Kultura beti galtzaile

Gerra ala krisi, beti ari gara kulturan galtzen

Krisi garaiotan murrizten den lehenengo aurrekontua kulturakoa izaten da. Kultura ez da lehentasuna izaten, BPGk gora egiten duenean, enpresek txip eroaleak faltan dituztenean, autoaren depositua betetzea inoiz baino garestiago denean, covid19ak pandemia eragiten duenean, ostalaritzari kasu gehiago egiten zaionean … kultura beti ateratzen da galtzen.

Eta zer esan gerra batean! Egunotan ari gara errebisionismoa sustatzen duten hainbat eta hainbat ekimenen berri izaten, kultura errusiarra debekatzeko, ezabatzeko, ez erakusteko …

Antza, ez gara gai artista eta bere jaioterria bereizteko; artelanaren sortzailea eta artelana sortu den herriko agintariak bereizteko, are agintari horrek beste herrialde bat inbaditzeko erabakia hartzen duenean. Orain denok egon behar gara Errusiako artelanen erakusketen kontra, zinema errusiarraren kontra, artista errusiarren kontra, eta vodkarekin egiten den Moskow Mule koktelari izena aldatu. Lehen Marxen Komunismoa ezin zen irakurri eta orain, berriz, Tolstoiren lanak ere erre beharko ditugu.

Imajinatzen duzue Kandinskyren margolanak erretzea errusiarra sortu zelako?

Natalia Goncharovaren artelana, Guggenheimen egon zenean.

Edo Natalia Goncharovaren (Nagaevo, 1881- Paris, 1962) koadro eder honi sua ematea, Errusiar inperioaren baitan jaio zelako? Guggenheimen ikusgai egon zen Emakumeak abstrakziogile erakusketan ezagutu nuen Goncharova margolari kubofuturista. Abstrakzioari emakumeek historian egindako ekarpenak erakusketa sekulako bilduma egon zen ikusgai museoan; egon zirelako baita Kandinsky baino lehenago emakumeak artelan abstraktuak sortzen: Hilma af Klint, suediarra, kasu.

Kontua da, deseroso sentiarazten nauela Errusiako presidenteak hartu duen erabaki guztiz gaitzesgarriaren ondorio izatea kultura errusiarra eta artista errusiarrak, den-denak, erruduntzat hartzea eta Putin eta bere soldaduak Ukrainako herriaren kontra egiten ari den sarraskia salatzea lotuta joatea Errusiako herriaren kontra egitearekin.

Jarraitzen dugu dena nahasten; egoerak ulertzeko beharrezko zaigun sinplekerien alde egiten. Gauza bat da Mendebaldeko agintariek Ukrainaren inbasioagatik Errusiako gobernuaren kontra hartu dituen neurri ekonomikoak babestea, presio-bide moduan eta zigor horietara gehitu izana, esaterako, Disney, Warner eta Sony zinema plataforma handiek hartu duten erabakia euren film berriak Errusian ez estreinatzeko –edo Netflix plataformak bertan behera laga izana Errusian ikusi ahal izatea–, enpresa multinazionalak izanik Mendebaldean ere negozioa dutelako eta bezeroak galtzeko prest ez daudelako; eta beste kontu bat da, gorrotoa zabaltzea errusiar herritarren kontra, kultura errusiarraren kontra. Talibanak saiatu ziren suntsitzen Afganistango artelanak (Bamiyaneko Buda erraldoia, kasu), eta gaitzetsi genituen. Ez gaitezen gu ere taliban bihurtu. Putinen kontra egitea ezin da izan herri oso baten kontra egitea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Gerra-gizonak eta emakume errefuxiatuak

Terribleak dira egunotan ikusten ari garen Ukrainako irudiak. Salagarriak dira beti gerrak, salatzekoa armen erabilera, kondenatzekoa guda oro. Baina egunotan ikusten ari garen irudiak, gizonak bulegoetan bilerak egiten, eta emakumeak ihesean seme-alaba, aiton-amona eta gaixoekin…

Irudia: Hürriyet

Gizonak gerran geratzen direla, edo gerrara doazela ari zaizkigu kontatzen Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik. Gerra legeak aginduta, 18 eta 60 urte bitarteko gizonezkoak derrigortu dituzte gerrara joaten. Eta, ondorioz, gainerako herritar guztiak derrigortu dituzte ihes egitera.

Iturria: TASS

Gizonek egiten dituzte gerrak; gizonek deklaratzen dituzte gerrak. Eta bitartean ari gara ihesean doazen milaka emakume ikusten, milaka ama, arreba, emazte, lehengusu, loba, iloba, amama, birramama…

Gizonak gerrak egiten dituzte eta emakumeak ihes egitera kondenatzen.

Kategoriak Ispiluari begira | Utzi iruzkina

Gerra zure hizkuntzan entzuten duzunean

Ukrainarrak euskaraz entzun ditut egunotan irrati bidez, gerra-lekutik

Gerra bizi izan duten lekukoak entzun izan ditut lehen ere, baina denak ziren Gernikaren bonbardaketatik, edo Durangokotik, edo Otxandiokotik bizirik atera zirenak. Entzun ditudanerako, denak ziren pertsona zaharrak. Denek berba egiten zuten lehenaldian. Denak ari ziren orain dela urte asko bizi izandakoaz.

Orain, ordea, entzun ditugu beste katastrofe batetik ihesi, umetan haizea arnastera Euskal Herrira etorri izandako gaztetxoak. Txernobil ez zuten bizi izan, baina bai haren ondorioak eta orain, berriz, gerra-lekutik ari zaizkigu. Eta euskaraz entzun ditugu. Eta are gertuago sentitu dut beldurra, ikara, desesperazioa, egoneza … Ileak tente jarri zaizkit Euskadi Irratian egunotan entzun ahal izan ditugun lekukotzak entzuterakoan. Eta gerra-lekuetatik, tamalez, urteetan entzun izan ditugun arren lekukotzak, hauek benetakoago sentitu ditut. Nire hizkuntzan entzun ditut. Umetan ikasi nuen hizkuntzan ari dira. Gure hizkuntzan egiten dute berba. Eta gerra benetakoago bihurtu dute, eta horrek beldur handiago eragin dit.

Emilio Morenatti, Associated Press agentziako argazkilariaren argazki honek eragin didan egonez bera eragin didate lekukotza horiek guztiek. Ez daude hemen, ezkutuan daude, ilunpetan sartu dira, lurpean… baina gurea hizkuntzan ari dira, ulertzen ditugu, guri ari zaizkigu hizketan, itzultzaile beharrik izan barik.

https://twitter.com/EmilioMorenatti/status/1500083973183217668?s=20&t=9XZKKLqnZoqaTq-1YpzXug

Emilio Morenatti@EmilioMorenatti·4 hUkrainians crowd under a destroyed bridge as they try to flee crossing the Irpin river in the outskirts of Kyiv, Ukraine, Saturday, March 5, 2022.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Ni, ni eta ni

Puntua, Goiena, 2021ko urtarrilaren 15ean

Berriro ere hunkitu gaituzte Ane Irazabal kazetari mondragoetarrak erakutsi dizkigun irudiek; Bosnia eta Kroazia arteko mugan, ehunka migratzaile egoera gizagabeetan: aterperik, jatekorik eta negurako jantzi egoki barik.

Iturria: Goiena, Puntua

Siriako migratzaileen kanpamenduetan 5.500 ume baino gehiago eskolara joan ezinda daude. Eta Ugandan, 13 milioi ikasletik gora dira martxoa ezkero eskola barik; tartean 600.000 ume errefuxiatu. Save the Childrenek emandako zenbakia dira. Izugarriak. Baina konpongarriak. Egin dituzten kalkuluen arabera, 50.000 milioi dolarrekin posible litzateke 59 herrialdetako 136 milioi haur atzera ere eskolatzea.

Baina zer dira, bada, pertsona horien arazoak, gureekin alderatuta, ezta? Derrigortu egin gaituzte bi metroko tartea gordetzera, egun guztia maskararekin ibiltzera, Gabonetan gehienez ere sei lagun baino gehiago ez elkartzera, tabernak iluntzeko 8etan ixtera, gaueko 10etarako denok etxera batzea, kontzertuetan denak eserita egotera, garraio publikoan isilik bidaiatzera, elkarri ez besarkatzera, ez ukitzera! Gure askatasunaren kontra jo dute!

Barkatuko didazue fribolitatea. Baina aspaldi honetan jarrera berekoiak areagotzen dabiltzala eta iparra galdu dugula dirudi. Gauza garrantzitsuen zerrendara gehitu ditugula gure zilborrari begira ardura digutenak eta ahaztu ditugula gurea baino egoera askoz ere latzagoa bizitzen ari diren milaka eta milaka pertsona.

Izan ere, ni ere kexa ninteke zela gurasoak ez ditudan aurrez aurre ikusterik izan abuztua amaitu zenetik.

Gurean Gabonak suspenditu genituen arren, lurralde arteko mugikortasuna atzera debekatu dute, aukera eman barik amaren etxera hurbiltzeko. Berriz ere bukle batean bezala gabiltzala dirudi, soka askatzen diguten bakoitzean beste inorengatik arduratu barik gabiltza eta, ondorioz, atzera ixten gaituztenean, dena dela kexa eta zalaparta. Eta, ez dugula pentsatzen zein insolidarioak garen eta ardura zaiguna, batez ere, dela gu ondo egotea, nahi duguna egin ahal izatea.

Argi geratu bada zerbait pandemia honetan da ez gaudela prest, oro har, gure bizimodua aldatzeko, ezta gu baino okerrago daudenen mesederako bada ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Zuek HBkuak izango zarete, ezta?

Gaur 20 urte Goienkaria astekariaren lehenengo zenbakia atera zela.

Gaur atzera gogoratu dut elkarrizketa. Goienkariaren lehenengo zenbaki hura. Elkarrizketa nagusia: Xabier Arzalluz. Astelehenean Sabin Etxera deitu eta martitzen arratsaldean baietz, joateko eguaztenean. Joan ginen Bilbora Eneko Azkarate eta biok eta bere bulegora sartu orduko bota zigun, bere ahots berezi harekin:

–Zuek HBkuak izango zarete, ezta? Esan lasai, e! Ni PNVkua naiz!

–Bueno, gu elkarrizketa egitea etorri gara– bizkor ibili zen Eneko.

Kontatu genion zer izango zen Goienkaria eta aste horretan bertan Bergarako batzokiaren mendeurrenera joatekoa zenez, lehenengo alerako bera elkarrizketatzea pentsatu genuela. Bergaran egongo zen egunerako kalean izango zen debagoiendarron astekaria! Eta han ibili zitzaigun, bere amaren aldetik Antzuolako Irala baserrikoak zirela…

Ez daukat ahazteko zela izan genuen zain Goio Arana elkarrizketa noiz bidaliko, maketarekin aurrera egin ahal izateko. Estu eta larri ibili ginen lehenengo elkarrizketa hura transkribatzen, baina iritsi ginen eta atera zen lehenengo Goienkaria hura, Debagoieneko astekari, hamabostekari eta hilabetekariak batu zituen eskualdeko astekaria. Erronka demasekoa zen, baina lortu genuen. A zelako lan-taldea! Hori zortea izan nuena!

Eta gaur irakurri dudanean “Gaurko egunez, duela 20 urte, jaio zen ‘Goienkaria’, Goiena Taldearen paperekoa”, gogoratu dut orduko haren erretratua ere banuela nonbaiten gordeta. Ze gazteak ginen!

Argazkia: Eneko Azkarate

Zorionak orduko lan-taldeari eta Goiena-kide guztiei! Biba zuek!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Distopia, zer distopia?

Puntua (Goiena), 2020ko azaroak 20

Zein antza izango du gure munduak? Aldous Huxley idazle britaniarrak imajinatu zuen “Bai mundu berria” eleberriarena, ala George Orwellek asmatu zuen “1984”arena?

Puntua, Goiena.

Arte telebista katearen erreportaje batean aritu ziren orain gutxi horren inguruan. Lehenengoan, genetikoki egokitutako gizakiak bizi dira, kastatan banatuta, gizatasuna kendutako munduan. Huxleyren distopia horretan, denok zoriontsuak gara, agintariek gure beharrak ase dituztelako eta, beraz, ez dugulako inongo iraultzarik egin behar. Bigarrenean, Anaia Handiaren kontrolpean bizi da gizartearen gehiengoa, ustez pentsatzeko eta erabakiak hartzeko gaitasunik ez duen gehiengoa, eta horren susmoa balego, agintzen duen gutxiengoak desagerraziko du. Alegia, Orwellen mundu distopikoan, hainbeste kontrolatuko gaituzte goikoek ezen ezingo dugun ezer aldatzeko –hobetzeko– ekimenik aurrera eraman.

Autore biak saiatu ziren etorkizuneko gizarte teknologiko aurreratua deskribatzen, hedonismoak hartutako mundu “naturala” batean; kontrolak hartutako mundu “normala” bestean. Horixe, zure normalitatea; alegia, gure askatasuna.

Eta, pentsatzen jarrita, bizi dugun 2020 honek ere badu, zati batean, distopia horien antza. Teknologiara gehiago lotu gara: lanerako, eskolarako, senideekin berba egiteko, lagunekin harremanetan jarraitzeko, poteo birtualak asmatzeko, dantza egiteko, musika kontzertuez gozatzeko, rol jokoetan jokatzeko, Durangoko Azokako erosketak egiteko… Bai, distopia horietan bezala teknologiaren bueltan antolatu gara. Baina ez dezagun hori baliatu teoria konspiratzaileetan jausteko. Bestela jausiko garelako gure tranpa indibidualistan, horrek garamatzalako norbanakoan bakarrik pentsatzera, gure salbazio partikularrean, eta komunitatea alde batera lagatzera. Ikusi bestela Trump: oraindik hor ari da AEBko hauteskundeak irabazi ez dituen gizona, “I won the Election!” txiokatzen.

Bizi dugun egoera honetan, lehentasunezkoak izan behar du elkar zaintzea eta birusari aurre egiteko gure esku ditugun babes neurri guztiak ondo erabiltzea. Asko direlako geroz eta okerrago dauden pertsonak eta egoerak: lan prekarioak zituzten bizilagunak, etxerik gabekoen herritarrak, Mediterraneo itsasoa edo Ozeano Atlantikoa zeharkatzen euren bizitza arriskuan jartzen duten pertsonak, gerra arriskuan bizi direnak…

Laga ditzagun distopiak zientzia fikziozko eleberrietarako eta baliatu dezagun munduaren ordena berriarena (holakorik balego) elkartasuna eta elkar zaintza oinarri izan daitezen

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Birus hilgarriak etengabe

Positibo faltsuen eskandalua zioen titularrak; Kolonbiaz ari zen. Hango armadak herritarrak erailtzen zituela, ustez, gerrillako kideak zirelako. Baina atzean zegoena zen militarrei gehiago ordaintzen zietela gerrillariak hiltzen bazituzten eta batzuen asmatu egiten zituztela gerrillariak. The Guardinek argitaratu du erreportaje luzea, “irakurketa luzeen” atalean. Mariana Palau kazetariak, besteak beste, aipatzen du San José de Apartadó herrian, Antioquia eskualdean, zortzi zibil erail zituztela militarrek 2005ean, gerrillariak ez zirela jakinda. Ez zen kasu bakarra izan.

Ander Izagirre kazetariak ere landu zuen gaia “Así se fabrican guerrilleros muertos” izeneko erreportajean, 2014an; prentsaren Europako saria eman zioten lan horregatik, 2015ean. Kolonbiako fiskaltzak 4.716 erailketa zenbatu zituen, ustez, indar publikoetako agenteek egindakoak.

Pasarte horiek irakurtzen gogoratu dut Alberto Salcedo Ramos kronista kolonbiarraren La eterna parranda liburua. 1997 eta 2011 bitartean argitaratutako kroniken bilduma da. Kolonbiako pertsonaia errepikaezin eta gertaera asko biltzen ditu, batez ere, hasierako kroniketan, tokian tokiko jendearekin eta, baita protagonistekin, izandako elkarrizketen bidez. Han kontatzen ditu Kolonbian garai batean esanguratsuak izan ziren gizonen istorioak: Rocky Valdez boxeolariarekin hasten da, baina txunditu ninduena Diomedes izeneko baten historia izan zen; hain justu liburuari izenburua ematen diona: “La eterna parranda de Diomedes” (3 ataletan atera zen aldizkarian).

Krudela da, eta barregarria aldi berean, nano toreatzaileena edo bizirauteko, imajinazioari eragin eta, txakurrentzako hiletak egiten dituen gizonarena.

La eterna parranda (2015)

Liburuaren hirugarren atalean ari da Salcedo Kolonbiako indarkeriaz. Aurreko ataletan bezala, modu gordinean, baina idazteko eta kontatzeko modu erakargarriari uko egin egin barik eta, ironia lagun.

Horrelakok jasotzen dira “Colombia: entre el esplender y la sombra” atalean. Hain justu hor irakurri nituen positibo faltsuen antzeko gertaerak; horregatik gogoratu naiz atzera liburuaz eta bertara jo dut berriro badagoelako kontakizun bat asko hunkitu ninduena, indarkeria pasarte izugarri bat. Hain da beldurgarria eta gordina kontatzen duena. El Salto izeneko herrixkan gertatu zen; hura ere, Antioquia eskualdean:

“Cualquier visitante desprevenido pensaría que se encuentra en un pueblo donde la gente vive su vida cotidiana de manera normal. Y hasta cierto punto es así. Sin embargo —me advierte Oswaldo Torres— tanto él como sus paisanos saben que, después de la masacre, nada ha vuelto a ser como en el pasado. Antes había más de 6000 habitantes. Ahora, menos de 900. Los que se negaron a regresar, por tristeza o por miedo, dejaron un vacío que todavía duele”.

2009ko uztailean argitaratu zuen SoHo aldizkarian “El pueblo que sobrevivió a una masacre amenizada con gaitas” izeneko kronika. Sekulakoa.

Hala ere, Kolonbian gertatutakoaren pasarte mingarri eta gordina kontatzen duen arren, Salcedok, bere kontakizunetan egin ohi duenez, harago begiratzeko baliatzen du. Eta kasu honetan ere, horixe egiten du, indarkeriak eragindako mina eta kalteaz gainera, badagoelako herrialde horretan, beste askotan bezala, mina are iraunkorragoa izatea eragiten duen errealitatea: desberdintasun sozialak, pobrezia, bizi baldintza ez duinak eta egoera horrek guztiak dakarren mina.

Gogoratuko ote gara, ordea, birus hilgarri horri erremedioa jartzeaz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

2 urte, 4 hilabete (eta egun bat)

Lander Garrok zuzendutako film-dokumentalaren harira, Puntua, 2020-09-11

Jakinda ere utopia bat zela, Conchita Salinasek 2 urte, 4 hilabete film dokumentalean esaten duen moduan, derrigorrezko soldadutzaren kontra egin zen borroka “borroka antimilitarista zen, bakearen aldekoa, armagintzaren kontrakoa, gerren aurkakoa”.

Ez zen, hainbatek esaten zuten bezala, soldadutzatik libratzeagatik; ez behintzat Antzuolako Intsumiso Taldean. Inplikatu egin ginen, Kakitzat mugimenduan parte hatu genuen, bileretara joaten ginen, manifestazioetara, herriko jaietako kamisetak egin ziren, pegatinak atera, txosna jarri jaietan. Eta epaiketetara joan. Guztiak ez ziren joaten eta atxilotu ere egin zituzten kideetako batzuk eta polizia-etxean gaua pasarazi zieten; eta aurretik espetxean hilabete batzuk egin zituenik ere egon zen, intsumisioagatik kondenatua espetxe zigorra betetzen. Alkatea ere kargua betetzeko gaitasunik gabe laga zuen epaile batek, soldadutzara joan behar ziren gazteak erreklutatzeari uko egiteagatik.

Horrekin guztiarekin gogoratu naiz Lander Garroren lana ikusten. Ez zelako bakarrik soldadutza egitea tokatzen zitzaien mutilen mugimendua izan; intsumisio mugimenduaren arrakasta komunitatearena izan zen.

Egia da gure belaunaldia inplikatu zenerako, bide luzea egina zuela intsumisoen mugimenduak, baita Antzuolan ere. Baina gure belaunaldiko mutilei tokatu zitzaienean buru-belarri ekin genion: soldadutzari ez!

Gogoratzen zarete udaletxean asteburuko baraualdia egin genuenekoa? Zenbat jende elkartu zen plazara atera ginenean? Taldea izan baitzen Antzuolako Intsumisoena; talde-lana, elkartasuna, kontzientzia hartzea.

Orduko une eta emozio asko gogorarazi dizkit dokumentalak. Egin kontu, Antzuolako intsumisoen abokatu Gorkarekin gogoratu naiz. Gure amak ez zuen ezagutu, baina haren telefono dei asko erantzun zituen, epaiketa-egunak noiz izango ziren esateko deitzen baitzuen.

Tamalez, derrigorrezko soldadutza bertan behera laga orduko amaitu zen intsumisoen mugimendua gurean ere. Ez genuen jakin mugimendu antimilitaristari eusten, ez genuen asmatu horretan. Baina, iraun zuen bitartean sekulako elkartasun olatuak hartu zuen herria eta hori, behintzat, ez daukat ahazteko.

Aukera baduzue, zoazte zinemara dokumentala ikustera; gainera, #kulturaseguruada.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Urtebete, di-da!

Joan da urtebete; oso-osorik joan ere. 365 egun, bere ordu, minutu, segundo eta urtaro guztiekin. Urtebete, beste behin ere, lanpostuz aldatu nuela bete dira justu gaur, irailaren 2an. Urte biren ondotik atzera ere egunero etxean lo egiten ahalbidetu zidan lanpostuan hasi nintzen gaur urtebete: 2019ko irailaren 2an ekin nion Euskadi Irratian, Bilboko egoitzan.  Harrezkero, tokatu zaiguna ikusita, lekutan geratu dira orduko nire kezkak! Nork esango zidan, zigun, 2019ko irailaren 2ko hartan, 2020ak ekarri diguna?

Hala ere, ikasturte berri honetan ere badaukat iaz bezala hasiera berri guztiek eragiten dituzten ezinegonak. Izan ere, egiteko berrian hasi dut 20-21 ikasturtea: albistegiak lagata, programetako lan-taldera gehituta. Aurrerantzean, Olaia Urtiagak gidatzen duen Baipasa irratsaioko lan-taldean arituko naiz, Bilbotik. Eta hau azpimarratzekoa iruditzen zait ze, lankide guztiak Donostian izango ditut eta Bilbon bakarrik egongo naiz. Tira, Euskadi Irratiak Bilboko delegazioan dituen lankideekin batera egongo naiz, jakina; baina, esateko, irratsaio horren Bilboko ordezkari neu ibiliko naiz, eta horrek ere badauka bere zera aldekoa eta kontrakoa. Baina horrek baino gehiago arduratzen nau, ordea, lankide berriekin konpontzen asmatzeak, izaera desberdinez eta erritmo anitzez osatutako lantaldean lekua aurkitzeak. Ze, zer gara, ez bada talde zaleak? Gure lekua topatu nahia bihurtu dugu gure bizitzako leit motive. Diogu ez zaigula axola besteek gugandik zer dioten, edo nola ikusten gaituzten. Baina, susmoa dut, postureo hutsa dela hori. Axola zaigu kidetzat onartuak izatea eta, nolabait, komunitateko partaide garela jakitea.

Kanpoan bakardade gehiegi dagoelako, hotz egiten duelako.

Albistegiko lankide bati entzun nion atzo 91 urteko gizonezko batek bere buruaz beste egin zuela, labainkada batez; adinekoen egoitza batean gertatu da. Atentzioa eman dit bere bizitzarekin amaitzeko erabakiak baino gehiago moduak. Baina, bere esku zuena erabili du gizonak. Bakarrik zegoen; sufritzen; emaztea galduta; bizi-pozik gabe.

Ohartu beharko gara komunitatea zaintzea, kide sentiaraztea, zaintzea dela gure esku badagoena. Zer bestela?

Ikasturte hasiera on guztioi! Jakinda ere, ez dakigula zer izango den datorkiguna eta orain artekoak ikusita, edozer izan daiteke. Oraindik ez da 2020 amaitu, baina atzera ere hasi beharra daukagu!

Kategoriak Ispiluari begira | Utzi iruzkina

Sorpresaz harrapatu nau besarkadak

Martxoaren 13an izan nintzen azkenekoz amarenean. Gaur, ekainak 12, atzera ikusi dut. Etxe-aldia lehenengo, eta deseskalatzearen probintzia artean mugitzeko debekuak gero, gaurko egunera ekarri gaitu. Eta, ez nuen espero; ez behintzat horrela izango zenik. Maskara jantzita igo naiz gurasoen etxera, jakinda besarkatu egingo ginela eta badaezpada. Baina ez nuen espero, inondik inora, amaren besarkada estua, amaren emozioa, ia negarrez hasteraino. Luze egon gara besarkatuta, elkar laztantzen. Ederra izan da, baina ez, ez nuen espero.

Antzuola, 2020ko ekainak 12.

Egunero egin dugu hizketan telefonoz, eta astean behin-edo elkar ikusi gara bideo-deiei esker. Baina, ez; ez nuen espero. Sorpresaz harrapatu nau amarenak.

Nire etxera itzulitakoan pentsatzen jardun dut: zenbat besarkada, zenbat musu eta laztan galdu ditugu? Eta zenbatek ez dute aukerarik izango atzera une hori bizitzeko? Artean situazio horiek hurbil sentitu barik egon naiz. Ez dut pandemian, zorionez, gertuko inor galdu. Eta horrek ere nolabaiteko hesia eraikiarazten dizu. Distantziarena. Ez da hoztasuna, baina galera hori presente ez duzunez, ez duzu zure burua horretan jartzen.

Akaso, horrek eragin du amaren besarkada gozoagoa sentitzea. Ez dut gogoratzen holako unerik gure artean eta luzaroan gordeko dudala iruditzen zait, ez baita gauza bera izango hurrengo domekan atzera amarenera bazkaltzera joaten naizenean…

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina