Israelen epaiketa entzutetsua ustezko faltsutze kasu bat dela eta

Ama Atan “El juicio del siglo de una supuesta falsificación epigráfica” tituluaz artikulu mamitsua argitaratu du Koen Van den Driesschek.

2002an jakitera eman zen Santiagoren hezur-kutxa deiturikoa aurkitu zela. Idazkun bat zuen harrian zizelkatuta: SANTIAGO JOSEREN SEMEA, JESUSEN ANAIA. Beste bat, garai bertsuan, Joasen Inskripzioa.  Ontzat eman ziren hasieran; gero faltsuak zirela aldarrikatu zuten Israelgo adituek. Azkenik, epaiketa egin eta benetakotasunaren alde makurtu da berriz balantza.

Nabarmenak dira Iruña-Veleiako auziarekin dituen kidetasunak. Artikuluak merezi du irakurtzea.

320px-JamesOssuary-1-jehoash2

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

‘Eliseo Gil kondenatu nahi dute’

Gaur Gara egunkarian eta Naiz agerkari digitalean agertu den artikulua. Gordina, baina errealitatea askoz gordinagoa, nire iritziz.

Eliseo Gil kondenatu nahi dute

Badut lagun bat kalean gelditu eta beti galdera bera egiten didana: «Nola doa hori?». Kafe bat hartzera gonbidatu nuen atzo. Jarri zaitez Eliseoren larruan -hasi nintzaion-, sekulako aur- kikuntza egin eta ikusi zelako saria jaso duen: lapidazio mediatikoa, desohorea, langabezia… Eta hori gutxi ez eta, arrisku bizian dago kartzelara joa- teko eta ikaragarrizko isuna bereganatzeko.

«Baina seguru zaudete benetakoak direla?». «Seguru-seguru, zeruan dagoen atsoa», esaten da gurean, baina bai, oso zalantza gutxi geratzen zaigu. Bost urte daroagu gaia alderdi ezberdinetatik aztertzen, eta begirada garbiarekin hurreratu garen guztiok ondorio berera heldu gara: ezin dira faltsuak izan. Esan behar, gainera, txostenak eginez busti diren aditu gehienak atzerritarrak direla; Euskal Herrikoek nahiago izan dute txistua jo eta beste leku batera begiratu.

«Baina zergatik dira zuen ustez benetakoak?». Batetik, grafitoen edukietan ez dagoelako anakronismorik edo ezinezkorik. Esku eta garai ugari ikusten delako; gaiak, hizkuntzak, grafiak, marrazkien estiloak eta abar oso anitzak direlako. Koherenteak direlako arkeologoek proposatzen duten testuinguruarekin. Gainera eurek atera dituzte lurretik. Bestetik, zein hasiko da horrelako gauza bat faltsifikatzen? Eta zertarako? Txostengile batek esan zuen bezala, hau iruzurra balitz arkeologiaren historiako arraroena, sofistikatuena eta garestiena litzateke. Absurdua da guztiz.

«Baina zer interes egon daiteke faltsutzat jotzeko?». Gai malapartatu honetan bat egin dute hainbaten interes, esan dezagun, ez oso jatorrek. 1) zenbaiten botere eta diru interesak (unibertsitateko Historia Saila, aztarnategiaren oraingo zuzendaria, bereziki). 2) beste zenbaiten interes «akademikoak» (Filologia Saila; hango irakasleren batek edo bestek arriskuan ikusi ditu, nonbait, «onartutako» teoriaren batzuk, grafitoetako euskara ez delako uste zuten modukoa zenbait gauzatan). Eta 3) historiografia espainiar antieuskaldunenak ere arriskuan ikusi du bere teoria kutuna: «Beranduko baskonizazioa»; grafitoak ontzat emanez gero, pikutara hainbeste nekerekin hondar gainean eraikitako gaztelua. Kontua da eskutik helduta ikusi ditugula denak, gure zenbait agintariren bedeinkapenarekin eta babesarekin.

«Bueno, baina hor egongo dira alderdi abertzaleak, honi aurre egiteko…». Hobe bai. Alderdi abertzaleak, salbuespen- txoren batekin, izan dira okerrenak. Eurak zeuden Aldundiaren Gobernuan, eta ezjakintasunagatik, konplexuengatik edo auskalo zergatik, itsu-itsuan sinetsi zuten euskal unibertsitateko irakasleen bertsioa, eta Eliseo Gilen kontra jo zuten auzitara eramanez eta faltsutzaile bezala seinalatuz.

«Nola dago orain egoera?». Momentu kritikoan. Madrileko Kultura Ministerioko laborategiaren analisiak iruzur hutsa izan dira, nire ustez. Ez dituzte hezurrezko eta adreiluzko piezak analizatu nahi izan, datatzen errazenak, benetakoak direla garbi geratuko zen beldurrez. Eta buztinezko piezei buruzko txostena aurreiritziz eta azpikeriaz josia dago; ad hoc egindakoa da, bezeroak eskatutako neurrira.

«Zeure onetik irtenda ikusten zaitut». Zeu ere egongo zinateke Ertzaintzak daraman instrukzioaren berri izango bazenu. Pentsatzen dut, ikerketa inpartziala egin beharrean, Diputazioaren kereilaren «gidoia» jarraitu dutela zintzo-zintzo, eta denok dakigu zeinen kondena bilatzen duen kereila horrek. Hori gutxi ez eta, uztailaren hasieran Batzar Nagusietan Kultura diputatuak egindako agerraldian, «geure» ordez- kari batek txalotu egin du Ertzaintzaren jokabidea.

«Ezta izango? Panorama beltza jartzen didazu». Beltza eta krudela. Oso litekeena da epaileak laster Eliseo Gil tribunaletara eramatea. Eta hasieran esan dizut nolako harria eror dakiokeen.

«Honek Altamirako kasuaren gero eta antz handiagoa du. Sautuola gizajoa ere antzera tratatu zuten. Bera hil eta gero onartu zuen munduak aurkikuntza handia egin zuela». Hau okerragoa dela esango nuke. Hura behintzat ez zuten auzitara eraman. Eta XIX. mendea zen, eta gu XXI.ean bizi gara, oker ez banago. Arkeometria laborategi espezializatu batek goiz batean erabakiko luke auzia. Eta horren beharrik gabe ere, aski litzateke arkeologo neutral batzuek indusketa kontrolatuak egitea grafitoak azaldu diren inguruetan.

«Eta zer egin dezakegu?». Ez dakit. Bakoitzak ikusiko du. Batzuek behintzat Eliseori elkartasuna eta berotasuna ematen jarraituko dugu. Bere egoera kafkiarra da. Egizu horrelako aurkintza bat honetarako… Eta materialak zakarrontzira joateko arriskuan. Jarraituko dugu auzia ezagutarazten eta bidegabekeria sinestezin hau salatzen. Eta jende bati enegarrenez esango diogu grafitoak benetakoak direla eta kontuak ateratzeko.

«Zuk uste duzu hau sekula argituko dela?». Egiak bere bidea egingo du lehentxeago edo geroxeago. Eta historiak epaituko gaitu denok, eta beharbada uste baino lehenago gainera.

Juan Martin Elexpuru

Kategoriak Sailkatugabeak | 3 iruzkin

Jaialdi ederra Otxandion Bittor Kapanaga gogoratuz

Eguerdian Korostondo Jatetxean bildu ginen Bittorren 50 bat lagun, eta bazkari oparoaren ondoren mikrofonoa eskuz esku ibili zen. Bikttorri buruzko iritziak, anekdotak, herrigintzan eta euskalgintzan egindako ekarpenak eta beste gauza asko jorratu ziren oso giro alaian.

Iluntzean jaialdia elizan. Baina gauzak ez errepikatzeko, Euskeraren Jatorrikoak egindako kronika irakur daiteke. ETBk egindako jaialdiaren grabazioa

Gogoratu ‘Bittor Kapanaga, Otxandioko aztia’ egitasmoaren barruan bera ezagututako 26 lagun elkarrizketatu zirela eta bideoak ikusgai daudela. Jaialdiaren hasieran ekitaldirako eginiko dokumentala proiektatu zen.

dokumentala Youtuben        dokumentala

bittor k

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

‘Iruña-Veleia eta EHUko Letren Fakultatea’

Euskararen Jatorria Elkarteak artikulua argitaratu du izenburu horrekin erabili.com gunean. Lehen parrafoa kopiatzen dugu:

‘Uztailean lau urte beteko dira EHUko Letren Fakultateak Iruña-Veleiako indusketa eremu bat hondeamakina batez errotik suntsitu zuenetik, Yolanda Barcinak Iruñeko Gaztelu plazan egin zuen bezalaxe. Horregatik, ekainean Euskeraren Jatorriaren Elkarteak ondorengo idazkia eman zien Julio Nuñezi eta Agustin Azkarateri Iruña-Veleian izan duten jokaeragatik (Lurmeni orain 6 urte datazioak eta kata kontrolatuak ukatzegatik) eta Nuñezek orain 4 urte egin zuen suntsiketagatik:’

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Bittor Kapanagaren omenezko jaialdia Otxandion uztailaren 12an

Kapanaga

Ondo merezitako omenaldia izango du Bittorrek uztailaren 12an. Jakina den bezala, kantu-letrak egiten ere nabarmendu zen; berea da, esate baterako, Araban bagare famatua. Bittorren zenbait adiskidek taldea osatu eta hainbat ekimen jarri dituzte abian. Otxandioko aztia ondo ezagututako 26 pertsona elkarrizketatu dira bideoz eta horren emaitza ikusgai dago ahotsak.com gunean. Horretaz gain, Bittorren obra, tartean Erro eta Gara liburua, argitaratzeko asmoa dago bi liburu marduletan.

Kartelean ikus daitekeenez, jaialdia oso erakargarria da. Aurrez egingo den bazkaria ere bai. Joateko asmoa baduzu, azkar ibili, txartelak agortu baino lehen.

Kantaldia. Sarrera 6 euro.

Bazkaria eta Bittorri buruzko solasaldia, uztailak 12, 14:30, Korostondo Jatetxea (Otxandio). 25 euro (bazkaria+kantaldia barne). Aurrez hartu behar da txartela. KK/2095-0113-10-9109602853.. Abonuan izen abizenak jarri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

2014ko indusketa kanpaina eta bisita gidatuak iragarri dituzte

Iciar Lamarain diputatuak eta Julio Nuñez zuzendariak 2014ko indusketa kanpaina eta bisita gidatuak iragarri dituzte.

Bideoa

Prentsa-oharra

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Laborategiko txostenaz gogoeta kritikoak, lehenxeago edo geroxeago lehertuko direnak

Koenraad van den Driesschek sarrera labur bat egin zuen duela aste batzuk amaata blogean “Vivo y coleando” izenburuarekin. Laborategiko txostena zehatz-mehatz aztertu ondoren, iruzur hutsa dela konbentzitu da eta, aldi berean, grafitoak benetakoak direla. Zenbait xehetasun ematen du, baina gauza handiak beste baterako uzten ditu. Zera dio besteak beste:

Desde el escepticismo inicial he evolucionado hasta la convicción de que los grabados son verdaderos, es decir antiguos. Lo demuestra, en mi opinión, el material gráfico del informe. En su debido momento explicaré mis argumentos.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Erreportajea Argia-ren webgunean

Argia astekariaren webgunean Euskararen Jatorria Elkarteak ondutako erreportaje luzea argitaratu da. Iruña-Veleia: egin nahi ez dituzten datazioek hilabete batean argituko luketen gaia du titulua. Nuñezen txikizioaren bideoa ere lotuta dago.49471iruna-veleia-1

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Mapi Alonsoren elkarrizketa Hala Bedi Irratian

Mapi Alonso, Sos Iruña-Veleiako kidea,  Hezkuntza Zientzietan doktorea da. Elkarrizketa mamitsua egin dio Hala Bedi Irratiak “Hordago Nabarra” programaren barruan.

Alonsoren lan batzuk gaiaz: 1)” Los niños de Iruña-Veleia“. 2) “Análisis de un texto escrito en euskera…”

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Euskoiberismoa jorratuko du maiatzaren 10ean Gernikan egingo den Euskeraren Jatorriaren Biltzarrak

Maiatzaren 10ean egingo du Euskeraren Jatorriak bere 9. Biltzarra eta aurten euskoiberismoa izango du gai ardatza. Virgilio Correia Oportoko Unibertsitateko irakaslea da hizlari gonbidatuetariko bat.

Biltzarraren lekua: Gernika-Lumoko Astra bilgunea. Izena ematea: 45 € (bazkaria barne). Ikasle edo langabetuak: 30 €.

Programa eta bestelako xehetasunak hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina