Etiketaren artxiboa: sahara

Sahara askatu!

Aurten ere, saharar umez  lepo hiru hegazkin etorri dira Euskal Herrira. Hala entzun nuen irratiz.
Egun t’erdiko bidaia egin eta gero, autobusetan ziren desertutik etorritako
neska mutikoak hiru hilabeterako beraien etxeak izango diren hiri eta
herrietarako bidean. Nekatuta oso. Baina berbati, ilusioz beteta eta paisaiari
so begi handi horiekin.

Elkartasun adierazpen itzel hori antolatzen duen emakumeetako bat elkarrizketatu
zuten Euskadi Irratian eta berak emaniko zehaztasunek hunkitu ninduten.
Irrati-seinalea ez zen oso ona eta autobuseko burrundarak ez zuen batere
laguntzen.
Lasai egotera, ondo jatera eta jolastera etortzen da urtero ume andana hori
EHko udako giroa poztera. Horiek ziren elkartasun ekitaldiaren helburuak.

 Halako batean,
irratirako kronikagile lanetan zegoenak autobusekoen zaratak ezin
menderatu eta isiltzeko eskatu zien. Kasu egin zioten. Eta, han imaginatzen
nituen nik, geldi-geldi, ulertzen ez zuten hizkuntzan, beraiei buruz ari zirela
jakitun.

 Elkarrizketari amaiera emateko orduan, EIko
esatariak, azkenean, builaka hasteko  baimena
eman zien haurrei. Hauek ez zuten aukera galdu
eta… zer eta…  ”Sahara libre,
Sahara libre” oihukatzen hasi ziren, behin eta berriro.

Desertuko ur faltan, askatasun egarriz datoz.

Ondo pasa ditzatela oporrak haur-mezulari
hauek!

Elkartasunak duen indarra handia da gero.

Mundiala

Lokutorio bateko kanpokaldean telefono txartelak saltzen zebilen futbol
selekziorik gabeko gazte batekin egin dut topo.
Txartel gutxi saldu dituela esan dit. Ni ez nintzela eroslerik
aproposena berehala konturatu da. Baina han gelditu da nirekin
berriketan.
Zerbait esatearren, batere interesatzen ez zaidan gauza bati buruz egin
diot galdera. Ea nork irabaziko duen futbol txapelketa.
Iparrafrikar itxurako nire lagun berriak, bere herriak ez duela
mundialean parte hartzen duen selekziorik esan dit.
Nireak ezta, aitortu diot nik.
Ez neukan galdetu beharrik nongoa zen, baina bada ezpada ere, berak argi
utzi gura zuen saharauiarra  zela. Arro zegoela.
Alde egiterakoan,  euskal selekzioak jokatzerik baleuko irabazi egingo
lukeela bota diot, probokazio hutsez.
Hala balitz , bera asko poztuko litzatekeela esan dit.
Bost euroko telefono txartela erosi diot, mapan agertzen ez diren
herrialderen batera deitzeko, ilusioa faltan dudanen batean.