Jexux Eizagirre Portillok sinaturiko artikulu hau agertu da Hernanin argitaratzen den Urumeako Kronika astekarian:
- Jexux Eizagirre Portillo. HERNANI. 2016/05/21 00:00. Larunbata
-
Idoia Filloy eta Eliseo Gil ez dira egiaren beldur
-
DOBERAko zenbait bazkide elkarrekin ginen, Iruña-Veleiako Kongresuan. Datu bat: Idoia Filloy eta Eliseo Gil dira bi arkeologo, lanik gabe gelditu direnak, eta juiziotan daudenak, 400 grafito “falsifikatu” omen dituztela-eta. Kontrara, Patxi Zabaleta abokatua (eta euskaltzaina) ez dator bat akusazio horrekin:
“1. Ziur nago Idoiak eta Eliseok aurkitutako grafitoak benetakoak direla.
2. Ez da posible 400 grafito hain modu sofistikatuan falsifikatzea.
3. Eztabaida juizioetatik atera behar da, eta zientzialarien esku utzi”.
Istilu guztia sortu da, hainbat grafitotan euskera azaldu delako. Bestela inork ere ez zuen esango “faltsuak” zirenik.Adibidez, grafito batek hauxe dakar: “Aien X Iesus ta”. Hona esanahia, gaurko euskeran, hainbat ikerleren arabera: “Mahatsondoa Kristo Jesus da”. Izan ere (eta betiere ikerleen esanetan), grafitoko “aien” hori da: “aihena”. Baina, ez, gaur euskaldun gehientsuenok ezagutzen dugun esanahiarekin, baizik eta testu zaharren batek edo bestek dakarrenarekin: “Ni naiz aihena, zuek xirmenduak” (“Yo soy la vid, vosotros los sarmientos”). Bestalde, Grafitoko “X” horrek esan nahi omen du: “Kristo”. Zeren “Kristo” hitzaren lehen letra “X”a baita, greko hizkera zaharrean. Eta, azkenik, grafitoko “ta” da: gaurko “da”. Ezbairik gabe, sofistikatua da grafitoko esaldia, Zabaletak dioen bezala. Halako falsifikazio sofistikatu bat egiteko, zenbat buruhauste askatu eta liburu zahar irakurri beharko lituzke falsifikatzaileak grafito horrekin bakarrik? Eta ez ahaztu 400 grafito direla faltsutzat jotakoak.
Gainera, ez Idoiak eta ez Eliseok ez dute euskeraz egiten (are gutxiago testu zaharrik ulertzen). Bestetik, “X” horren esanahia jakiteko, espezialista izan behar zen kristau sinbologian, eta ez zen hori Idoia eta Eliseoren kasua. Eta azkenik, grafito horiek aurkitu aurretik, Eliseo berak zioen Iruña-Veleian ez zela euskera egiten, garai hartan. Hortaz, hainbeste lan hartu grafitoak falsifikatzen, bere esanaren kontra jotzeko?! Absurdoa.
Beste grafito batean, agidanean, Kristo emakume bati eskutik helduta dago, apostoluez inguratuta… Ba, grafito sinple horrek kolokan jar litzake Erromako Elizaren zimentarriak. Alegia, Kristok ez zuela emakumerik “ezagutu”… Jakina, mozolo hutsa izan behar da halako falsifikazio bat egiteko, jakinda Munilla bezalako jende batek, adibidez, egileak (Eliseo eta Idoia) gurutziltzatu egingo zituela, amen batean. Beraz, Idoia eta Eliseo, edo mozoloak dira, edo… ez dira egiaren beldur. Eta, Iruña-Veleiako nobela beltz honetan, bada interesik egia lurpean sartzeko, baita kristo guztia gurutziltzatu behar badute ere. Grafito bakoitza, leiho bat baita, iraganeko munduak bistaratzeko. Eta horrek aldatu egin ditzake orain arte kontatu dizkiguten hainbat teoria, sinesmen… Eta asko, kontu zahar horietatik bizi da.