Arabako Audientziaren zain, osteguneroko bilkurekin jarraitzen dugu

2017-06-22

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

‘Zaintza neutrala’, Gontzal Fontanedaren gutuna Berrian

Gontzal Fontaneda gasteiztarraren gutuna agertu zen ekainaren 14ko Berrian:

“Dirudienez, Iruña-Veleiaren auzian azkenean epaiketa izango da. Salatuak errugabeak ala errudunak diren ebatzi beharko da. Eta horretarako, grafitoak aztertu beharko dituzte, benetakoak ala faltsuak diren jakiteko.

Arabako Foru Aldundiak, salatzaileak, eta epaile izapidegileak grafitoak faltsuak direla baieztatu arren, ez dago batere frogarik. Aldundiaren aldeko adituek faltsuak, apika, direla bakarrik uste dezakete, Eliseo Gilen aldeko adituek benetakoak agian direla bakarrik uste duten bezala. Usteak bakarrik daitezke, grafitoei data jartzeko azterketa inork ere egin ez duelako; Aldundiak eta beraren aldeko adituek ez dute nahi eta epaileak ez du exijitzen eta. Nabaria da konponbide bakarra azterketa dela (Eliseo Gilek hasieratik eskatu duena). Aldundiak nahi ez duenez eta epaileak exijitzen ez duenez gero, martxoan Eusko Jaurlaritzari gutun bat bidali nion, grafitoen azterketa eginarazteko baimena epaileari eska ziezaion. Egokia ez zela erantzun zidan. Martxoan erregu bat aurkeztu nion epaileari, grafitoak Jaurlaritzaren zaintza neutralpean jar zitzan eskatuz. 2017, Eliseo Gilen birgaikuntzaren urtea.”

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Uztailaren 1ean egingo da aurtengo lehen bisita gidatu alternatiboa

IRUÑA-VELEIA, bisita gidatu alternatiboak 2017

2015 eta 2016ko bisitak arrakastatsuak izan ziren.  20 egin ziren eta ia 600 lagunek hartu zuten parte. Bisitariak gustura, antolatzaileak ere bai.

  • Uztailaren 1ean, larunbata, izango da aurtengo lehenengo bisita.
  • Bi talde egingo dira, bata euskerazkoa eta bestea gaztelerazkoa. Talde bakoitzak bere gidaria izango du.
  • Hitzordua: 11:00 aztarnategiko aparkalekuan . Bisitak 13:00 arte irauten du, gutxi gorabehera. Lehenik harresien kanpoaldea eta Arkizeko muturra bisitatzen dira eta gero harresi barrua.
  • Bisitak doan dira.
  • Izena emateko: bisitak.sosirunaveleia@gmail.com (bisita-eguna baino bi egun lehenagora arte. Garaiz ibili, mesedez).
  • Aurten ez dugu egingo bazkaria eta ondorengo proiekzio- solasaldia, beste urteetan bezala.
  • Hilean bisita bat (bikoitza, euskeraz eta erderaz) egiteko asmoa dago urrira arte. Aurrez iragarriko ditugu datak.
  • Talde antolatuak ere hartzen ditugu (lagun-talde, kultur-talde…). 12 lagun gutxienez. Jarri harremanetan eguna zehazteko eta abar gure helbidera idatziz. Interes handia eta nahikoa jende izanez gero, bazkari-solasaldia ere egin daiteke.

SOS Iruña-Veleia

****

IRUÑA-VELEIA, visitas guiadas alternativas 2017

Las visitas 2015 y 2016 fueron todo un éxito y dejaron satisfechos tanto a organizadores como a visitantes. Se hicieron 20 en total, con casi 600 participantes.

  • La primera visita tendrá lugar el 1 de julio, sábado
  • Se harán dos grupos, uno en euskera y otro en castellano. Cada grupo tendrá su propio guía.
  • Cita: 11:00 en el aparcamiento del yacimiento. Las visitas duran hasta las 13:00 más o menos. Se visita primero el exterior de las murallas y el Espolón de Arkiz y después el interior.
  • Las visitas son gratis.
  • Para apuntarse: bisitak.sosirunaveleia@gmail.com (hasta dos días antes. No dejarlo para última hora).
  • Este año no organizamos la comida y la posterior proyección-charla como en ediciones anteriores.
  • Prevemos hacer una visita al mes (doble, euskera y castellano). Anunciaremos con antelación las fechas.
  • También hacemos visitas con grupos organizados (grupos de amigos, asociaciones culturales, etc.). Mínimo 12 personas. Ponerse en contacto escribiendo a nuestra dirección electrónica para fijar fecha, etc. En caso de suficiente gente y mucho interés, se podría organizar la comida-charla.

SOS Iruña-Veleia

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Arabako Audientziaren erabakiaren zain

Zertan dago Eliseoren auzia? Noiz hasiko da epaiketa?, galdetzen zaigu behin eta berriz. Galdera logikoa, maiatzaren 3an argitaratu baitzen epailearen autoa; orduan hedabideek esan zuten, eta geuk ere bai, hamar egun zutela diputazioak eta fiskaltzak akusazioa zehazteko edota artxiboa eskatzeko. Hilabete pasatu da eta berririk ez.

Kontua de akusatuek bost eguneko epea zutela autoa errekurritzeko, apelazioa egiteko, hauen abokatuek hori egin zutela artxiboa eskatuz, eta orain Arabako Audientziak erabaki behar duela errekurtso horiek onartu ala ez. 

Arabako Audientziak sei hilabeteko epea omen du erabakia hartzeko, baina normalean hilabete edo hilabete eta erdi behar izaten omen du. Beraz, epaileak instrukzioa zortzi urte luzatu ondoren, orain Audientziak berak luzatu dezake auzia. Logikoa litzateke laster berriak izatea, baina orain artekoa ikusita, hobe pronostikorik ez egitea.

Kategoriak Sailkatugabeak | 2 iruzkin

Hernaniarrak eta zizulkidarrak bisitan

Joan den igandean, Dobera Euskara Elkarteak eta Hernani Errotzenek antolatuta, bisita gidatua egin zen Iruña-Veleiara. Zizurkildar batzuk ere bildu ziren taldera. Hogeitamar bat lagun izan ginen denera. Eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, goiz ederra pasatu genuen giro ezin hobean.

Hernani-zizurkildarrak (2017-06-04)

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Ostegunean aurkeztu zen hedabideen aurrean ‘Euskararen aztarnak Sardinian’

Joan den ostegunean aurkeztu zen Donostian nire Euskararen aztarnak Sardinian. Ari da hedabideetan oihartzuna izaten.

 

Pamielaren webguneko bideoa

Diario Vasco-n Felix Ibargutxik egindako elkarrizketa luzea. Garako kronika, Ariane Kamiorena (ez dugu aurkitzen Interneten). Bestalde, Euskadi Irratian Mezularian, Onda Vascan eta Bilbo hiria eta Halabedi Irratiaren Araba Hizpide programan ere egin dizkidate elkarrizketak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Azpeitian ‘Euskararen aztarnak Sardinian?’ liburuaren aurkezpen-hitzaldia maiatzaren 31n, asteazkenez

Datorren asteazkenean, maiatzak 31, nire Euskararen aztarnak Sardinian? liburua aurkeztuko da hitzaldi baten bidez. Napar Zuzterrak Elkarteak antolatzen duen zikloaren barruan izango da.

Lekua eta ordua: Baigera Elkartearen aretoa, 19:00.

Hitzaldiaren bideoa, Elkarteak editatua. Milesker, Joseba.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Biltzarkide eta kazetariendako ‘opium’a Kultura Diputatuaren ahotik, aztarnategiaren egoera dela eta

“Egiari zor” esan ohi da egi-egia diogula azpimarratu nahi denean. Ba egiari oso gutxi zor dio Arabako Kultura Diputatuak Biltzar Nagusietako batzorde bati kontatu eta EFE agentziak jaso duenak. Halako batean “la señalización dentro del “opium” dio kazetariak, “oppidum” beharrean. Lapsus geniala. Biltzarkideak ez ote zuten galderarik egin? Esate baterako, zer egiten du orain Nuñezek? Zuzendari izaten jarraitzen al du? Ala zigortuta jarraitzen du? Nor da une honetan zuzendaria? Edota, noiz argitaratu behar dituzte zazpi urte hauetako aurkikuntzen berri ematen duten txostenak?

Eta denok buruan dugun galderari erantzunik ez: zer egingo du orain Diputazioak auzi judizialean? Correok iradoki bezala 250.000 euroko isuna eta 5-9 urteko kartzela eskatuko du Eliseo Gilen kontra, ala auzia artxibatzea frogarik ez dagoelako?

Hau ote da “la postverdad” famatua? Merezi du Koenraad Van den Driesschek Ama Atan egin duen sarrera irakurtzea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Aste honetan argitaratuko da “Euskararen aztarnak Sardinian?” liburua

Pamielak editatzen du eta 368 orrialde eta 160 bat ilustrazio izango ditu. Datorren larunbatean, maiatzak 27, Zarauzko Garoa liburutegian egingo da lehen aurkezpena (13:40) Literaturia Jardunaldien barruan  Editore lanak egin dituen Jose Angel Irigarairekin hogei bat minutuko solasaldia.

Kategoriak Sailkatugabeak | 4 iruzkin

“Murgitik Apinaizera Duratik igaroz”, Euskaltzaindiaren herri-izendegiaz gogoetan

Maiatzaren 17an artikulu hau agertu zen Berrian.

2017-05-17 / Juan Martin Elexpuru – Idazlea

Igarriko zenuke nondik nora ibili garen, irakurle? Nahikoa lan. Ba horrelaxe idatzi beharko zenuke Euskaltzaindiaren «irizpen eta gomendioei» jarraitzera, ezen Murgiatik Apellanizera Duranatik igaroz jarriko bazenu, hainbat akats egingo zenuke, eta zuzentzaileak ekarri beharko luke esaldia bere onera.

Gauza jakina da izen bat baino gehiago izan ohi duela sarri leku batek. Batzuetan euskarazkoa/erdarazkoa (Iruña/Pamplona), beste batzuetan aldaera fonetikoa (Galdakao/Galdakano), eta abar. Kasuistika amaigabea da. Ez da beti erraza euskarazko izen «ofiziala» adostea. Batzuetan aukerak hainbat izaten dira, eta zenbat buru hainbat aburu. «Kriterio bat hartu eta beti aplikatu», esango du norbaitek, baina irizpide karratuek ez dute honetarako balio.

Euskaltzaindiak lan handia egin du leku-izenen normalizazioan, atzerriko zein etxeko. Etxekoak hartuko ditugu hizpide, Arabakoak gehienbat. Dena dela, aurrera jarraitu aurretik, garbi gera bedi akademiari diodan estimua, nahiz eta pentsatu guzti-guztia ere ez duela ondo egiten, eta noizean behin zirikatu egin behar dugula.

Goazen harira. 2016an argitaratu zuen «Euskal-Herriko leku-izenak» azken eguneraketa. Gauza jakina da bokal arteko [n] askotan galdu egiten dela leku-izenetan. Arabako –ana bukatuei begiratuko diegu lehenik. Zerrendaren arabera, ez dute [n] galdu: Erretana, Antoñana, Antezana, Zanbrana…, eta bai ostera Dura(na), Matura(na), Lopida(na), Subilla(na)… Erretana eta Dura(na) elkarren ondoan daude; zer pekatu egin ote du Dura(na)k azken silaba ken diezaioten, Erretana osorik geratu den bitartean? -ano: Abornikano, Aprikano, Bitoriano, Uzkiano…, baina Berrika(n)o, Miña(n)o, Zir(i)a(n)o, Zurba(n)o-niz: Dordoniz, Trokoniz… baina Albe(n)iz, Apinaiz (Apellaniz), Argoma(n)iz, Ariz (Ariñiz). Apinaiz entzunda, zenbatek lotuko dute Apellaniz-ekin? Eta Ariz entzunda Ariñiz-ekin? –ona: Letona baina Estarro(n)a. Eta Labiano euskaraz Lubiao da, eta Undiano Undio.

Oker ez banago, Patxi Salaberri euskaltzain nafarraren ikerketa-lan bikainean oinarritu da Euskaltzaindia erabakiok hartzeko orduan. Araba/Álava, los nombres de nuestros pueblos (Euskaltzaindia 2016). Eta kriterioa honako hau izan dela dirudi: [n] gabeko forma dokumentatzen bada idazki zaharretan (zeharka bada ere), hori bihurtuko da izan ofizial; ez bada dokumentatzen, [n]duna hobetsiko da.

Euskara gaur arte gorde den lekuetan agian badu bere logika ofizial bihurtzeak gaur ahoz erabiltzen den forma: Galdakao, Zestoa, Fruiz… nahiz eta ohiko irizpide baten aurka joan, hau da, hitzak ahalik eta kontrakzio gutxienez idatzi behar direla, eta zalantzazko kasuetan forma zaharrei erreparatu behar zaiela. Honen harira, azken eguneraketan Sopelana-ren ordez Sopela hobesteak harrotu du hauts apur bat. Kontua da Araba gehienean badirela berrehun bat urte euskara galdu zela eta ahoz transmititu diren bakarrak forma osoak direla, «erdarazkoak». Eta euskara gorde den leku apurretan ere Durana esaten dela. Ahotsak.com: «Duranan eskolia euen. Duranan los rojos giñen». (Juana Elorza, Legutio 1927). «Guztixok joan giñen Duranara ihesi gerriai». (Angel Elorza, Legutio 1937).

-a artikuluarena da bestea. Elge-a, Larre-a, Murgi-a, Sarri-a, Hermu-a, Urizaharr-a… Agian Elgeko, Murgitik, Larrera… izango litzateke erabilera «jatorra». Baina nork erabiltzen eta erabiliko ditu horrela? «Larrera noa bihar» esanda, zer ulertuko du entzuleak? Ahotsak: «Estraperlua, ardaua be bai, ekartera zeretik, Larreatik» (Pedro Urteaga, 1931 Goroeta, Aretxabaleta).

Zein da hor aurreko herria?, galdetzen digute bisitariek Arabako Iruñan. Trespuentes, erantzuten diegu. Hiru zubi daude ala?, ohiko galdera. Beti egoten da norbait dakiena Transponte(m) latin-izenaren desitxuraketa dela, eta «zubiaz bestaldekoa» esan nahi duela. Eta beste norbait Euskaltzaindiak Tresponde proposatzen duela entzun duena. Azaltzen dugu aldaera hori ere agertzen dela dokumentazio zaharrean eta badirudiela euskaraz forma hori erabiltzen zela garai batean. Baina hori nahikoa arrazoi da izen ofizial bihurtzeko? Eta epaia aho batekoa izaten da: edo forma zaharra, etimologikoa, Transponte, edo (eta hobe) gaur egungoa, Trespuentes, baina ez Tresponde, paper zahar batzuetan galdua dagoena eta inongo aukerarik ez duena jendearen ahotan sustraitzeko.

Nire ustez auzi hau ez da huskeria, filologoen arteko xestra. Ezin dugu nahasmena sortu edo areagotu leku-izenekin. Durana/Dura edo Argómaniz/Argomaiz bezalako bikoteek, bide-seinaleetan-eta ikus daitezkeenak, harridura eta nahasmena besterik ez dute sortzen. Zer ulertu behar da, bata gaztelerazkoa dela eta bestea euskarazkoa? Batzuetan ebitaezina izango da bikoiztasuna, baina ahalik eta gutxien izan daitezela. Duranako Ikastolari Durako Ikastola deitu behar ote zaio aurrerantzean? Zer iritzi dute guraso eta irakasleek? Gonzalez de Durana abizendunak ere aldatu beharrean izango ote dira?

Nire iritziz, zonalde erdaldunduetan bakean utzi behar dira bokal arteko n-ak: Durana, Zurbano, Argomaniz…; eta –a eta guzti deklinatu behar dira: Murgiatik, Larreara, Elgeako

Ondo ulertu badut, Nafarroako Gobernuak Euskaltzaindiaren izendegi ofiziala erabiliko omen du praktikan, nahiz eta «ofizial» bihurtzeko zenbait pauso eman beharko diren. Nafarroako izendegia Arabakoaren irizpide berdinaz eginda dago (Arróniz/Arroitz). Nire ustez, gobernuak hanka sartze handia egingo luke akademiaren izen-zerrenda hitzez hitz ezarriko balu. Beste buelta bat eman behar zaiolakoan nago, eta horretarako bada zentzunik eta toponimian aditurik Nafarroan.

Dokumentazioa, toponimia historikoa, fonetika… inportanteak dira, baina ez dira nahikoa horrelako erabakiak hartzeko orduan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina