Etiketaren artxiboa: albistegia

Albisteak salgai

Telebilbao eta Radio Nervión “tokiko” irrati-telebistek beraien albistegietan notiziak “emititzeko” aukera eskaintzen dute, diru truke.
Adar-jotze baten aurrean ez geundela saiesteko, telefonotik bertara deitu eta sinpletasun osoz  konfirmatu ahal izan dut benetakoak direla tarifak.
Beheko taula honetan, telebistako prezioak ageri dira. To eskaintza!

Salneurrien eta zerbitzuen berri ematen duen orrialdeak dioenez, “Telebilbao le ofrece la posibilidad de emitir una pieza de hasta 3
minutos de duración sobre su acto NdP o RdP dentro de los informativos
de nuestra cadena sin coste de emisión…”. Erosleak ekoizpen kostua baino ez omen du ordaintzen.

Esaterako, notizia ala erreportaje formatoan, bezeroak eskatu eta ordaintzen duenaren arabera, 3 minutuko bi albiste (470€+BEZa ala 840€+BEZa; emisio eremuaren arabera) eta irratirako  minutu bateko albistea, 200 €+BEZa.
“Prezio ezin hobeak!!”, merkadilloko saltzaileak oihukatuko lukeen bezala.

Albistegien, irrati-telebisten eta, orokorrean, hedabideen atzetik interes komertzial, politiko eta ekonomikoak zeudela bagenekien.  Eguneroko kontua da hori, baina egia da, oraindik  ere, harritu egiten zaituela dirutan kuantifikatzeko ahalmena dutenak.

Horrelako “produktuak” eskaintzen dituen “komertzialak”, kazetaritzaren kode deontologikoa eta lotsa bazterrean utzi behar ditu eta hedabideen zirkuan harro-harro sartu. Agian, bere baitan pentsatuko du, “besteek ere salgai jartzen dutenagatik zergatik ez dut bada nik diru apur bat eskatuko”?

Parrez lehertzen, albistegia tarteko

Igandea zen, bazkalordua, Euskadi Irratia piztuta neukan kotxean. Asteburuetako albistegiek sarri edukitzen duten gatz eta piper faltagatik ez naiz gauza zertaz ari ziren esateko.
Esatari nagusiak bigarren bati pasu eman eta irakurtzen hasi zen. Halako batean, bigarren neska hau estulka hasi zen. Eten  egin  zuen irakurketa. Ezin aurrera egin.
“Zer gertatzen ari da” zure buruari galdetzeko astirik eman gabe,  berriro ekin zion esku artean zeukan notiziari, barkamena eskatu eta gero. Baina, ezin. Berriro ere estulak, doministikuak eta amaitu gabeko hitzak.
“Neska honi zerbait gertatzen zaio” pentsatu nuen. Eta hala zen. Hirugarren aldian albistea errematatu guran zebilela,  estula eta arnas estua algara bilakatu ziren. Parreari ezin eutsi.
Zuzeneko saioek hori dute ona,  esatariak pertsonak direla erakusten digutela. Benetakoak direla agerian utziz, bapateko behar eta  etorriei  erantzuten behar diotela.
Nik ere parrezka amaitu nuen. Eskerrik asko.

Ajuste de cuentas en Burgos

Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko albistegien eskaletak hieroglifikoak bezain ulergaitzak egiten zaizkit, astelehen goiz honetan.
Lehen postuetan joan dira eguraldi kaskarra, trafiko arazoak,  TJ eta TG Madrilgo sozialisten arteko lehia, larunbateko manifestazioaren biharamunak, langabeziaren datuak eta beste haibeste.
Azkenetan bakarrik aipatu dute bizkaitar bat bahitu zutela atzoTrebiñon eta oraindik ere desagertuta dagoela.
“Zetorrenetik zetorrela, bortizkeriaren kontra” egotearen filosofiari muzin eginez, berri hau albistegietako hondarretara joan da.
Berritsaioan aipatu duten modura, “bortizkeria politikoarekin zerikusirik ez edukitzearena” izango ote da garrantzi rankinean hain atzera egotea! Ala EITBren informazio mapatik kanpo dagoela!