Liburua aspaldi samar argitaratu bazen ere, abuztuaren 5eko DVk nire liburuaren aurkezpenaren kronika dakar. Kronikan oso ondo jasoa dago liburuaren mamia, ezagun da Jon Agirre kazetariak irakurri duela. Milesker Jon. Lotura Diario Vasco. 2025-08-05

Juan Martin Elexpuru filologoak Goi Erdi Aroa aztertu du ‘Euskararen mende magikoak’ (Elkar) liburuan

Euskarak bilakaera izan duela begi-bistakoa da, ia ukaezina, baina bidean eman diren pauso eta aldaketek beti ez dute erantzun argia. Are gehiago, zenbaiten inguruan teoria «ahulak» sortu dira. Hala iritzi du Juan Martin Elexpuruk (Bergara, 1950) eta horiexei «aurre egiten» saiatu da ‘Euskararen mende magikoak’ (Elkar) liburuan «argudioak eta, batez ere, datuak bilatzen». Batik bat alor «linguistikoa» izan du aztergai, historikoak besteak beste Aitzol Altunak jorratuak izan direla azalduta.
Orrietan barna Erromako inperioaren gainbeheratik Iruñeko erresumaren sorrerara doan aroa aztertu du, aditu askoren ustetan «euskararen historian berealdiko garrantzia izan duten aldaketak eta gertaerak» eman baitziren. Bakoitza atal banatan aztertu du Elexpuruk: Euskalduntze Berantiarraren teoria, -a artikuluaren jaiotza, Euskara Batu Zahar balizkoa eta honetatik geroago sortu ziren euskalkiak.
Lehena, ‘Euskalduntze berantiarra’ teoria klasikoa da eta Elexpururena ez da lehen ahots kritikoa. Egileak berak esan bezala, ez dago «kontsentsu handirik». Honen arabera, Euskal Herri mendebaldean -Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba- ez zen euskararik egiten, bertakoak «zeltak» ziren eta baskoiek euskaldundu zuten. Aldiz, 2010ean, «teoria iraultzailea» azaldu zen. Honen arabera, baskoiek ez zekiten euskaraz, bai akitaniarrek, eta haiek euskaldundu omen zuten. Filologoa oso kritiko agertu da ikuspegi honekin, «hondarraren gainean eraikita» dagoela argudiatuz eta «argudio linguistikoak» bilatzea izan du helburu aurka egiteko.
Ez da «oinarri ahulen» gainean eraikitako bakarra, Elexpururen esanetan -a artikuluaren teoria hala sortu baita. Antzinako testigantzak, toponimia eta jende izenak aztertu ditu, nabarmenduz duela 20 urte Iruña-Veleian topatutakoak hain zuzen -a hori zuten hitzengatik -‘araina’, ‘sua’, ‘polita’- jo zela faltsutzat. Euskalduntze berantiarraren teoriak «inplikazio geopolitikoak» dituen bezala, artikuluaren kasuan aipatzen dituenak «frogatzen du ez direla filologoen eztabaidak bakarrik», defendatu du.
Ez da atzera begirakoan egindako testuinguratze bakarra, hirugarren atalean Koldo Mitxelenak, Goi Erdi Aroko garaiaz esandakoa gerturatzea izan baitu helburu. Eta, laugarrenean, hartatik sortutako euskalkiak ditu mintzagai. Besteak beste, teoria klasikoak defendatzen duen ikuspegia, «tribuen euskararen jarraipena» direla, zalantzan jarri du datuak emanez.
Mende horietako «oso dokumentazio gutxi» dela xehatu zuen egileak, are gehiago «gure eremuan» eta dagoen apurrean euskarari buruzko oso aipamen gutxi direla. Hala ere, gauza «oso interesgarriak, harrigarriak» jazo zirela azaldu du, hain zuzen aipatutako lau atalak, egun unibertsitateetan irakasten direnak. Horrekin kritiko mintzatu da. «Bestela pentsatzen dugunak gutxi gara, edo bestela pentsatu arren isildu egiten dira. Katedraren kontra jende gutxi ausartzen da».
Aipatutako lau atalez gain, ‘Euskararen mende magikoak’-ek bi eranskin ditu. Lehena, egileak berak «kapziosoa» dela onartuta bota duen ‘antzinako euskara ulertuko genuke’ galdera erantzuten duena; bigarrena Mitxelenaren aipu ezaguna, ‘euskararen benetako enigma ez da jatorria, iraupena baizik’, testuinguratzen eta azaltzen saiatzen dena, «noiz esan zuen eta zein ondorio atera daitezkeen»
Liburua, noski, «euskal letretan eta euskal kulturan oro har» Elexpuruk egindako ibilbide luzean beste ale bat da. Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak esan bezala, bergararraren azken urteetako emaitza nagusia euskarari buruzko azterketak eta euskara eta beste hizkuntzen arteko harremanak izan dira. Bat azaldu da egilea, duela hilabete batzuk kaleratu zuen ‘Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilerrietan’ (Nabarralde, 2024) lanaren jarraipena dela iritzita.
Harekin alderatuta, Mendigurenek aurreratu du Elexpuruk «irakasle izatea» berreskuratu duela eta ikerketa eta hausnarketa, «euskarak Erdi Aroaren hasieran izan omen zituen aldaketa nagusi batzuei buruzko iritziak», uztartzen dituen liburuko lau kapitulu nagusiak «eskola magistral on batzuen tankeran» emanak daudela.
——- Kronika irakurleek komenta dezakete. Lehenengoa oso oso sinpatikoa:
1 comentario. Lacar suscriptor. Hace 1 día
Este señor fue el valedor del señor Eliseo Gil en sus “descubrimientos” de Iruna Veleia. Eliseo Gil fue condenado por fraude en los juzgados de Vitoria. Su principal valedor fue el susodicho señor Juan Martin Elexpuru. Queda dicho.
OHARRA: Bitxia. Aldaketa bat nabaritu dugu iruzkingilearen izenean. Lehenik Lacar zenak izena aldatu eta Amaiur sinatzen du orain.
Amaiur suscriptor Hace 1 mes. Hemen ikus daiteke.

