Tximinoaren Ama Birjina

madonnapic1

Albrecht Dürer margolari eta grabatugile alemaniarrak egin zuen Tximinoaren Ama Birjina grabatu hau 1498. urtean. Italiako margolarien estiloa hartu zuela igartzen zaio Dürerri, Leonardo da Vinci rena nabarmen. Adituek diotenez, italiarraren madonna (ama birjina) batetik hartu zuen eredua, irudi hau egiteko. Natura edo arkitekturako osagai guztiek eginkizun zehatza dute konposizioan, ezer ez dago lekuz kanpo. Gauza bera esan daiteke irudiaren elementuen sinbolismoaz. Jesukristo haurrak txori bati jatekoa ematen dio. Adituen aburuz, txoria txorru bat da, hau da, arimen salbazioa irudikatzeko erabiltzen zen hegaztia.

  • Bekatuaren, lizunkeriaren, gularen, maltzurkeriaren eta gaiztakeriaren sinbolo da tximinoa. Batzuetan, gizakiaren alferkeria irudikatzen du. Satanen errepresentazioa da, bestetan. Ebaren ikur gisa erabili ohi zen, bekatugilea bekaturik gabeko Ama Birjinaren figurarekin kontrajartzeko. Sinagogaren sinbolotzat ere hartzen da, hau da, juduen fedearena.Tximuak –dio Aeppli psikoanalistak- gizakiaren antza du, baina ez da gizakia. Jainkotasundeabrutasuna sinbolizatzen du.

marakatti

Guri irudian ageri den beste animalia interesatzen zaigu, jakina. Ama Birjinaren oinean, gerritik hesira kateaturik dagoen tximua, makakoa. Tximinoek arte kristauan duten sinbologiaz honakoa diote hiztegiek:

Iesu Christi scimius (Jesukristo tximinoa edo imitatzailea) ideiaren errepresentazioa dugu, beraz, Dürerren makakoa. San Agustinek De Libero arbitrio (Erabakimen Librea) idazlanean agertzen du ideia (III. Liburuaren, XXV. Kapituluan). Gaitzaren sorburuaz mintzo da San Agustin, eta honako galdera erantzun nahi dio: zer darama gizaki arrazionala ongiatik gaitzera?

  • Bere buruari begira Jaungoikoa imitatu gura makurrean atsegin hartzen badu, bere boterean gozatu nahian, zenbat eta handiago izan nahi, orduan eta txikiago aurkitzen da. […] Deabruaren bekatua harrokeria izan zen; harrokeriari inbidiarik makurrena gehitu ostean gizakiarengana hurbildu zen bera hondatu zuen harrokeria hori kutsatu nahian.

Deabruak etengabe sortzen ditu Jainkoaren erresumaren imitazioak, gizakiak nahasteko, San Agustinen arabera. Bizitzaren erdia manikeoen sektako kide gisa eman zuen San Agustinek, eta, beste erdia, manikeoen ideiak faltsuak zirela erakutsi nahian. Beste erlijioen edo filosofien “faltsukeria” salatzeko erabiltzen zuen Jesukristo-tximino-imitatzailearen irudia. Jainkoaren tximinoaren ideia, Agustinen baino lehen, San Jeronimoren idazkietan agertzen dela diote hainbat adituk. Beste batzuk Tertuliano harengana garamatzate, eta bada Testamendu Zaharreko Isaias profetaren ahoan jartzen duena ere (nik ez dut horren arrastorik aurkitu Isaiasen liburuan).

Tximinoa -deabrua- katez loturik ageri da Dürerren grabatuan. Erromako Elizak paganismoa, judaismoa eta kristautasunaren dotrina “heretikoak” menpean hartu dituela irudikatzen du. Beste erlijioak edo sinismenak izate hutsak arriskutsutzat hartu du beti Erromako Elizak. Azken atala, aurtengo apirilean ikusi dugu: Joan Paulo II.aren hiletako hitzaldian erlatibismoaren diktadura salatu zuen Joseph Ratzinger kardinalak, hau da, Eliza Katolikotik at egiarik ez dagoela esan zuen.

Faltsua versus egiazkoa

Kristorenganako fedea baino sisnismen zaharragoak egoteak Kristautasuna faltsua dela iradokitzen ez ote duen beldur izan dira beti. Orijinalak kopia salatzen du.

Jean Baudrillardek ezin argiago adierazi zuen faltsua eta egiazkoaren arteko dialektika paradoxiko hau America liburuan. Disneylanden izan zen filosofoa, Walt Disneyren fantasien inguruan antolaturiko parkean. Estatubatuarrek Disneyland asmatu behar izan zuten, dio Baudrillardek, handik kanpoko guztiak -Ameriketako Estatu Batuak, alegia- gezurrezkoak, fikziozkoak, direla ezkutatzeko.

Tximinoaren beste Ama Birjina bat aurkitu dugu. Garaikidea da hau, nahiz eta antzinako maisuen estiloan margoturik egon. Susan Saladinok eginiko olio lana da The Madonna and Chinpanzee. Saladino ez da arte liburuetan agertzen (ezta agertuko ere, ziurrenera). Disneyworldetik at dagoen America horretan abandonaturiko abereentzako aterpeak sortzeko margotzen du, antza, espezieen arteko harmonia goresteko.

Edonola ere, uste artistikorik ez izateak, kendu beharrean, indar handiagoa ematen dio Ama Birjinaren besoetako Kixmi honi.

ap-ssart-chimp

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude