JAINKO-TXIMUAK, TXIMU-JAINKOAK

EGIPTO1

Babuinoak eta buztan luzeko tximino afrikarrak jainkotzat edo jainkoen agerpen gisa gurtzen zituzten egiptoarrek. Hainbat adituen arabera, litekeena da “babuino” hitza bera ere antzinako egiptoeratik etortzea. Hitzak animaliaren etengabeko sexu jarduerari egiten dio erreferentzia, antza denez. Egiptoko babuino sakratuen (Papio hamadryas) artean, ar batek hainbat emeko harem bat izaten du, eta urte osoan aritzen da sexu jardueran. Tximinoon gorotza erabiltzen zuten egiptoarrek afrodisiakoak egiteko.

EGIPTO3

Tximinoak jainko ziren antzinako Egiptoko erlijioan. Eta harrigarria da hori, faraoien lurraldeko naturan halako abererik ez zegoelako.

Orain Egipto deritzogun gunearen paisaia askoz berdeagoa izan zen Historiaurrean. Basamortu bihurtzen joan zen gero, eta berdeguneek Nilo ibaiaren bazterretaraino egin zuten atzera. Oasi bakartu gisa geratu ziren, hondarrak inguratuta. Erresuma Zahar garaian (2686-2160 Kristo Aurretik), litekeena da Egipton tximu kolonia basati batzuk geratzea oraindik. Erdiko Erresuman (2055-1650 K.A.), ordea, ez zen jada tximino basatirik. Orduan hasi ziren hilobietako margo lanetan agertzen. Galduriko paradisuaren lekuko?

BABOON1

Erresuma Berriaren garaian (1550-1069 K.A.), egiptoarrek Nubia eta Afrikako beste eskualdeetatik inportatzen zituzten tximinoak. Koloniak izaten zituzten tenpluetan, nahiz eta babuinoak eta tximino berdeak animalia erasokor eta arriskutsuak izan.

Zergatik, beraz, eta zertarako? Zer nolako eginkizuna zuten simiook Egiptoko antzinako erlijioan?

Margolanetan, berez gizakiei dagozkien lan eta jardueretan agertzen dira: dantzan, musika jotzen, garagardoa egiten edo gorteko emakumeei goizeko toilettean laguntzen. Dieter Kessler egiptologoarentzat ez dago zalantzarik: irudiok “funtzio erlijioso-teologiakoa dute”.

BABOON

Tximinoen garrantzia erlijiosoa nabarmentzeko, hona bi datu: Sakkara eta Tuna el-Gebel guneetan tximinoen nekropolisiak aurkitu dituzte. Ehunka tximu daude kanposantuotan hilobiraturik. Horrez gain, tximinoak momifikaturik agertzen dira askotan, egiptoarren beste animali totemiko batzuekin batera. Momifikazio prozesua oso garestia zen, eta soilik Egiptoko handikiek ordain zezaketen hilezkortasunerako ezinbesteko txartel hori.

Erregeen arbasoak irudikatzeko ere erabiltzen zituzten tximuak, hainbatetan. Are gehiago, Narmer erregea babuinoa bihurtzen agertzen da margolan batean. “Zuri Handia” deituriko tximino jainkoarekin identifikatu zen erregea.

Egiptoarren hizkuntza hieroglifikoan, buztana altxaturiko babuino bat da “amorrua” adierazteko marrazkia. “Buruak mozten dituzten tximinoak” aipatzen dituzte testu erlijiosoetan. Lau tximuk zaintzen dute egiptoarren lurrazpiko munduko Suzko Lakua.

Jainko tximuaren amorrua

Tximu-jainkoa edo jainko-tximua ezinbesteko pertsonaia da Egiptoko kosmogonian. Antzinako jainko batzuk babuino buruekin errepresentatzen dira: Hapi jainkoa, esaterako. Horusen lau semeetako bat da. Aton jainko ikusezina tximu berde baten bidez irudikatzen da. Eguzkiaren jainkoa -Ra- babuino itxuraz agertzen da askotan. Simiook Eguzkiari egunsentietan oihu edo zaunka egiteko ohitura dute. (Azpiko irudian Ra jainkoaren gurtzan ageri dira).

BABOON8

Bebon du izena jainko babuino batek. Sexu potentzia eta jarduera bera errepresentatzen zituen. Baba edo Babi tximu jainkoaren beste bi agerpen dira.

Thot da, edonola ere, tximino itxura hartzen duen jainkorik garrantzitsuena. Jesukristo bezala, laguntzaile lanetan aritzen da hil berriari beste munduan eginiko epaiketan. Jakinduria eta idazkerarekin lotzen da Thot. Askotan, tximino beharrean, ibis hegaztiaren buruarekin agertzen da.

thotitzal

Ilargiaren jainkoa ere bada Thot. Horregatik, babuino itxura hartzen du askotan Jonsu ilargi jainkoak. Jesukristok beste munduan duen beste eginkizunetako bat hartzen du bere gain Thot-Jonsu tximinoak: gizakien eskaerei entzutea. Jesukristo bezala, gizakien eta jainkoen arteko artekari nagusia da. Egiptoko tximino jainkoari metasythmis (entzuten duen belarria) esaten zitzaion grezieraz.

Egiptoko kargu erlijiosoen artean, “Babuino Biziaren Apaiza” edo “Osiris Babuinoaren Apaiza” zeuden. Tenpluetako tximino sakratuen zaintzaile izaten ziren apaizok. Memphis eta Sakkara hirietan behintzat, tximinoei eskainiriko tenpluak bazirela dokumentaturik dago. Sakkarako Pta tenpluan dozena bateko kolonia zegoen. Haietako bat orakulu gisa aukeratzen zuten. “Babuinoaren Aurpegiak Hitz Egin Du” izena ematen zioten.

Ez zen hori tximu batek antzinako Egipton jasotako izen deigarri bakarra: “Thot Etorri Da”, “Thotek Eman Dio”, “Thot Aurkitua”, edo “Indartsua Etorri Da” ziren Hermopolisko tximu jainkoetako batzuk.

baboon5 2

Kairo Zaharreko Babilonia tenpluan tximino baten estatua erraldoia zuten, hiriaren jainko zaindariari eskainia.

Tximinoa jainkotzat hartu zuten Egipton, animalia herrialdean arrotz bilakatu zenean. Kixmi Euskal Herrian bezain arrotz. Tximinoa jainko, tximinoa errege. “Antzekoa” etorri da, “indartsua” etorri da, larru-jole nekagaitza.

BABOON10

Erantzun bat “JAINKO-TXIMUAK, TXIMU-JAINKOAK” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude