Juan Martin Elexpuru. 2024-01-26. Berria
Gutun hau ez dator bat blog honen ohiko gaiekin, baina interesa izan dezakeelakoan hona ekartzen dugu.
Meteorologo bikainak ditugu EiTBn aspalditik, eta espero dut ondo hartuko dutela iradokizun xume hau. «Hamar litro bota ditu Zumaian. Bihar tanta batzuk botako ditu Iparraldean, Hegoaldean ere zertxobait botako du…». Kontaezin ahala aldiz entzuten dugu euria bota parteetan, eta gauza bera elurra, txingorra, izotza… bota. Eta gure ustez, euria bota testuinguru adierazkorretan erabili izan du herriak ia beti: «Kriston zaparrada bota du bart. Hura zuan bota hura! Euria bota ahala dihardu». Indarra edo enfasia eman nahi zaionean erabiltzen da bota, eta beste testuinguruetan euria egin neutroa. Eta gauza bera elurra, txingorra, izotza… egin. Jakina, euria da, euria dihardu, ari du eta abar ere bai, esan nahi denaren arabera. «Presoak ospa egin du kartzelatik», edo «gidaria atxurtuta zihoan» esango balu esatariak «presoak ihes egin du» eta «gidaria mozkortuta zihoan» beharrean, belarriko min apur bat emango liguke. Eta hau ez da azpian sinatzen duenaren uste hutsa. Hartu Euskal Hiztegi Orokorra, begiratu euria eta bota sarreretan, eta ikusi zenbat aldiz agertzen den literaturan euria bota. Lupa erabili beharko dugu adibide pare bat aurkitzeko. Gauza bera ahozko grabazioetan oinarritutako Herri Hizkeren Atlasean edo ahotsak.eus-eko artxiboetan.