lolitak eragiten zizkion beroaldiak baretzen.

Julakopari eragiten zionean ere aho zabalik geratzen zen Humbert asmatu zuen Navokovek. Pasiorik baxuenetara iristen direnen erretratu bikaina egin zuen Lolita eleberrian.
Egunerokotasunean, ordea, poesiarik barik ingurura begiratzean, ez digute bere definizioek balio. Berarentzat Lolitak ez ziren gizakiak; gurean, ordea, horrelako gogoak dituzten gizonak dira gizaki ez direnak. Nabokovek Trasbals etxeak kaleratutako Los Monográficos de Apostrophes bideoan jasotako elkarrizketa baten zioen legez:”Humberten begirada maniakotik kanpo ez dago ninfularik. Lolita, ninfula, bakar-bakarrik Humbert suntsitzen duen obsesioan dago. Eta hori da arrakasta maltzur batek faltsutu duen liburu”.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude