6.- Rubén Cerdánen kasua. Gaitzesgarria iruditzen zaigu oso Rubén Cerdánen jokaera. Kalte ikaragarria egin dio Lurmenen eta Eliseoren irudiari zein auzia argitzearen aldeko mugimenduari. Orban beltza. Berak esaten du Frantziako CNRS laborategietan egin zituela analisiak, baina orain arte sekula ez du hori akreditatu agirien bidez. Ez daukagu inolako heldulekurik egin zituela sinesteko. Txostenak egin eta kobratu zituen. Hau esanda, ondorio nagusia honakoa da: analisiak orduan ez baldin baziren egin… oso gaizki, ba egin daitezela orain!
Baina autoak esaten dituen gauza batzuk ez dira egia:
Arabako diputazioak eta Lurmenek elkar hartuta proposatu zioten Cerdáni azterketa egitea. Lehenago zenbait lan egina zen Cerdán erakunde foralarentzat, Urizaharreko anbarra aztertzen, adibidez. Lotura honetan ikus dezakegu: “Un grupo de especialistas, entre los cuales se incluye el físico madrileño Rubén Cerdán, está preparando un proyecto para analizar esas burbujas…” (El País 1998). EHUn ere eman zituen klaseak master batean. Garai hartan, nonbait, ez zuten zalantzan jartzen haren profesionaltasuna eta titulua.
7.- Epailearen arabera, dirua ateratzea “obtener beneficio económico” zen iruzurraren helburuetariko bat: 12.000 euro hiru lagunen artean banatzeko.
Delitu guztietan egiten den galdera: zein da eragilea, “mobila”? Epaileak garbi du: lehen aztertu dugun prestigio profesionalaz gain, dirutzea, “obtener beneficio económico”. Hau ikusita, Suitzan Eliseoren kontu korronteak aurkitu dituztela pentsa daiteke. Ba ez. Are txundigarriagoa: Cerdanek bere txostenengatik kobratutako bi fakturak aipatzen ditu epaileak: 5.817,40 + 6.762,80 = 12.580,20 e. Hiru lagunen artean zatituta (Gil, Cerdán, Escribano) “la friolera de” 4.193,4 euro bakoitzarentzat. Kopuru horregatik merezi zuen bai arriskatzea!
Ertzaintzaren txostenean garbi geratzen da, agirien bidez frogatuta, diru horretatik ez zela euro bakar bat ere joan Lurmenen edo Eliseoren kutxara, Cerdanek kobratu zuela.
Gero Eliseo ardo-negozio batean nahastu nahi du epaileak.
Garai hartan (2006-2007) Iruña-Veleia oso indartsu zegoen, 30.000 bisitari baino gehiago hartzen zituen urtean. Ekimen eta asmo ugari jorratu ziren finantziazio pribatua bilatzeko eta aztarnategia ezagutarazteko. Veleia ardo-marka sustatzea izan zen horietako bat, nahiko anekdotikoa. Gainera azkenean ez zen gauzatu. Beraz, Lurmenek lortu zuen irabazi ekonomikoa ZERO izan zen. Eta gauzatu balitz ere, pentsa, % 2. Atera kontuak 10.000 botila bost eurotan salduta zenbat geratuko zen Lurmenentzat: 1.000 euro.