Gaurko BERRIAk Eliseo Gilen idatzi bat argitaratu du. Bertan, joan den asteburuan egunkari honek grafologoen txostenaz argitaratutako kronikari erantzuten dio.
“Nori ardura zaio ni errugabea izatea? Jakin ezazue, norbaiti hitz hauek aingerukeria iruditu arren, hau munstrokeria bat dela. Nik ez dudala Iruña-Veleiako indusketetan agertu zen grafito bakar bat ere egin, eta berdin zaidala nire aurkako mila txosten grafologiko aurkezten badituzte eta Augusto berberaren testamentua leporatzen badidate ere”, dio, besteak beste.
***
Grafologia zientifikoaren, Kazetaritza objektiboaren eta Justiziaren alde
BERRIA, 2010eko otsailak 3
Eliseo Gil Zubillaga (Iruña-Veleiako indusketen zuzendari ohia)
Irakurleek ulertuko duten bezala, nire egoera nahiko delikatua da dagoeneko, eta ezin diet nire aurkako eraso berriei bidea egiten utzi. Hala ere, bene-benetan sinesten dut izenburuan aipatzen ditudan asmoetan.
Errespetu osoa diet bi espezialitateei. Lehena ia guztiz ezezaguna zait; bigarrenak laudorioz bete izan nau batzuetan, laidoztatu beste batzuetan. Azkenaldian, jazarpen publikoa eta iseka besterik ez dut jaso harengandik. Bi diziplinen independentzian sinetsi nahi dut, baina zoritxarrez ematen du «nire kasuaz» okupatzen den zenbait pertsonak interes berezia duela nire izen ona zikintzen. Orain arte ezezaguna nuen eta orain eguneroko ogi bihurtu zaidan lege terminologiara jo beharrean izaten naiz gaur eguneko nire bizitza zapuztuan. Begira: Arabako Foru Aldundiak, Eusko Trenek eta ETS Euskal Trenbide Sareak nire kontra jarri dituzten kereilen arabera, nire estatusa «inputatuarena» da; besterik ez oraingoz, eta eskatuko nuke hitz horren esanahi zehatzaz gogoeta egitea -oroit dezagun, gainera, ETSrena artxibatu egin duela betiko Lurralde Auzitegiak-.
Errugabetasun presuntzioa denez inputatuak bere alde duen oinarri juridiko nagusia, ezin dut errebelatu baino egin sufritzen ari naizen indefentsioaren aurrean. Komunikabideek erasotzen didate, batez ere, eta oraingo honetan BERRIAk, Alberto Barandiaranek izenpetuta argitaratu duen artikulu luze baten bidez : Grafologoek ere ondorioztatu dute Veleiako euskarazko idazkunak modernoak direla; BERRIA 2010-01-30. Hedabide honen ibilbidea ezagututa, aitortu behar dut gertakari honek ezusteko izu-hotzikara bat sortu didala. Ahaztu dezagun notizia batere kontrastatu gabe argitaratu izana, kazetaria ez baita harremanetan jarri albistearen protagonista nagusiarekin, baina nire errugabetasun presuntzioa ezin dut inolaz ere ahaztu, eta Legeak babesten dituen nire eskubideak ere ez. Kontua da kazetariak ontzat eman duela bere iturriek -Arabako Foru Aldundiak kontrataturiko Grafologia enpresa, edo Arabako Foru Aldundia, bistan da- eskaini dioten informazioa. Kazetariari ez zaio nonbait burutik pasatu «informazio pribilegiatu» hori prozesu legal baten mugen barruan dagoela, eta parte bati egiten diola mesede (igarriko duzue zeini).
Kazetari horrek, ezinbesteko kolaboratzailearen paperean, iritzi publikoa baldintzatzen eta nire aurka jartzen du bere artikuluaren bidez -iritzi publiko horren sektore oso jakin bat, azaldu beharra al dago zein?-, berriz ere parteetako bati mesede eginez.
Nori ardura zaio behean izenpetzen duenak eta bere abokatuek oraindik eskuetan ez izatea egunkari horrek hain modu eraginkorrean astintzen dituen txosten grafologikoak? Nori inporta zaio nire perituek sarbiderik ez izatea grafitoetara, AFAk ukatzen dielako, eta ostera erakunde foralak bere komenentzia eta nahierara erabiltzea, bere grafologoei erakutsiz, Barandiaranen artikuluan jasotzen den bezala? Nori ardura zaio ni errugabea izatea? Jakin ezazue, norbaiti hitz hauek aingerukeria iruditu arren, hau munstrokeria bat dela. Nik ez dudala Iruña-Veleiako indusketetan agertu zen grafito bakar bat ere egin, eta berdin zaidala nire aurkako mila txosten grafologiko aurkezten badituzte eta Augusto berberaren testamentua leporatzen badidate ere. Torturatzen banaute ere -tortura psikologikoaz luze hitz egingo nuke-, ez dut onartuko egia ez dena, ezta sutara eramaten banaute ere…