Jose Luis Erdozia – Euskaltzain urgazlea. Berria, 2020ko urriak 7
Etxeko teilatuan harriak jarri izan dira maiz haize gaiztoak teilarik jaso ez dezan. Zentzu horretan, beraz, harrien beharra duelako eta ez harrikatze gisa, hartu behar da ondorengoa.
Etxeko kontuak laratzak dakizki! esaten zuten Satrustegi euskaltzaina zenaren herrikoek. Baina, etxean gorde behar al dira guztiak? Kontu aldrebesak edo trapu zikinak ere, etxean arteztu edo araztu behar dira beti?
Saiatu, behintzat, bai! Horretaraino bat heldu naiz erabat galdera erretoriko horiekin. Saiatu naiz ni neroni eta beste batzuk ere bai Euskaltzaindiaren beheko suko laratzatik zintzilik dagoen kontu aldrebestua artezteko bidean jartzen, baina ez da modurik izan. Ez dio erreparatu trapu zikinduari Euskaltzaindiak. Ostrukarena egin du. Burua ez ezik, corpus osoa estali du. Trapu zikindua usteltzen utzi nahi izan du laratzean zintzilik, sukaldeko atea itxita murrilu eta guzti. Bistan da horrela jokatzeko, 2006an azaleratu eta ondoren aldrebestutako kontuak bertigoa sortu diola.
Saiatu nintzen ni neroni 2018ko udaberrian, mendeurrenaren egitaraua aurkeztu zigutenean Nafarroako euskaltzainei Iruñan. Ahoz saiatu nintzen bertan eta idatziz egin behar nuela jakinarazi zidan mendeurrenaren aurkezleak. Hurrengo egunean, posta elektronikoz bidali nion mendeurrenaren koordinatzaileari. Ekainaren amaieran, nire eskaria kontuan izan ote zuten galdetuta, ezetz esan zidan koordinatzaileak, lanpeturik baitzebiltzan mendeurrena hortik eta handik aurkezten. Urriaren hasieran tematu nintzen beste behin, baina dagoeneko ez zegoen ostrukaren corpus-arimarik erantzuteko.
Saiatu zen besteren bat ere, burura joaz oraingoan zuzenean, aukerarik izan ez zezan hura estaltzeko, baina… ezta horrela ere! Euskaltzaindiko kideen erdiak trapu zikinduaren faltsutasunaren alde eta, beste erdiak, benetakotasunaren alde zeudela esan zion, antza. Jarraibide demokratikoa, orduan, ezer egin ez izanaren arrazoia? Zotzera bota izan balute sikiera! Alta, erantzun ofizialik ez!
Hizkuntza zaindu, zabaldu, hobetu eta baita bere historia aztertu eta ikertu ere, edozein hizkuntza akademiaren helburuen artean dago, eta Euskaltzaindia, euskararen akademia ofiziala izanik, horixe egiten aritu da mende bateko bizitza horretan, orokorrean, euskara ehuntzen, mendeurrenaren logoak zioen moduan.
Hala ere, azken hamarkada honetan, iruditzen zait ez dela beste bederatzietakoen mailan egon. Euskararen historiaren ikerketan, bereziki, ez da egon akademia bati eska dakiokeen mailan. Nola daiteke berdinketa teknikoa izatearen aitzakian, hala izan ez dela jakinik ere, eztabaida baztertu eta ikerketaren ateak ixtea? Ikerketaren ateak ixtea, zientziari aitortzarik ez egitea bezalakoa da. Zalantza da zientziaren motorra eta zalantzari esker egin dute gizataldeek aurrera. Zenbat aldiz aldatu behar izan dute akademia ezberdinek garaian garaiko egiak? Elizak berak ere, goi-isurizko jakituria izanagatik eta oso noizbait bada ere, aldatu edo moldatu behar izan ditu zalantzarik gabeko bere egia batzuk. Eta Euskaltzaindiak berak ere, zenbat aldiz aldatu behar izan du arauren bat edo beste? Zenbat ohar agertzen dira Euskaltzaindiaren azken hiztegian, esate baterako, esanez ez erabiltzeko honako edo halako hitza, beste bat hobetsiz? Horretan dihardute akademiek haien esparru berezituetan, zalantza-ikerketa-erabakia dialektika edo gurpilean, ondorengo zalantza sortu bitartean.
Horixe egin beharko luke Euskaltzaindiak trapu zikinduarekin, Iruña-Veleiako grafitoen aferarekin. Arrazoi gehiagorekin berdinketa teknikoarena egia balitz. Eta ez da hau nire sutondoko laratzeko zintzilikarioa soilik. Euskaltzale asko geratu da harri eta zur, haserre beste batzuk, akademiak ez duelako txintik ere esan hamalau urte hauetan, auzia berarekin ez balihoa bezala.
Horregatik, garaia delako, behar du Euskaltzaindiak bere xedeari ekin, aurrea hartu eta auzia argituko duen grafitoen azterketa arkeometrikoa bideratu. Gainerakoan, Euskaltzaindia, 100 urte eta gero hau?