‘Love’, tximinoen planetan

tximumusu

Genetika azterketetatik ondorioztatu dutenez, uste baino askoz beranduago bereizi ziren txinpantzeen eta gizakien arbasoak, eta
lau milioi urtez haurrak izan zituzten elkarrekin

Duela zazpi milioi urte, tximino talde bat besteengandik banandu zen, eta, bakardadean, beste ezaugarri batzuk garatzen hasi zen, gizakia izatera heldu arte. Hona bertsio ofiziala. Benetako historia askoz korapilatsuagoa izan zela iradoki dute, ordea, azken azterketa genetikoek. Ameriketako Estatu Batuetako genetista talde baten arabera, askoz berriagoa da bereizketa, eta litekeena da txinpantzeen eta gizakien arbasoak lau milioi urtez elkarrekin haurrak eduki izana.

Gizakien eta txinpantzeen genoma deskodetu zutenean, haien arbasoak noiz banandu ziren kalkulatu zuten zientzialariek, baina tranpa txiki bat egin zuten. Bi espezieen geneen arteko batez besteko diferentziak zazpi milioi urteko bereizketa erakusten zuen. Datua bat zetorren Txaden 2002an aurkituriko kaskezur baten datazioarekin (azpiko irudian). Toumai bataiatu zutena ezagutzen den lehen hominidoa zela ondorioztatu zuten 2002an.

Tranpa zertan datzan agerian utzi dute Massachusettseko Broad Institutuko eta Harvard Unibertsitateko zientzialariek: ikerketeta hartan ez zuten kontuan hartu genoma horietako eremu batzuk besteak baino gazteagoak direla, batez besteko desberdintasun genetikoa erabili zutelako. Badira, bai, duela zazpi milioi urte bereizi ziren geneak bi genometan, baina beste batzuek 5,4 milioi urte baino ez dituztela ondorioztatu dute zientzialariok. Hau da, gizakiaren eta txinpantzeen arteko azken bereizketa uste baino askoz berriagoa dela.

(Kaskezurren konparaketa: Homo sapiens A, txinpantzea B, Australopithecus africanus C, eta Toumai D)

X kromosomaren eboluzioa da horretan bitxiena. Aurkitu dutenez, besteak baino askoz gazteagoa da, 1,2 milioi urte berriagoa. «Genomaren analisiok ustekabe handiak ekarri ditu, eta esanahi handia dute giza eboluzioan», adierazi du Broad Institutuko ikertzaile Eric Landerrek.

Aurkikuntzak paleontologoen eskemak hausten ditu. Gizakiak eta txinpantzeak duela 5,4 milioi urte bereizi baziren, nola da posible giza ezaugarriak dituen Toumai-k zazpi milioi urte izatea?

Hibridazioa

«Hibridazioa», hona zientzialariok ematen duten erantzuna. Honela laburbiltzen dute eboluzioaren historia: bi espezieak duela 11 milioi urte hasi ziren bereizten, baina gero berriz elkartu eta elkarrekin izan zituzten umeak. Azkenean, behin betiko banandu ziren, duela 5,4 milioi urte inguru. «Gizakien eta txinpantzeen arbasoen arteko hibridazioak lagunduko luke azaltzen zergatik dauden gure genometan halako adin ezberdinak dituzten guneak, eta zergatik diren gizakien eta txinpantzeen X kromosomak horren antzekoak», esan du David Reich Harvardeko genetistak. Izan ere, hibridazio prozesuak aldaketa gehiago eragiten dizkio X kromosomari beste kromosomei baino. Hortaz, hori da kromosoma horren eboluzio bitxiaren zergatia.

Paleontologoek zorte handia izan behar dute hezurrak eta bestelako aztarnak topatzeko. Geneak, berriz, hor daude, zelula bakoitzean, bizidunen eboluzioaren eta historiaren dokumentu gisa. Baina genetika zientzia jaio berria da, eta oraindik ez dugu ikasi geneetan dauden datu guztiak irakurtzen. «Harrigarria da geneek ematen duten informazioa», diote MITeko zientzialariok euren artikuluan.
Nahasketak landare espezie berriak sor ditzakeela jakina zen aspaldi, baina orain arte ez da pentsatu hibridazioa animalia espezieak sortzeko modu aproposa izan zitekeela, are gutxiago eginkizun handia izan zezakeela txinpantzearen eta gizakiaren eboluzioan. Reichek adierazi duenez, animalia espezieen artean orain arte ez bada halako eboluzio mekanismorik ikusi, halakorik bilatu ez dugulako izan daiteke.

Elkarrizketa

Nick Patterson:

“Harreman haien ondorengoak gu
edo txinpantzeak diren ez dakigu”

DrNick_pat.190

Geneen detektibe antzeko bat da Patterson (irudian), txinpantzeen eta gizakien arbasoen arteko nahasketa izan zela proposatu duen ikerketaren egileak.

Kriptografian aditua da Patterson, eta egun Interneten segurtasunerako erabiltzen den kodifikazioa berak garaturiko sistemetan oinarritzen da, besteak beste. Bost urte egin ditu Massachusettseko Teknologia Institutuko (MIT) Broad Institutuan genetika aztertzen. Patterson da txinpantzeen eta gizakien arbasoen artean nahasketa izan zela proposatu duen ikerketaren egile nagusia.

Txinpantzeak, gorilak, orangutanak eta makakoak ikertu dituzue, baina lanaren ondorioetan soilik txinpantzeez mintzo zarete, zergatik?

Gure asmoa gizakien eta txinpantzeen arbasoak nola bereizi ziren ikertzea zen, txinpantzeak gure ahaiderik hurbilenak direlako. Edonola ere, beste simioak ere aztertu nahi genituen, arrazoi teknikoengatik eta konparazioa egiteko. Ikusi dugunez, X kromosoma –gizonezkoek bat dute, eta emakumezkoek biizugarri antzekoa da gizakietan eta txinpantzeetan, gaineko genomari begiratuta espero genuen baino askoz antzekoagoa. Goriletan ez da halakorik gertatzen; horietan, espero bezain ezberdinak dira. Hori da gure lehen aurkikuntza, eta azalpen bat behar zuela iruditu zitzaigun.

Nola hartu dute paleontologoek zuen teoria, kontuan hartuta fosilekin kalkulaturiko lehen hominidoen jaiotze datak oker daudela esan duzuela?

Baliteke datu genetikoak oker egotea nonbait, ez dakit, baina hala ez bada, badago hor azalpena eskatzen duen zer edo zer. Oso jende gutxi da aditu bietan, paleontologian eta genetikan, eta gu ez gara horietakoak. Genetika eta fosilen adina kalkulatzeko egungo teknikak ez datoz bat. Baina halakoak askotan gertatzen dira zientzian. Duela 15 urte fisikariek eta astronomialariek Lurra unibertsoa baino zaharragoa zela kalkulatu zuten. Bistan zen hor akats bat zegoela, eta konpondu egin zuten gero. Halako zer edo zer gertatzen da hemen. Bitartean, gurekin jator jokatu dutela uste dut.

Gizakien eta txinpantzeen arbasoek denbora luzez haurrak elkarrekin izan zituztela ondorioztatzeak argituko du kontua, ala arazo gehiago eragingo ditu?

Gu oso kontuz ibiltzen saiatu gara. Ez dugu esan halakorik gertatu zenik, baina esaten dugu datuak harrigarri samarrak direla, eta hau azalpena izan daitekeela. Hitzekin kontuz ibili behar dugu hemen, nahiz eta agian ez den irakurleek entzun nahi luketena.

Gizakien eta txinpantzeen arbasoak elkarrekin nahasi baziren, nortzuk dira harreman horren ondorengoak?

Ez dakigu. Gizakia ala txinpantzea? Bietako bat, izatekotan. Genetikako datuek ez digute esaten, ordea, bietako zein den. Asko pentsatu dugu horretaz, baina ez dugu erantzuna aurkitzeko modurik topatu.

Podcast

Goian transkribaturikoa Pattersonekin telefonoz izaniko elkarrizketaren laburpena baino ez da. Osorik entzun nahi izanez gero, hemen duzue podcasta (ingelesez dago, Pattersonen erantzunak behintzat bai). Zientzialariak euskaldunon inguruan dioena entzun ahalko duzue, besteak beste. Euskaldunon gaia berak atera du elkarrizketan, bere kabuz, inongo probokaziorik gabe (nondik deitzen nion baino ez diot esan). Oso historia genetiko interesgarria dugula dio zientzialariak, eta galdera batzuk airean uzten ditu elkarrizketak: euskaldunok al gara txinpantzeen eta gizakien arbasoen arteko nahasketaren lekuko?

powered by ODEO

Juan Solo

Juan Solo komiki sail baten izenburua eta beronen pertsonaia nagusia da.

25_img_JuanSolo

Alejandro Jodorowsky idazle eta zinemagile txiletarrak asmatu zuen Juan Solo, eta George Bess marrazkilariak koloretan jarri zuen 1995.urtetik 1999ra. Izena Star Wars pelikuletako Han Solo pertsonaiari kopiatu diolakoan nago. Edonola ere ez du Harrison Ford aktoreak antzezturiko espazioko kontrabandistarekin zerikusi handirik. Lotura handiagoa du KIXMIrekin, ikusiko duzuenez, irakurtzen jarraituz gero.

Jodorowskyk asmaturiko Latinoamerikako Huatulco hiriko zakarrontzi batean abandonaturiko haur bat da Juan Solo. Prostituzioan dabilen ipotx transexual batek aurkitzen du (bai ondo irakurri duzu! ipotx transexual txapero bat!). Ipotxaren lehen erreakzioa da umea txakurrei jateko ematea. Baina errukitu egiten da ikusten duenean haurra bera bezalako “munstro” bat dela (haren hitzak dira).

Izan ere, barrabil eta zakiltxoaz gain, mutikoak BUZTANA du bizkarraren amaieran.

juansolo1

Hazi ahala sekulako putakume bihurtzen da Juan Solo. Neskak bortxatzeko, lapurtzeko eta hiltzeko eragozpenik ez du. Bere lagunak ere hiltzen ditu, dirua eta boterea lortzeko. Bizitza gogorra da Huatulco hiri ustel eta bortitzean, eta Juan Solo inor baino ustelago eta bortitzagoa da.

juansolo2

Edipo Erregearen istorioa ere erabili du Jodorowskyk. Juan Solo bere amarekin oheratzen da, bere ama dela jakin gabe. Bere arreba hiltzen ditu, arreba duela jakin gabe. Eta aita ere tirokatzen du.

Amarekin ihesari eman ondoren hasten da Juan Soloren gurutzebidea.

Ama-maitalea, dirua eta duintasun oro galduta, basamortuan barneratzen da. Mendi galduetako indioek santutzat hartzen dute. Aspaldi daude salbatzailearen zain, eta goresten duten santua buztanduna da.

juansolo3

Indioak etsita daude, lehorte izugarriak kiskali dituelako bazterrak aspaldi. Juan Solok bere bekatuak (edo pilaturiko karma txarra) garbitzeko, bere burua sakrifikatzen du. Jainkoari euria eskatzeko, bera gurutze batera iltzatu dezaten eskatzen die indioei. Gurutzean hiltzen da Jesukristo buztandun baten gisara.

juansolo4blog

Star Wars, Edipo Errege… Jodorowskyk edozein historia hartu eta fabula sasi-budista bihurtzeko duen abileziarekin harritu gaitezke. Edo, bestela esateko, besteen istorioak plagiatzeko duen muturrarekin txunditu.

La nacion clandestina

Izan ere, Juan Soloren parabola, hein handi batean, Jorge Sanjines zinema zuzendari boliviarraren filma batek kontatu zuen Jodorowskik baino urte batzuk lehenago. La nacion clandestina pelikulari Urrezko Maskorra eman zioten Donostiako zinemaldian, 1989. urtean.

Puri-purian dago pelikulak agertzen duen testuingurua, Boliviako indigenen gatazka eta mundu ikuspegia direlako protagonista.

Sebastian Mamani indio aimara La Paz hiriburura eramaten dute txikitan, eta sekulako zerri bihurtzen da hazitakoan. Paramilitarrekin ibiltzen da, sindikalistak hiltzen, bere herriari lapurtzen… Alkoholiko bilakatzen da.

Baina egun batean, mozorro bat egiteko eskatzen dio La Pazeko herrikide bati. Izan ere, bere bizitza zitalarekin nazkatuta, herrikideengatik sakrifikatzea erabakitzen du, “danzanti” errituaren bidez. Herrira itzultzen da eta hil arte dantzatzen du, zoriona ekartzeko indioei. Hemen duzue bideoa:

La nacion clandestina-ko Sebastian Mamanik ez du buztanik, baina Juan Solo, Jesukristo, eta antzinako heroien soka bereko pertsonaia da. Urrezko abarretik zintzilikaturiko tximinoak dira.

Jainkoaren tximinoak

KONGO1

Picasso homo sapiensa eta Congo txinpantzea buruz buru. Ziurrenera, XX. Mendeko artistarik garrantzitsuenak dira, biak ala biak. Laranjak eta sagarrak nahasten? Ez, artistak eta tximuak txanpon bereko bi aldeak dira. Baina, nork imitatzen du nor?

Congo

Congo albiste izan zen 2005eko maiatzean. Lehen aldiz artearen negozioaren historian, tximino baten margoak saldu zituzten enkante etxe batean. Renoirren eta Andy Warholen lanekin batera eskaini zituen Londresko Bonhams etxeak. Aurreikusi baino 20 aldiz garestiago saldu ziren lanok. 25.600 dolar ordaindu zituen Howard Hong estatubatuarrak. Bere burua “margo garaikidearen zale amorratu” gisa deskribatu zuen Hongek. Congoren lanak “gizateriaren eboluzio osoa” errepresentatzen duela gaineratu zuen.

pnga_erakutsi 3.pl

Congo 1954. urtean jaio zen eta 1950ko hamarkadan egin zituen lanok (horietako bat goiko irudian). Londresko zoologikoko izarra zen tximinoa, batez ere Desmond Morris zoologo eta antropologoaren ( Tximu biluzia
liburuaren egilea, beheko irudian, Congo besoetan duela) telebista saioan agertzen hasi zenetik. Denera 400 marrazki eta margo egin zituen bi urte zituenetik lau urtera arte. Morrisek Congoren lanen erakusketa antolatu zuen 1957an, eta eskandalua eragin zuen arte munduan. Artearen esan nahiaren inguruko sekulako eztabaida sortu zen. Arte kritikoak eskandalizaturik zeuden.

Bazuten kezkatuta egoteko arrazoirik. Jackson Pollock eta espresionismo abstraktua modan jarri baitzuten orduan, surrealismo zaharkituari txanda hartzeko artearen zirkuan. Congoren margoen eta Pollocken lanek duten antza harrigarria zen. Azpian bi irudi, bat Pollockena, bestea Congorena. Artean adituek esango dute zein den norena, zalantzarik gabe. Baina, profanoek?

lmc80105111427.hmedium

Are harrigarriagoa da Pollock beraren itxura simieskoa.

Eta zeresanik ez, haren margotzeko era.

(Hemen
klika daiteke, Pollock lanean ikusteko, eta entzuteko)

Salvador Dali liluraturik zegoen Congoren koadroekin eta fin ibili zen Pollockekiko antza ikusten. Zera esan zuen: “Txinpantzearen eskua ia gizatiarra da; Jackson Pollocken eskua erabat animalia da”.

Kongo eta Pollock bezala margotzea zer den probatu nahi baduzu, klikatu hemen eta tximino artistarena egin Miltos Manetasek sorturiko imitagailuarekin.

Picassok Congoren koadro bat erosi zuen. Mirok bere bi lan eman zituen txinpantzearen margo baten truke.

Tuberkulosiak hil zuen Congo 1964. urtean, 10 urte zituela.

Asuka

Asuka hiru urteko txinpantzea da, eta Tokioko (Japonia) Izu Shaboten parkean bizi da. Iazko irailetik urrira arte Asukaren lanen erakusketa antolatu zuen Tokioko galeria batek. Bi urte eta erdi zituenean, margotzeko tresnak eman zizkioten Asukari, lehen aldiz. Zaintzaileak harriturik zeuden, tximuak koadroak orekaz konposatzeko zuen trebeziarekin.

Goiko irudian, Asukaren “Tomate Baratza” lana. Iazko martxoan hasi zen serio margotzen, eta geroztik ehun bat lan egin ditu. Kolore argiak gustuko ditu, eta ez du inoiz beltza erabiltzen, inpresionista ortodoxoen tradizioari jarraiki. Orduak pasatzen ditu oihalen aurrean, eta ez du inoiz bere burua kopiatzen. Hori oso giza-artista gutxik esan dezakete.

Koko

San Franciscoko zoologikoko gorila emea da Koko (hiru “koko” esaldi berean, hau marka!). Haren berri Markos Zapiain filosofoari esker dut. Bere blogean kontatzen du Markosek Kokoren nondik norakoak, baita haren inguruan sorturiko lan gatazka.

Komunikatzeko trebezia harrigarria izateaz gain (gormutuen hizkerako mila zeinu inguru dakizki, eta Interneten bidez txateatzen du) argazkiak egiten eta margotzen jarduten du Kokok.

Giza emakumeen titien inguruko obsesio fetixista dauka, Markosek kontatzen duenez. Egun 33 urte ditu (Kokok, ez Markosek).

“Naturaren tximinoak” eta “Jainkoaren tximinoak”, hona Errenazimenduan “artistak” esateko erabiltzen ziren esamoldeak, Fritz Mendax artearen eta faltsukeriaren historialariaren arabera. Tximinoekin konparatzea ez zuten irain gisa hartzen orduan, tximinoen ezaugarriak izatea dohain berezi eta preziatutzat zutelako. Artistek halako dohain zutela iruditzen zitzaien, azken finean, artisten lana imitazioaren artea zela uste zutelako. Mendaxek dioenez, artista bati “Naturaren tximino” esaten ziotenean, dohain bereziak zituela esan nahi zutenen. “Jainkoaren tximino” esamoldea, berriz, artearen gailurrera heldutako artistarentzat uzten zuten.

Tximu artistak, artistak tximu

XX. menderako, ordea, erabat bestela interpretatzen zen artisten eta tximinoen arteko antza. Konparaketa artistak iraintzeko erabili zituen, esaterako, Francis Picabiak . Aita kubatarra zuen artista frantsesa (Paris 1879-1953) Zuricheko eta Parisko dadaistekin ibili zen. “Tableau Dada” deituriko koadroan, artearen jainkoen heriotza iragarri zuen. Tximino panpina bat jarri zuen Picabiak irudiaren erdian. Inguruan, honakoa idatzi zuen: Cezanneren erretratua, Renoirren erretratua, Rembrandten erretratua…

PIKABIA

Artista edo ez artista, azken finean, tximinoak gu guztion erretratua dira.

Ecce Simius

eccesimius1

eccesimius2

Nik ez nuen argi ikusten hasieran, baina ingurukoekin kontsultatu ostean (arte ederretan lizentziaturiko bi pertsona tartean), Felix Rodriguez de la Fuentek arrazoia duela ondorioztatu dut. Ez da kristoren gamelua, Veronesek eskortzo bitxian margoturiko tximinoa baizik. (Eskortzo: iz. ART. 1. Giza irudi baten atal bat, gehienetan burua, gorputzarekiko biraturik agertzen duen irudikapena edo pintura. 2. Pintatzen ari den paper edota mihisearen planoarekiko norantza perpendikular edo zeiharrez dauden objektu edo irudien perspektiba. Harluxet hiztegia).

eccesimius3

Hemen dago tximinoa, “Ecce Simius”. Margoa zuzenean ikusita, argiago ikusiko dela imajinatzen dut. Tximinoak besoak zabaldurik ditu (gurutzean bezala) eta Jesukristo dagoen aldera begira dago. Guk soslaia ikusten dugu, horregatik da horren zaila tximinoari antza hartzea.

(Bitxikeria gisa: Inguruko adituon arabera, hori tximua izanda, burusoiltxo horrek Judas izan behar du).

Zorionak amigo Felix, zuretzat da Koxme.

Edonola ere, erabaki honi helegitea jartzeko epea irekitzen da orain (zazpi egun).

Zorionak, halere, Patxi latinistari, “scimmie” horiek aipatzeagatik. Agian arrazoia du eta tximu bat baino gehiago dago margoan (nahiko lan bat aurkitzeko!).

Zorionak Arkaitz, “scimmie” horiek morroi beltzak izan daitezkeela iradokitzeagatik. Teoria interesgarria benetan.

Eskerrik asko 3Arrano . Dena den, mahai azpikoa zakurrrago ikusten dut tximua baino.

Ateo, no comment.

Eta eskerrik beroenak Axierri . Benetan egin dut barre bere aurkikuntzarekin (azpiko irudian).

eccetximu4

Eskerrak saiatu zareten beste guztiei.

(Amigo Felix, orain konturatu naiz ez zenuela e-mailik jarri mezuan. Idatzi berriz mesedez, eta helbidea jarri.)

Blog lehiaketa estupidoa

veronese1

Jesu Kristoren Azken Afaria margotzeko eskatu zioten Veronese margolariari 1573. urtean, Veneziako San Giovanni komenturako. Irudia dela-eta, arazoak izan zituen margolariak Inkisizioarekin. Zergatik? Gauza irreberenteak sartu zituelako Testamentu Berriko eskena sakratuan. Margoan, besteak beste, tximino bat dagoela irakurri dut.

veronese2

Inkisizioak Veroneseri egin zion galdeketaren inguruan idatzi behar nuen, baina ezin dut margoaren inguruan hitz egiten jarraitu gutxieneko sinesgarritasunez. Izan ere, oinarrizko arazo bat daukat: ezin dut tximinoa aurkitu!

Zakurrak ikusten ditut, bestelako abereak eta ipotxak ere, baina non dago tximinoa?

veronese3

Mila buelta eman ondoren, laguntza eskatzea erabaki dut. Blog honek orain arte jasotako iruzkin kopurua ikusita, erantzun askorik espero ez dudanez, euskal blogosferan aurrekaririk ez duen (zuzenduko didazue bestela bada) gauza egingo dut. Gauza lotsagarri samarra. Soilik telebistan, irratian eta egunkarietan egiten dute halako gauza estupidoa: lehiaketa bat.

Behar bezalako lehiaketa guztietan bezala, saria egongo da honetan ere. Tximinoa aurkitzen duen lehenak Koxme eraman ahal izango du etxera. Koxme gorila da, Kixmiren lehengusua (ez dakit zergatik, baina beti irudikatu dut Kixmi txinpantze gisa. Agian beso luzeak behar direlako gurutzetik zintzilik egoteko).

santimamine 039

Orri honetako irudiak txikiak dira, bai. Tximinoaren bilaketa errazteko, Veroneseren margoaren bertsio handi bat jaitsi dezakezue hemen klikatuta (4 mega ditu, denbora beharko du! Pazientziarik ez baduzue, bertsio ertainak lor ditzakezue Googlen “Veronese” eta “Levi” hitzak batera sartuta).

Tximinoa aurkitu bezain pronto kontatuko dizuet Veronese eta Inkisizioaren arteko auziaren ingurukoak. Zorte ona izan. Aurkitu tximinoa!

Übermensch

hanuman-6 2

Hanuman, Indiako mitologiako tximino jainkoak bere bularra irekitzen du, bihotza erakusteko. Bihotzean jainkoaren (Rama) eta haren emaztearen (Sita) irudiak ditu. Jainkoarekiko duen amodioa eta debozioa erakusten die horrela supertximinoak gizakiei.

uebermenschblog2

Hanumanen bihotzaren irudiak ordaina du ikonografia kristauean: Jesukristoren bihotz sakratua. Handiegia da antza, zorizkoa izateko: keinua, haloa buruaren inguruan, bihotzak isurtzen duen argia, Kristo-Hanumanen begirada,…

Erregeak biak, jainkozkoak biak, baina Jainko goren baten haragiztatze, agerpen, manifestazio (avatar).

Jainkoaren eta gizakien arteko erdibidean daude, horretan datza haien paradoxa. Nietzscheren Zarathustraren definizioan: “Gizakia animaliaren eta supergizakiaren (übermensch) artean tenkaturiko soka da”.

uebermenschazkena

Pop kulturaren ikonografiara egin du salto ideiak, Zarathustraren sokan funanbulista. Horra Superman, supergizaki laikoa, gizateria salbatzeko bere burua sakrifikatzeko prest, Hanuman, bezala, Jesukristo bezala.

Joan dira haloak supergizakiaren buru ingurutik, baina keinua bera da. Supermanen bularreko logoaren forma bitxia ulertzen da orain. Bihotza da.

Kixmi, Kristo, Kripton.

Zer da, beraz, supergizakia denbora ziklikoa duen unibertso batean?

  • Txori bat da? Hegazkin bat da? Ez, tximino bat da.

Kixmi da.

Supertximino

_42811113_afp416monkey

Madarikazio bat medio, tximino eme bihurtu zuten Punjikasthala , jainkoen irakaslearen laguntzailea. Edonola ere, madarikazioa hausteko modu bat eman zion Shiva jainko eskuzabalak: Punjikasthalaren tximu-gorputz berria erabiliko zuen Shivak, mundura jaiotzeko. Probeta haurren garaian, alokairuzko ama esaten diogu horri. Beste testuingurutan, jainko sorkundea esaten diote. Horrela sortu zen Anjana, gero Hanumanen ama izango zena.

Miru batek egiten du, Hanumanen kondairan, uso itxurazko izpiritu santuaren lana. Txori harrapariak jainkoen pastelaren puska bat lapurtu zuen. Payasa (pastela) banatzen zuten jainkoek gizakien alabek jainko-haurrak sor zitzaten. Anjana otoitzean ari zen lekuan askatu zuen hegaztiak gozokia, eta haizearen jainkoak, Pavandevek , tximino emearen esku jarri zuen. Anjanak pastela jan zuen berehala.

Eta Jainkoa tximino egin zen.

supertximinoak

(Eskuinean Hanumanen estatua erraldoia –murti -, Trinidad uhartean. Indiatik kanpo tximino jainkoari eskainiriko irudirik handiena da. Ezkerrekoa Donostian harturiko irudia da, beste murti handi bat)

Bekaturik gabeko sorkuntza izan zen Hanumanena. Anjana Kesari tximu erraldoiarekin zegoen ezkonduta, baina “kastitatean eta garbitasunean” bizi ziren. Kesari da beraz, Hanumanen itxurazko aita. Madarikazioa hautsi egin zen tximukumea jaio bezain pronto, eta zerura igo zen Anjana.

Txikitatik erakutsi zuen Hanumanek ohiz kanpoko botereak zituela. Goxoki bat zelakoan Eguzkian jaten saiatu zen behin. Indra jainkoak galarazi zion otordua. Masailetan zauritu zuen tximista batekin (Hanuman Sanskritoko hanuh hitzetik dator, masaila hitzetik alegia).

supertximino3

supertximino4

Indra eta beste jainkoek, halere, berehala onartu zuten hanuman haurraren jainkotasuna. Kobazulo batean bisita egin zioten jainko guztiek, eta bedeinkazioa eman zioten. (Eszena horren errepresentazio garaikidea goiko irudian, eta Rubensen Adorazioa azpian)

Hanuman hilezkorra izango zela erabaki zuten Jainkoek.

Akats larria egin zuten.

Hanuman txikia oso bihurria zen. Basoan bizi ziren santuen otoitzak saboteatzen zituen etengabe, ur bedeinkatua edaten zuen, su sakratua itzaltzen zuen, eta buztanarekin makilakadak banatzen zituen. Deabrukeriak eskuin-ezker egin ondoren, Hanuman gelditzeko modu bat asmatu zuten jainkoek. Amnesiarekin zigortu zuten Hanuman: superbotereak zituela ahaztuko zuen, madarikazio baten bidez. Soilik norbaitek gogoraraziz gero erabili ahalko zituen tximinoak ahalmenok aurrerantzean.

supertximino5

(Ezkerreko irudia, Jesu Kristo gerlari gisa, zeramikazko hileta-plaka batean, Galian V. edo XVI. mendean egina. Saint Germain in Laye herriko “Musée des Antiquites Nationales”:http://www.musee-antiquitesnationales.fr/ delakoan dago, Frantzian. Eskuinean Hanuman, Rajastanen –India- XIX. mendean eginiko irudian)

Hanumanen botereok erabaki zuten Ramayana guda. Tamaina aldatzeko, erraldoi edo nano bihurtzeko, ahalmena erabili zuen tximinoak, etsaiengandik ihes egiteko. Buztanarekin sua eman zion tximino jainkoak Sri Lanka uharteari. Botereok garaipena eman zioten Rama jainkoaren armadari, eta Ravana deabruen erregearen indarrak suntsitu zituzten.

Hitzaren boterea da, edonola ere, Hanumanen arma nagusia.

  • Hitz goxoen bidez, maitasunez erantzunda, tximino honek badaki mintzatzen eta etsaiak otzantzen iaioa da.

Rama jainkoak berak deskribatzen du horrela Hanuman.

Enbaxadore perfektua da Hanuman. Bere hitzek amodioaren musika dute, eta belarri oro liluratzen dituzte, jainkoaren etsaienak bereziki. Izan ere, tximinoak gizaki oro maite ditu, eta ez du inorekiko etsaitasunik sentitzen. Horregatik gizakien eta Ramaren arteko bitartekaria da Hanuman (Jesu Kristo eta Egiptoko Thot tximu-jainkoa bezala). Ramaren oinetan eserita dago beti zeruko erresuman.

Hanuman presente dago egun ere munduan. Indiako santu ugarik ikusi dute aro modernoan: Tulsidasek XVI. mendean, Sri Ramdas Swamiak eta Raghavendra Swamiak XVII. mendean.

supertximino8

Asko dira egun ere, Hanumanen jarraitzaileak Indian. (Irudian, Hanuman Das izeneko sadhu -a.)

Ramaren aintza abesten den leku orotan, amodio eta poz malkoak isurtzen omen ditu Hanumanek. Jainkoarekiko maitasuna mugagabea duela erakusten du Ramayanan, Rama berari zuzenduta:

  • Nik, tximu batek, Hanuman izenekoak, bilatu egin zaitut.

Guk ere bilatu dugu, eta Hanuman aurkitu dugu.

supertximino9

Tximinoaren Ama Birjina

madonnapic1

Albrecht Dürer margolari eta grabatugile alemaniarrak egin zuen Tximinoaren Ama Birjina grabatu hau 1498. urtean. Italiako margolarien estiloa hartu zuela igartzen zaio Dürerri, Leonardo da Vinci rena nabarmen. Adituek diotenez, italiarraren madonna (ama birjina) batetik hartu zuen eredua, irudi hau egiteko. Natura edo arkitekturako osagai guztiek eginkizun zehatza dute konposizioan, ezer ez dago lekuz kanpo. Gauza bera esan daiteke irudiaren elementuen sinbolismoaz. Jesukristo haurrak txori bati jatekoa ematen dio. Adituen aburuz, txoria txorru bat da, hau da, arimen salbazioa irudikatzeko erabiltzen zen hegaztia.

  • Bekatuaren, lizunkeriaren, gularen, maltzurkeriaren eta gaiztakeriaren sinbolo da tximinoa. Batzuetan, gizakiaren alferkeria irudikatzen du. Satanen errepresentazioa da, bestetan. Ebaren ikur gisa erabili ohi zen, bekatugilea bekaturik gabeko Ama Birjinaren figurarekin kontrajartzeko. Sinagogaren sinbolotzat ere hartzen da, hau da, juduen fedearena.Tximuak –dio Aeppli psikoanalistak- gizakiaren antza du, baina ez da gizakia. Jainkotasundeabrutasuna sinbolizatzen du.

marakatti

Guri irudian ageri den beste animalia interesatzen zaigu, jakina. Ama Birjinaren oinean, gerritik hesira kateaturik dagoen tximua, makakoa. Tximinoek arte kristauan duten sinbologiaz honakoa diote hiztegiek:

Iesu Christi scimius (Jesukristo tximinoa edo imitatzailea) ideiaren errepresentazioa dugu, beraz, Dürerren makakoa. San Agustinek De Libero arbitrio (Erabakimen Librea) idazlanean agertzen du ideia (III. Liburuaren, XXV. Kapituluan). Gaitzaren sorburuaz mintzo da San Agustin, eta honako galdera erantzun nahi dio: zer darama gizaki arrazionala ongiatik gaitzera?

  • Bere buruari begira Jaungoikoa imitatu gura makurrean atsegin hartzen badu, bere boterean gozatu nahian, zenbat eta handiago izan nahi, orduan eta txikiago aurkitzen da. […] Deabruaren bekatua harrokeria izan zen; harrokeriari inbidiarik makurrena gehitu ostean gizakiarengana hurbildu zen bera hondatu zuen harrokeria hori kutsatu nahian.

Deabruak etengabe sortzen ditu Jainkoaren erresumaren imitazioak, gizakiak nahasteko, San Agustinen arabera. Bizitzaren erdia manikeoen sektako kide gisa eman zuen San Agustinek, eta, beste erdia, manikeoen ideiak faltsuak zirela erakutsi nahian. Beste erlijioen edo filosofien “faltsukeria” salatzeko erabiltzen zuen Jesukristo-tximino-imitatzailearen irudia. Jainkoaren tximinoaren ideia, Agustinen baino lehen, San Jeronimoren idazkietan agertzen dela diote hainbat adituk. Beste batzuk Tertuliano harengana garamatzate, eta bada Testamendu Zaharreko Isaias profetaren ahoan jartzen duena ere (nik ez dut horren arrastorik aurkitu Isaiasen liburuan).

Tximinoa -deabrua- katez loturik ageri da Dürerren grabatuan. Erromako Elizak paganismoa, judaismoa eta kristautasunaren dotrina “heretikoak” menpean hartu dituela irudikatzen du. Beste erlijioak edo sinismenak izate hutsak arriskutsutzat hartu du beti Erromako Elizak. Azken atala, aurtengo apirilean ikusi dugu: Joan Paulo II.aren hiletako hitzaldian erlatibismoaren diktadura salatu zuen Joseph Ratzinger kardinalak, hau da, Eliza Katolikotik at egiarik ez dagoela esan zuen.

Faltsua versus egiazkoa

Kristorenganako fedea baino sisnismen zaharragoak egoteak Kristautasuna faltsua dela iradokitzen ez ote duen beldur izan dira beti. Orijinalak kopia salatzen du.

Jean Baudrillardek ezin argiago adierazi zuen faltsua eta egiazkoaren arteko dialektika paradoxiko hau America liburuan. Disneylanden izan zen filosofoa, Walt Disneyren fantasien inguruan antolaturiko parkean. Estatubatuarrek Disneyland asmatu behar izan zuten, dio Baudrillardek, handik kanpoko guztiak -Ameriketako Estatu Batuak, alegia- gezurrezkoak, fikziozkoak, direla ezkutatzeko.

Tximinoaren beste Ama Birjina bat aurkitu dugu. Garaikidea da hau, nahiz eta antzinako maisuen estiloan margoturik egon. Susan Saladinok eginiko olio lana da The Madonna and Chinpanzee. Saladino ez da arte liburuetan agertzen (ezta agertuko ere, ziurrenera). Disneyworldetik at dagoen America horretan abandonaturiko abereentzako aterpeak sortzeko margotzen du, antza, espezieen arteko harmonia goresteko.

Edonola ere, uste artistikorik ez izateak, kendu beharrean, indar handiagoa ematen dio Ama Birjinaren besoetako Kixmi honi.

ap-ssart-chimp

Postal bat, tximuen lurraldetik

oihanaheimazkena

Uda garaia, bidaiatzeko eta postalak bidali eta jasotzeko bolada.

Postal bat jaso dut berriki etxeko postontzian (goian ikusgai). U. Pot adiskideak bidali dit, lurraldeak izeneko leku batetik. Ez dakit lurralde horiek benetakoak diren, edo U. Poten irudimen lanbrotsuko bazter miresgarrietatik atera diren. Edonola ere, tximinoak bertan jaun eta jabe direla ematen du.

Hona U. Potek postalean idatzi didana:

  • Kaixo Eli,
    Lurraldeak esploratzen jarraitzen dugu, ikusten duzunez. Atzo argazkian ageri diren antzinako hondakinak ikusten izan ginen. Izenik Gabeko ibaiaren ezkerraldean daude, oihan trinkoak inguratuta, aborigenek Bill Bow izenez ezagutzen duten lekuan.
    Inork ez daki zertarako jaso zuten edo zertarako erabiltzen zen eraikina. Hipotesi asko daude horren inguruan, pentsa dezakezunez, baina serio hartzeko moduko ezer ez. Egun tximino oihularien bizilekua da eraikina. Sekulakoa da egunsentian eta ilunabarrean egiten duten zarata. Irudian ez duzu tximurik ikusiko, baina postal hau belarrira hurbiltzen baduzu, haien garrasiak entzungo dituzu, zalantzarik gabe.

Postaleko irudia ikusi bezain pronto, 1968ko Tximuen Planeta filmaren azken sekuentzia etorri zitzaidan gogora: George Taylor astronautak gizakiak madarikatzen ditu aurkitzen duenean ez dagoela urruneko planeta arrotz batean, baizik eta berean. Tximinoak jaun eta jabe dira, ordea, eta gizakiak piztien pare tratatzen dituzte. Mundua alderantziz, alegia. New Yorkeko Askatasunaren Estatuaren hondakinak hondartza batean aurkitzen dituenean, orduan konturatzen da Taylor planeta hura Lurra dela. Bere planeta, baina etorkizunean. Antza denez, gizakiek eragindako hondamendi nuklearraren ondorioz, irauli egin dira eboluzioaren baldintzak.

  • Itzuli naiz, etxean naiz. Konturatu naiz azkenean.
    Zoroak! Suntsitu egin duzue.
    Madarikatuak denak, madarikatuak gerrak.
    Madarikatuak!

Hala dio Taylor astronautak (Charlton Heston) desesperaturik hondartzan, hondakinen aurrean. Aski barregarria da eszena, 37 urte eta gero ikusita.

Gerra Hotzaren garaian egin zen filma, eta “oreka nuklearraren” kontrako eta bakearen aldeko aldarrikapen gisa aurkeztu zuten.

Adiskidearen postalean ez da, ordea, zibilizazioaren aldeko aldarrikapenik sumatzen. Haatik, badirudi U. Potek itxaropenez eta atseginez ikusten dituela hondakinok. Horren froga dira gero e-mailez bidali dizkidan irudiak.

Bilbo 078

Urte luzeak daramatza U. Potek ideia bat hausnartzen: irudien indarra erabilita, magia, alegia, Guggenheim museoa suntsitzea.

Irudien magia

William S. Burroughs Beat belaunaldiko idazleari zor dio ideia, antza. Burroughsek zinta magnetikoan eginiko grabazioak erabiltzen zituen gorroto zituen lekuei, jendeari edo erakundeei erasotzeko. Soinuak grabatzen zituen jomugan, gero zintak txikitu, puskak nahasi eta berriz itsasten zituen (literaturan erabili zuen cut-up metodo bera). Burroughsen arabera, cut-up horietan entzuten denak mozorroa kentzen dio leku edo pertsona gorrotagarriari, eta haien benetako izaera gaiztoa erakusten du. Erasoa burutzeko, moldaturiko grabazioak entzunarazten zituen helburuen aurrean. Besteak beste, Scientologiaren Elizak Londresen zuen egoitza bat “neutralizatu” zuen horrela.

Tipula izenburua jarri zion U. Potek Ostiela! aldizkariaren 18. alerako duela bost urte idatzi zuen artikulu bati. Bilboko arte ikasle batzuk 1993. urtean eginiko bideo baten berri ematen zuen idazkian. Iragankortasuna zen, antza denez, bideoaren gaia. Gizakiak eraikitako gauza ororen patua desagertzea da, orain edo gero, suntsitua izatea. Hori irudikatzeko, bideo bat egin zuten Bilboko erdialdean (udaletxetik gertu). Ibaia eta Campo Volantin deritzon pasealekua sostengatzen zuten habeak agertzen ziren bideoan. Bideoak ordubete irauten omen du, eta, egileen arabera, hiru mugimendu erakusten ditu: itsasgora Ibaizabalen uretan, Eguzkia, eta horren begi-bistakoa ez den beste bat: pasealekuaren porlanezko egitura amiltzen.

Sorry, your browser doesn’t support iframes.

Sei egun geroago begi-bistan geratu zen egituraren mugimendua. 1993ko otsailaren 10ean Campo Bolantin pasealekuko zati handi bat ibaira erori zen, tartean bideoa egiteko erabilitako lekua. Ez zen, antza, zauriturik izan.

Bilbo 082

Postala Guggenheim museora eraman du orain U. Potek. Argazkietan ikusten denez, museoaren muinean sartu du irudia, hau da, dendan. Bideo bat ere egin duela dio bere e-mailean.

L’effet Guggenheim

Beaubourg suntsi dezagun, proposatu zuen Jean Baudrillard filosofoak L’effet Beaubourg (1977) lanean. Horretan, Parisko Georges Pompidou (Beaubourg) kultur garaikiderako zentroa deuseztea proposatzen zien masei. Arkitektoen kalkuluen arabera, Baubourgen 30.000 mila bisitari sartuz gero, pisuak eraikina suntsitu zuen..

Baudrillardek ironiaz beteriko deia egin zuen: egin dezagun azken happening-a, suntsi dezagun Beaubourg.

Masek, ordea, ez diote oraindik erantzun filosofoaren deiari. Beste iraultza zapuztua. Snif!

Campo Volantingo bideoak Guggenheim irudien bitartez suntsitzea posible dela irakatsi zion U. Poti. Hala dio berak behintzat. Izan ere, museoa dagoen tokitik metro gutxira grabatu zuten Tipula izeneko bideoa, Ibaizabalen beste bazterrean. Museoa egin gabe zegoen artean.

Adiskideak alferrikako lana hartzen ari ez ote den galdetzen diot nik nire buruari. Dena iragankorra bada, gizakien eraikuntza guztiak hondaturik eta ahaztuak izango dira luze gabe. Soilik tximinoen algara entzungo da hondakinen artean.

Eta halere, U. Potek lurraldeetatik bidaliriko postalari begira, bihotzean epeltasun sakon eta misteriotsu bat sentitzen duen horietakoa naiz. Artea zorionaren aurrerapen bat dela esan zuen Stendhalek.

Agian, Taylor astronautak bezala, zera dio nire barneko poz horrek:

  • Itzuli naiz, etxean naiz. Konturatu naiz azkenean.

JAINKO-TXIMUAK, TXIMU-JAINKOAK

EGIPTO1

Babuinoak eta buztan luzeko tximino afrikarrak jainkotzat edo jainkoen agerpen gisa gurtzen zituzten egiptoarrek. Hainbat adituen arabera, litekeena da “babuino” hitza bera ere antzinako egiptoeratik etortzea. Hitzak animaliaren etengabeko sexu jarduerari egiten dio erreferentzia, antza denez. Egiptoko babuino sakratuen (Papio hamadryas) artean, ar batek hainbat emeko harem bat izaten du, eta urte osoan aritzen da sexu jardueran. Tximinoon gorotza erabiltzen zuten egiptoarrek afrodisiakoak egiteko.

EGIPTO3

Tximinoak jainko ziren antzinako Egiptoko erlijioan. Eta harrigarria da hori, faraoien lurraldeko naturan halako abererik ez zegoelako.

Orain Egipto deritzogun gunearen paisaia askoz berdeagoa izan zen Historiaurrean. Basamortu bihurtzen joan zen gero, eta berdeguneek Nilo ibaiaren bazterretaraino egin zuten atzera. Oasi bakartu gisa geratu ziren, hondarrak inguratuta. Erresuma Zahar garaian (2686-2160 Kristo Aurretik), litekeena da Egipton tximu kolonia basati batzuk geratzea oraindik. Erdiko Erresuman (2055-1650 K.A.), ordea, ez zen jada tximino basatirik. Orduan hasi ziren hilobietako margo lanetan agertzen. Galduriko paradisuaren lekuko?

BABOON1

Erresuma Berriaren garaian (1550-1069 K.A.), egiptoarrek Nubia eta Afrikako beste eskualdeetatik inportatzen zituzten tximinoak. Koloniak izaten zituzten tenpluetan, nahiz eta babuinoak eta tximino berdeak animalia erasokor eta arriskutsuak izan.

Zergatik, beraz, eta zertarako? Zer nolako eginkizuna zuten simiook Egiptoko antzinako erlijioan?

Margolanetan, berez gizakiei dagozkien lan eta jardueretan agertzen dira: dantzan, musika jotzen, garagardoa egiten edo gorteko emakumeei goizeko toilettean laguntzen. Dieter Kessler egiptologoarentzat ez dago zalantzarik: irudiok “funtzio erlijioso-teologiakoa dute”.

BABOON

Tximinoen garrantzia erlijiosoa nabarmentzeko, hona bi datu: Sakkara eta Tuna el-Gebel guneetan tximinoen nekropolisiak aurkitu dituzte. Ehunka tximu daude kanposantuotan hilobiraturik. Horrez gain, tximinoak momifikaturik agertzen dira askotan, egiptoarren beste animali totemiko batzuekin batera. Momifikazio prozesua oso garestia zen, eta soilik Egiptoko handikiek ordain zezaketen hilezkortasunerako ezinbesteko txartel hori.

Erregeen arbasoak irudikatzeko ere erabiltzen zituzten tximuak, hainbatetan. Are gehiago, Narmer erregea babuinoa bihurtzen agertzen da margolan batean. “Zuri Handia” deituriko tximino jainkoarekin identifikatu zen erregea.

Egiptoarren hizkuntza hieroglifikoan, buztana altxaturiko babuino bat da “amorrua” adierazteko marrazkia. “Buruak mozten dituzten tximinoak” aipatzen dituzte testu erlijiosoetan. Lau tximuk zaintzen dute egiptoarren lurrazpiko munduko Suzko Lakua.

Jainko tximuaren amorrua

Tximu-jainkoa edo jainko-tximua ezinbesteko pertsonaia da Egiptoko kosmogonian. Antzinako jainko batzuk babuino buruekin errepresentatzen dira: Hapi jainkoa, esaterako. Horusen lau semeetako bat da. Aton jainko ikusezina tximu berde baten bidez irudikatzen da. Eguzkiaren jainkoa -Ra- babuino itxuraz agertzen da askotan. Simiook Eguzkiari egunsentietan oihu edo zaunka egiteko ohitura dute. (Azpiko irudian Ra jainkoaren gurtzan ageri dira).

BABOON8

Bebon du izena jainko babuino batek. Sexu potentzia eta jarduera bera errepresentatzen zituen. Baba edo Babi tximu jainkoaren beste bi agerpen dira.

Thot da, edonola ere, tximino itxura hartzen duen jainkorik garrantzitsuena. Jesukristo bezala, laguntzaile lanetan aritzen da hil berriari beste munduan eginiko epaiketan. Jakinduria eta idazkerarekin lotzen da Thot. Askotan, tximino beharrean, ibis hegaztiaren buruarekin agertzen da.

thotitzal

Ilargiaren jainkoa ere bada Thot. Horregatik, babuino itxura hartzen du askotan Jonsu ilargi jainkoak. Jesukristok beste munduan duen beste eginkizunetako bat hartzen du bere gain Thot-Jonsu tximinoak: gizakien eskaerei entzutea. Jesukristo bezala, gizakien eta jainkoen arteko artekari nagusia da. Egiptoko tximino jainkoari metasythmis (entzuten duen belarria) esaten zitzaion grezieraz.

Egiptoko kargu erlijiosoen artean, “Babuino Biziaren Apaiza” edo “Osiris Babuinoaren Apaiza” zeuden. Tenpluetako tximino sakratuen zaintzaile izaten ziren apaizok. Memphis eta Sakkara hirietan behintzat, tximinoei eskainiriko tenpluak bazirela dokumentaturik dago. Sakkarako Pta tenpluan dozena bateko kolonia zegoen. Haietako bat orakulu gisa aukeratzen zuten. “Babuinoaren Aurpegiak Hitz Egin Du” izena ematen zioten.

Ez zen hori tximu batek antzinako Egipton jasotako izen deigarri bakarra: “Thot Etorri Da”, “Thotek Eman Dio”, “Thot Aurkitua”, edo “Indartsua Etorri Da” ziren Hermopolisko tximu jainkoetako batzuk.

baboon5 2

Kairo Zaharreko Babilonia tenpluan tximino baten estatua erraldoia zuten, hiriaren jainko zaindariari eskainia.

Tximinoa jainkotzat hartu zuten Egipton, animalia herrialdean arrotz bilakatu zenean. Kixmi Euskal Herrian bezain arrotz. Tximinoa jainko, tximinoa errege. “Antzekoa” etorri da, “indartsua” etorri da, larru-jole nekagaitza.

BABOON10