Zerainen hitzaldia Iruña-Veleiaz urriaren 27an

Zeraingo Udalak antolatuta, Aste Kulturaleko ekitaldien barruan emango da hitzaldia.
Gaia: Iruña-Veleiako auzia
Hizlaria: Juan Martin Elexpuru
Non eta noiz: urriak 27, 19:00, Zeraingo Kultura Etxean

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Arrakasta handia Bergarako hitzaldiak

Aretoa puntaraino bete zen atzo Roslyn M. Franken hitzaldia entzuteko; 80 bat lagun ziren Irizar Jauregiko aretoan. Euskara, gaztelania eta ingelesa tartekatuz, Azken glaziazio handiko babeslekua eta euskara gaia jorratu zuen pantailako irudi eta testuekin lagunduta. Ondorengo solasaldia ere oso aberatsa eta beroa izan zen. Laster eskuragai egongo da hitzaldian erabilitako PowerPointa.
Entzule batek grabatutako bideoa ikus daiteke hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Asteazkenean Roslyn M. Frank-en hitzaldia Bergaran

Lehenago iragarri bezala, asteazken honetan (urriak 19, 19:00, Irizar Jauregia, Barrenkale) izango da Roslyn M. Frank-en Azken glaziazio handiko babeslekua eta euskara hitzaldia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

iruina.blogspot.com, ezustez beteriko blog interesgarria

Hator Ra ezizenez izenpetzen duen ikerlariak blog berria ireki du eta hainbat sarrera ditu dagoeneko. Nefertiti-Nepertiti, Mamers-Mamerco-txerria, Cayo eta beste hainbat ostraka aztertu ditu jada, eta ikuspegi berriak plazaratu ere bai. Gaiarekin zuzenean edo zeharka lotuta dauden albisteak ere jorratzen ditu eta komentarioak ere egin daitezke. Leiho bikaina gaiaz interesatuta dagoen edozeinentzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Madariaga Txostenaren azterketa eta kritika zorrotza SOS Iruña-Veleian

Koenraad Van den Driessche geokimikariak, zenbait adituren laguntzaz, azterketa eta kritika zorrotza egin dio Juan Manuel Madariagaren txostenari SOS Iruña-Veleia gunean argitaratutako lanean. EHUko irakasle honen txostena erabili nahi izan zuen Batzordeak piezen faltsutasuna “frogatzeko”, nahiz eta eskasa eta kontraesanez betea izan. Geokimikari belgikarrak xehe-xehe aztertzen ditu gaiaren alderdi ezberdinak eta txostenaren akats nabarmenak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Roslyn M. Frank filologo estatubatuarraren hitzaldia Bergaran

Azken glaziazio handiko babeslekua eta euskara izeneko hitzaldia eskainiko du Roslyn M. Frank filologo Estatu Batuarrak. Bergarako Jardun euskara elkarteak antolatuta, Irizar Jauregian izango da solasaldia urriaren19an, eguaztenean, 19:00etan hasita. Berria goiena.net-en.

Roslyn M. Frank, Iowa-ko (Estatu
Batuak) Unibertsitateko Hizkuntzalaritzako irakaslea da. Arbaso
euskaldunik ez izan arren, aspaldi ikasi zuen euskaraz. Euskal
Herriarekin lotutako hainbat lan argitaratu ditu.

Euskal hizkuntza, Sarobeak, Inauteriak, Serorak edo eta Iruña-Veleiako
auzia daude, besteak beste, berak landutako gaien artean.

Hitzaldian mundu zientifikoan bero-bero dagoen gaia jorratuko du:
PCRT (Palaeolithic Continuity Refugium Theory). Gero eta indar
handiagoa hartzen ari den teoria honen arabera, Azken Izozte Handian
(22.000-10.000 K.a.) babesleku Franko-Kantabriarrean mintzatzen zen
hizkuntza euskara zen, eta ia Europa osora zabaldu zen izotzak urtu
zirenean.

Kategoriak Sailkatugabeak | 14 iruzkin

Hemen gara berriro

Oporrak eta nagikeriak alde batera utzi eta hemen gara berriro. Notizia on bat: aurtengo udan ez dugu hondeamakinarik lanean ikusi aztarnategian. 8-10 lagun inguruko talde batek, ikasleak itxura batera, jardun du indusketak egiten Julio Nuñezen zuzendaritzapean. Sortzen den lehen galdera: zertan gastatu dituzte izendatuta zeuden 600.000 euroak?
Zer aurkitu duten ez dakigu, ez iaz eta ez aurten. Memoria argitaratzeko obligazioa duten arren, ez dugu oraindik lerro bat idatzita ikusi iazko kanpainaz. Aurtengoaz dakiguna Correok abuztuaren 14an egindako artikuluan irakurritakoa da. Jakin dugunez, oso bisitari gutxi ibili da; ez dute esan zenbat, inor barrez lehertu ez dadin, seguruenik.
Nuñezek artikuluan esaten dituenak, bestalde, betiko harrokeriak eta gezurrak. SOS Iruña-Veleia plataformak bere webgunean erantzun dio: El arte de plagiar
Gaiz aldatuz, Gorrochateguik idazkunetan agertzen diren M altuak faltsifikazioaren frogatzat hartzen dituenez, Las misteriosas EMES altas de Veleia lantxoarekin erantzun dio Plataformak.
Azkenik, La casa-iglesia de Dura-Europos, 235. urte inguruan Sirian eraiki zen eliza paleokristauari buruzko lan interesgarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

“Hondeamakinak Iruña Veleia izorratzea ezin dugu onartu” artikulua Berrian

Uztailaren 13ko Berriak  “Hondeamakinak Iruña Veleia izorratzea ezin dugu onartu” izeneko artikulua ekarri zuen, Koldo Urrutiak eta Maritxu Goikoetxeak izenpetatutakoa.

Hondeamakinak Iruña Veleia izorratzea ezin dugu onartu

Oraindik zientifikoki behar bezala argitu ez den Iruña Veleiako indusketa arkeologikoari dagozkion bi gertaera oso garrantzitsuren urtemuga dugu uztailean.
> Batetik, Lurmenen kontrako kereilaz arduratzen den 1. Instrukzioko Epaitegiko epaileak Eliseo Gilek eginiko analitika eskaria onartu zuen joan den urteko uztailean, egiazkoak ala faltsuak diren argitu ahal izateko.
>
> Erabaki horrek garrantzia itzela dauka, Aldundiak gai hau argitzeko sortu zuen batzordean Eliseok aurrez eginda izan arren, ukatu egin ziotelako, inolako arrazoirik gabe. Jaso zuen erantzun bakarra, lehenago egiteko aukera izan zuela, erantzun erabat desegokia.
>
> Akusatua proba guztiak egin beharraz kezkatzea, eta ez alderdi akusatzailea, kezkagarria da. Izan ere, gaur egun Aldundiak ez du faltsifikazioa egin denik frogatu. Gainera, Eusko Trenek eta ETSk Lurmenen kontra jarritako kereilak bertan behera geratu ziren.
>
> Horrez gain, grafitoen ustezko egileei buruz aurkeztutako “froga” bakarra Aldundiak enkargatutako hirugarren txosten grafologikoa da, hutsunez beteta dagoena. Lehenengo biek ez zuten argi zehazten nor zen ustezko faltsutzailea eta horregatik hirugarren bat agindu zuen Aldundiak. Txosten hori, nahiz eta orain dela urtebete baino gehiago prentsara filtratu, ez da oraindik Eliseorengana heldu, eta hau erabat kezkatzekoa da.
>
> Grafologiak gaur egun paperean edo antzeko materialaren gainean idazten dena aztertzen du, baina zeramikaren edo harriaren gainean egiten dena ez, horietan idaztea zailagoa delako eta motrizitate desberdina daukalako. Hau da, Aldundiak 45.000 euro alperrik galdu ditu. Hala ere, eskerrak hirugarren txostenaren arabera ostrakak faltsuak ei diren, bestela, laugarren edo bosgarren txostena aginduko zuten eta arabarrok ordaindu beharreko prezioa are handiagoa izango zen.
>
> Baina gainera, Epaileak, Batzordeak esan zuenari kontra eginez, analitikak egiteko eskaera onartu zuen. Horrela, gai hau argitzeko daukagun bide bakarra zein den adierazten digu: zientzia, proba analitikoak, ostrakak benetakoak diren ala ez zehaztuko dizkigutenak.
>
> Azpimarratu beharra dago Aldundiko Batzordean ez zegoela aditu bakar bat ere ez arkeometrian, hau da, aurkikuntza arkeologiko bat benetakoa den eta noizkoa den zehazten duen jakintza alorrean. Hilketa baten ikerketan DNA probak egingo lituzkeen teknikorik egongo ez balitz bezala. Sinestezina ezta?
>
> Fernando Legarda ingeniari nuklearra eta Juan Manuel Madariaga kimikaria ziren zientzien alorreko kide bakarrak. Legardak C14 datazioak ondo eginda zeudela baieztatu zuen. Bestetik, Madariagak hedabideen aurrean ostrakak faltsuak zirela esan zuen, osagai kimiko moderno bat aurkitu zuelako. Eliseo Gilek argitu zion gaia: zeramika zatiak itsasteko erabiltzen den kola zelako Madariagak aurkitutakoa, ez besterik. Behin eta berriz esango dugu gertaera honengatik Aldundiak Madariagari ordaindutako dirua itzultzeko eskatu behar izan ziola eta, jarraian, arkeometria laborategi bat kontratatu behar izan zuela lana ondo egiteko.
>
> Epaileak Guardia Zibileko Kimika Sailari agindu zion analitikak egitea, baina orain dela gutxi eman duten erantzunaren arabera, uko egin diote lan hori egiteari. Hau logikoa da, Guardia Zibilak arkeometria laborategiek duten esperientziarik ez duelako inondik inora. Europan, adibidez, 15.000 eurogatik 15 ostraka analiza dezaketen laborategiak ditugu, zalantzari inolako zirrikiturik utzi gabe, horrelako lanak etengabe egiten dituztelako.
>
> Adibidez, azken bi aste hauetan arkeometriarekin lotutako bi albiste agertu dira hedabideetan. Batetik, faltsutzat emandako K.a. VII. mendeko “Fibula Prenestina” deituaren urrezko gerrikoan ageri den idazkuna benetakoa dela egiaztatu dute Italian, analitika sakonak egin ondoren. Gauza bera gertatu da Estatu Batuetan, hezur batean duela 12.000 urte egindako marrazki batekin. Iruña Veleian hezurretan idatzitako idazkun asko ditugu. Hauek ezin dira analizatu eta Estatu Batuetakoak bai?
>
> Instrukzioko Epaitegiak analitikak onartu zituenetik urte bete pasatu denez, joan den uztailaren 4an xingola batez ostrakak gordeta dituen Bibat Museoa Justizia Jauregiarekin lotu genuen. Izan ere, ia bi urte eta erdi pasatu ondoren, gai hau era zientifiko batez eta zalantzarik gabe argitzeko ordua dela uste dugu.
>
> Baina analitikak onartzea erabat positiboa izan bazen, iazko uztailean beste gertaera ikaragarri bat izan genuen. Justu, epaileak datazioak onartu zituenean, indusketen zuzendari berria den Julio Nuñezek hondeamakina baten laguntzaz eremuaren % 3-5 suntsitu. Horretarako, nahiz eta Plan Zuzendarian 50 cm baino ez zutela sakonduko pala mekanikoarekin esan, metro eta erdiraino sartu zuen, hau da, egitura erromatarreraino, harlauzak jo arte eta horietako batzuk apurtuz.
>
> Honek zer esan nahi du? Ba harlauzen gainean zegoen guztia suntsitu zutela: harlauzak baino altuago zeuden hormak, zoruetan zeuden hondakin arkeologikoak, etab. Dena zuzenean isurtegira eraman zuten, erritmo ezin arinagoz: kamioi bat 8 minuturo. Obra arrunt batean ez lirateke hain arin ibiliko!
>
> XXI. mendean horrelako gauza bat gertatzea, non eta kultura maila handia duela suposatzen den herri batean, sinestezina da. Nola da posible gure historiaren 2.000 urte isurtegira horrela botatzea? 10 cm-ko estratuak aztertu ahal izateko arkeologiak asteak eta hilabeteak behar dituenean, gauzak kontuz garbitzen, argazkiak egiten, material guztiak kontu handiz jasotzen… nola da posible Julio Nuñezek Iruña Veleian autopista bat egiten ari balitz bezala jokatzea?
>
> Plataformak ondarearen kontrako atentatu honi buruzko txosten zabal eta zehatza egin du. Lan hau ez dute edonon egin. Hondeamakinak hondatu duen eremu horretan euskarazko bi ostraka eta abezedario bat aurkitu ziren. Gainera, airetik egindako argazkietan argi ikusten zen etxeen egituren arrastoa. Beraz, kontu handiz arakatu beharreko eremua zen. Are gehiago, Eliseoren taldekoek eremu hori desjabetzea eskatu zuten, nekazaritza lanak egitean sarritan agertzen zirelako hondakin arkeologikoak!
>
> Horregatik ekainaren 25 honetan egindako kalejiran indusketa sinbolikoki itxi genuen, laborategi espezializatuek dagozkien analitikak egin eta gaiak subjudice jarraitzen duen arte indusketarik egin ez dadin.
>
> Ez dugu utziko gure ondarea suntsitzen. Ezin dugu onartu Araban zientzia, arkeologia eta euskara horrela baztertu eta umiliatzea.

Koldo Urrutiak eta Maritxu Goikoetxea

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Bittor Kapanaga hil da

Atzo hil zen Gasteizko  eritegi batean Bittor Kapanaga, Otxandioko filosofo handi bezain apala. 85 urte zituen. Zenbaitek jakingo du Gontzal Mendibilek famatu egin zuen Araban bagare, Gipuzkun bagera…  kantuaren letrak Bittorrenak  direla, eta  Euskera, Erro eta
Gara
(1978) liburua ere bai.  Lan honek begiak zabaldu zizkion askori; euskararen izaerari  eta iraganari begiratzeko beste modu bat
erakutsi zuen. Baina argitaratutako gauzak baino askoz handiagoa da utzi digun herentzia.

Autodidakta zen, ez zuen bere sasoian unibertsitatean estudiatzeko aukerarik izan. Baina ezagutzeko zortea izan dogunok beti esaten dugu Bittor baino gizon jakingutsuagoak gutxi ezagutu ditugula.
Izango da astia Bittorren gainean berba egiteko. Hona hemen gaurko Deia-n Gontzal Mendibilek idatzi duena, eta orain dela urte batzuk Julen Gabiriak eibar.org-en argitaratutako elkarrizketa. Hemen berriz, Patxi Alañak Bittorren zenbait teoria azalduz Deian idatzitako artikulua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Gipuzkoako Aldundiaren liburu batek I-Vko euskarazko grafitoen berri eman du

Gipuzkoako Foru Aldundiak atera berri du Bertan Saileko 24. liburua, Xabi Otero argazkilariaren eta Pilar Iholdi kazetariaren eskutik. EUSKARA du izenburua, eta euskararen historiaren laburpen xehea eta zehatza egiten du, ehunka argazki eta ilustrazioz lagunduta. Liburua ikusgarria da. Beste gauza askoren artean, I-Vko euskarazko grafitoen berri ematen du, labur-labur, ostraka baten argazkiaz apainduta. Ostraka Mundua blogetik jaso dugu berria. Hona hemen liburuko testua:
Iruña-Veleiako erromatar aztarnategian (Araba), 2005 eta 2006an 400 grafito aurkitu zituzten, eta K.o. II.-V. mendeen arteko data atxiki
zieten. Horietako 50etan baziren euskarazko hitz eta esaldiak
(ata, ama, neba; zuri, urdin, gorri; lura, sua; egin, ian, lo). Batzuek diotenez,
horiek egiazkoak direla baieztatuko balitz, garai horretan euskaraz
alfabetatzeko saioak egin zirela ondorioztatuko litzateke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina