Etiketaren artxiboa: tarifa

Albisteak salgai

Telebilbao eta Radio Nervión “tokiko” irrati-telebistek beraien albistegietan notiziak “emititzeko” aukera eskaintzen dute, diru truke.
Adar-jotze baten aurrean ez geundela saiesteko, telefonotik bertara deitu eta sinpletasun osoz  konfirmatu ahal izan dut benetakoak direla tarifak.
Beheko taula honetan, telebistako prezioak ageri dira. To eskaintza!

Salneurrien eta zerbitzuen berri ematen duen orrialdeak dioenez, “Telebilbao le ofrece la posibilidad de emitir una pieza de hasta 3
minutos de duración sobre su acto NdP o RdP dentro de los informativos
de nuestra cadena sin coste de emisión…”. Erosleak ekoizpen kostua baino ez omen du ordaintzen.

Esaterako, notizia ala erreportaje formatoan, bezeroak eskatu eta ordaintzen duenaren arabera, 3 minutuko bi albiste (470€+BEZa ala 840€+BEZa; emisio eremuaren arabera) eta irratirako  minutu bateko albistea, 200 €+BEZa.
“Prezio ezin hobeak!!”, merkadilloko saltzaileak oihukatuko lukeen bezala.

Albistegien, irrati-telebisten eta, orokorrean, hedabideen atzetik interes komertzial, politiko eta ekonomikoak zeudela bagenekien.  Eguneroko kontua da hori, baina egia da, oraindik  ere, harritu egiten zaituela dirutan kuantifikatzeko ahalmena dutenak.

Horrelako “produktuak” eskaintzen dituen “komertzialak”, kazetaritzaren kode deontologikoa eta lotsa bazterrean utzi behar ditu eta hedabideen zirkuan harro-harro sartu. Agian, bere baitan pentsatuko du, “besteek ere salgai jartzen dutenagatik zergatik ez dut bada nik diru apur bat eskatuko”?