‘Love’, tximinoen planetan

tximumusu

Genetika azterketetatik ondorioztatu dutenez, uste baino askoz beranduago bereizi ziren txinpantzeen eta gizakien arbasoak, eta
lau milioi urtez haurrak izan zituzten elkarrekin

Duela zazpi milioi urte, tximino talde bat besteengandik banandu zen, eta, bakardadean, beste ezaugarri batzuk garatzen hasi zen, gizakia izatera heldu arte. Hona bertsio ofiziala. Benetako historia askoz korapilatsuagoa izan zela iradoki dute, ordea, azken azterketa genetikoek. Ameriketako Estatu Batuetako genetista talde baten arabera, askoz berriagoa da bereizketa, eta litekeena da txinpantzeen eta gizakien arbasoak lau milioi urtez elkarrekin haurrak eduki izana.

Gizakien eta txinpantzeen genoma deskodetu zutenean, haien arbasoak noiz banandu ziren kalkulatu zuten zientzialariek, baina tranpa txiki bat egin zuten. Bi espezieen geneen arteko batez besteko diferentziak zazpi milioi urteko bereizketa erakusten zuen. Datua bat zetorren Txaden 2002an aurkituriko kaskezur baten datazioarekin (azpiko irudian). Toumai bataiatu zutena ezagutzen den lehen hominidoa zela ondorioztatu zuten 2002an.

Tranpa zertan datzan agerian utzi dute Massachusettseko Broad Institutuko eta Harvard Unibertsitateko zientzialariek: ikerketeta hartan ez zuten kontuan hartu genoma horietako eremu batzuk besteak baino gazteagoak direla, batez besteko desberdintasun genetikoa erabili zutelako. Badira, bai, duela zazpi milioi urte bereizi ziren geneak bi genometan, baina beste batzuek 5,4 milioi urte baino ez dituztela ondorioztatu dute zientzialariok. Hau da, gizakiaren eta txinpantzeen arteko azken bereizketa uste baino askoz berriagoa dela.

(Kaskezurren konparaketa: Homo sapiens A, txinpantzea B, Australopithecus africanus C, eta Toumai D)

X kromosomaren eboluzioa da horretan bitxiena. Aurkitu dutenez, besteak baino askoz gazteagoa da, 1,2 milioi urte berriagoa. «Genomaren analisiok ustekabe handiak ekarri ditu, eta esanahi handia dute giza eboluzioan», adierazi du Broad Institutuko ikertzaile Eric Landerrek.

Aurkikuntzak paleontologoen eskemak hausten ditu. Gizakiak eta txinpantzeak duela 5,4 milioi urte bereizi baziren, nola da posible giza ezaugarriak dituen Toumai-k zazpi milioi urte izatea?

Hibridazioa

«Hibridazioa», hona zientzialariok ematen duten erantzuna. Honela laburbiltzen dute eboluzioaren historia: bi espezieak duela 11 milioi urte hasi ziren bereizten, baina gero berriz elkartu eta elkarrekin izan zituzten umeak. Azkenean, behin betiko banandu ziren, duela 5,4 milioi urte inguru. «Gizakien eta txinpantzeen arbasoen arteko hibridazioak lagunduko luke azaltzen zergatik dauden gure genometan halako adin ezberdinak dituzten guneak, eta zergatik diren gizakien eta txinpantzeen X kromosomak horren antzekoak», esan du David Reich Harvardeko genetistak. Izan ere, hibridazio prozesuak aldaketa gehiago eragiten dizkio X kromosomari beste kromosomei baino. Hortaz, hori da kromosoma horren eboluzio bitxiaren zergatia.

Paleontologoek zorte handia izan behar dute hezurrak eta bestelako aztarnak topatzeko. Geneak, berriz, hor daude, zelula bakoitzean, bizidunen eboluzioaren eta historiaren dokumentu gisa. Baina genetika zientzia jaio berria da, eta oraindik ez dugu ikasi geneetan dauden datu guztiak irakurtzen. «Harrigarria da geneek ematen duten informazioa», diote MITeko zientzialariok euren artikuluan.
Nahasketak landare espezie berriak sor ditzakeela jakina zen aspaldi, baina orain arte ez da pentsatu hibridazioa animalia espezieak sortzeko modu aproposa izan zitekeela, are gutxiago eginkizun handia izan zezakeela txinpantzearen eta gizakiaren eboluzioan. Reichek adierazi duenez, animalia espezieen artean orain arte ez bada halako eboluzio mekanismorik ikusi, halakorik bilatu ez dugulako izan daiteke.

Elkarrizketa

Nick Patterson:

“Harreman haien ondorengoak gu
edo txinpantzeak diren ez dakigu”

DrNick_pat.190

Geneen detektibe antzeko bat da Patterson (irudian), txinpantzeen eta gizakien arbasoen arteko nahasketa izan zela proposatu duen ikerketaren egileak.

Kriptografian aditua da Patterson, eta egun Interneten segurtasunerako erabiltzen den kodifikazioa berak garaturiko sistemetan oinarritzen da, besteak beste. Bost urte egin ditu Massachusettseko Teknologia Institutuko (MIT) Broad Institutuan genetika aztertzen. Patterson da txinpantzeen eta gizakien arbasoen artean nahasketa izan zela proposatu duen ikerketaren egile nagusia.

Txinpantzeak, gorilak, orangutanak eta makakoak ikertu dituzue, baina lanaren ondorioetan soilik txinpantzeez mintzo zarete, zergatik?

Gure asmoa gizakien eta txinpantzeen arbasoak nola bereizi ziren ikertzea zen, txinpantzeak gure ahaiderik hurbilenak direlako. Edonola ere, beste simioak ere aztertu nahi genituen, arrazoi teknikoengatik eta konparazioa egiteko. Ikusi dugunez, X kromosoma –gizonezkoek bat dute, eta emakumezkoek biizugarri antzekoa da gizakietan eta txinpantzeetan, gaineko genomari begiratuta espero genuen baino askoz antzekoagoa. Goriletan ez da halakorik gertatzen; horietan, espero bezain ezberdinak dira. Hori da gure lehen aurkikuntza, eta azalpen bat behar zuela iruditu zitzaigun.

Nola hartu dute paleontologoek zuen teoria, kontuan hartuta fosilekin kalkulaturiko lehen hominidoen jaiotze datak oker daudela esan duzuela?

Baliteke datu genetikoak oker egotea nonbait, ez dakit, baina hala ez bada, badago hor azalpena eskatzen duen zer edo zer. Oso jende gutxi da aditu bietan, paleontologian eta genetikan, eta gu ez gara horietakoak. Genetika eta fosilen adina kalkulatzeko egungo teknikak ez datoz bat. Baina halakoak askotan gertatzen dira zientzian. Duela 15 urte fisikariek eta astronomialariek Lurra unibertsoa baino zaharragoa zela kalkulatu zuten. Bistan zen hor akats bat zegoela, eta konpondu egin zuten gero. Halako zer edo zer gertatzen da hemen. Bitartean, gurekin jator jokatu dutela uste dut.

Gizakien eta txinpantzeen arbasoek denbora luzez haurrak elkarrekin izan zituztela ondorioztatzeak argituko du kontua, ala arazo gehiago eragingo ditu?

Gu oso kontuz ibiltzen saiatu gara. Ez dugu esan halakorik gertatu zenik, baina esaten dugu datuak harrigarri samarrak direla, eta hau azalpena izan daitekeela. Hitzekin kontuz ibili behar dugu hemen, nahiz eta agian ez den irakurleek entzun nahi luketena.

Gizakien eta txinpantzeen arbasoak elkarrekin nahasi baziren, nortzuk dira harreman horren ondorengoak?

Ez dakigu. Gizakia ala txinpantzea? Bietako bat, izatekotan. Genetikako datuek ez digute esaten, ordea, bietako zein den. Asko pentsatu dugu horretaz, baina ez dugu erantzuna aurkitzeko modurik topatu.

Podcast

Goian transkribaturikoa Pattersonekin telefonoz izaniko elkarrizketaren laburpena baino ez da. Osorik entzun nahi izanez gero, hemen duzue podcasta (ingelesez dago, Pattersonen erantzunak behintzat bai). Zientzialariak euskaldunon inguruan dioena entzun ahalko duzue, besteak beste. Euskaldunon gaia berak atera du elkarrizketan, bere kabuz, inongo probokaziorik gabe (nondik deitzen nion baino ez diot esan). Oso historia genetiko interesgarria dugula dio zientzialariak, eta galdera batzuk airean uzten ditu elkarrizketak: euskaldunok al gara txinpantzeen eta gizakien arbasoen arteko nahasketaren lekuko?

powered by ODEO

3 erantzun “‘Love’, tximinoen planetan” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude