Euskalaria, ehiza inkontrolatuak arriskuan jarri duen hegaztia

(Lantxo honen bertsio laburra Berrian argitaratu zen 2018an. Lotura hautsia dagoenez eta artikulu hura gure blogean ere agertu zenez, hemen ikus daiteke lehen bertsio hura. Orain bertsio osoa argitaratzen dugu lehen aldiz).

Maiatzaren hasieran aurkeztu zen EHUko zenbait irakaslek eta NUPeko batek idatzi eta Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen Euskararen Historia liburua, ia 900 orrialdeko obra mardula. Obrak antzinatetik gaur arteko historia jasotzen du hamar ikerlek sinaturiko zortzi ataletan. Lan ederra dirudi. Lehen bi atalak irakurtzeko astia izan dugu bakarrik, baina gainbegiratu on bat eman diogu guztiari, eta oso interesgarriak iruditu zaizkigu lan gehienak. Euskararen historian interesatua dagoenarentzat erreferentziazko obra, nahiz eta gure ustez gauza inportante gehiegi uzten dituen alde batera.

Euskararen historiaurrea du izenburu lehen atalak, Joseba Lakarrak sinaturikoak. Artikuluaren hasieran euskararen balizko senideez dauden teoriak aztertzen ditu eta banan-banan egurtzen bide horretan proposamenak egin dituzten ikerle gehientsuak: iberiera (Schuchardt, Orduña), berberea (Mukarovsky), kaukasiera (Lafon), eta beste asko. Hona hemen pasarte batzuk:

Federiko Krutwig euskaltzain ohiaz, Garaldea (1978) liburuan guantxea euskararekin lotu zuena: “Zaila da Europan 70ko amaieran horren pareko hizkuntzalaritza parodia funtsik gabekorik aurkitzea, marxismoaz, zibernetikaz edo gainerakoez erantsi eta liburuaren kapitulu osoak hartzen dituzten xelebrekeriak alde batera utzirik” (Lakarra 2018: 45).

Roslyn Frank Iowako unibertsitateko irakasleaz, euskal gaiez hainbat lan idatzirikoa: “Nire ustez, Krutwigen langa eta gailurrak berdindu ez arren –baina aitortzen dut Mitxelenak justu kontrakoa zeritzola– Iowako R. Frank hispanista ohiak (“En torno a un mito: el euskera y el indoeuropeo”, 1978). “I expect that few linguistics will find the author’s game entertaining” idatzi zuen Trasken aldetik, hark hatz, joko eta su-z egin “analisi” bitxi bezain funtsgabea pare bat orrialdetan sarraskitu ondoren. Ez dirudi egilearen azken 40 urteotako ekoizpenak bertoko friki taldetxoren batentzako opariez landa ezer hoberik duenik” (2018: 46).

Vahan Sarkisian hizkuntzalari armeniarraz, 2009an zendua : “Interes historiografiko hutsera ere ez da iristen Sarkisian euskaltzain ohorezkoaren euskara eta armenieraren arteko ahaidetasun-hipotesia” (2018: 50). Michel Morvan, Bordeleko Unibertsitateko hizkuntzalariaz, euskara eta hizkuntza uralo-altaikoen artean kidetasunak ikusten dituena: “Labur esateko, originalik (hitz honen adierarik orokorrenean) asko eta onik gutxi du Morvanen uztak –modernitatearen, Interneten eta frikien garaian usuegi gertatu bezala–” (2018: 64).

Theo Vennemman, hizkuntzalari aleman famatua, azken glaziazioaren ondoren vasconic hizkuntza Europa osora zabaldu zela defendatzen duenaz: “(Vennemman) prest da, aldiz –behar izanez gero, bistako manipulazioak ere tarteko direlarik–, hain oinarri eskaxeko helburu erraldoien alde edozer erabiltzeko amateur nekaezin bat bailitzan” (2018: 59). ”. Bizkaitarra euskaltzain oso bihurtu zenean 2009an, luze mintzatu zen alemanaz, eta “oraintsuagoko friki samaldak”en barnean kokatu zuen, bere jaioterrian egin zuen sarrera-hitzaldian.

Bittor Kapanaga autodidaktak (“Otxandioko Aztia” zenbaitentzat) “Testu baten bitxitasunak“ izeneko artikulu luzea ondu zuen, Luis Villasante euskaltzainburuak irakurri zuena Euskaltzaindiaren batzar batean; artikulu hori Euskera-n argitaratu zen 1983an. Gaia, Refranes y Sentencias-eko (1596) hainbat esaeraren azterketa. Horietako bat, Erioac ereçan Butroeco alabea Plencian. Originalean horrela dago itzulita: “El tártago mató a la hija de Butrón en Plencia”.Kapanagak pentsatzen du itzulpen okerra dela, egilea erratu egin zela. Itzulpenekoa esaera ez izateaz aparte, ez duela ez buru eta ez hanka. Luze eta zabal arrazoitzen du hori, eta bere itzulpena proposatzen: “Manantiales en el Ereza, la hija de Butrón en Plencia”. Hona otxandiarraren pasarte batzuk:

“Eta Mendebaldean erio hitzak bere esanahi argia eta gotorra du: manantial edo manamiento. Horrela ikasi nuen nik mutikotan eta horrela erabili izan dut beti: iturrian erioa hasi, edo erioa agortu; ontzi batek erioa izatea, mendian ur-erioak ikustea etab. […] Eta bilaketa lana hasi eta berehala aurkitzen dugu Ereza mendia, erioz betea; Euskalerrian mendi eriotsurik bada, Ereza dugu benetan eriotsua, beronen malda barrenetan hiru erreka sortzen direlarik. […] Esanahiari dagokionez, oso argi dugu auzia: garrantzi handiko emakumea izan behar zen Butroetarren alaba hori, edonola ere, esaera batetan bere oroitza geroari uzteko; Erdi Aroko jauntxo familien itzala eta Euskalerrian emakumeek beti izan duten gizarte begirunea kontutan izanez, bidezkoa dugu hori” (1983: 166).

Arrazoitzen duenez, esaera edo kopla zahar askotan naturako irudi bat doa aurretik metafora gisa, eta bizitza errealeko zerbait gero. Eretza mendian ur-lasterrak eder, Plentzian Butroe leinu nagusiko alaba eder, harro… Merezi du Kapanagaren artikulua osorik irakurtzea.

Guk, ildo beretik, pare bat gauza gehituko dizkiogu. Berak ematen dituen adibideez gain, hara beste bat, Santa Agedako kopletan kantatu ohi dena: Hor goian izarra/ hari begira lizarra/ etxe hontako nagusi jaunak / urre gorrizko bizarra. Eta orain hitz arraro horrekikoak. “Tartago: (Euphorbia lathyris). Planta euforbiácea anual, es común en España y tiene propiedades purgantes y eméticas” (María Moliner). Beraz, tártagoak ez du hiltzen, ez Plentzian eta ez inon, asko jota gorakoa edo beherakoa eragin. Bestalde, Elhuyarren hiztegiaren arabera, tartiku da euskaraz; erio = tártago ez daiteke inon aurkitu, ezta OEHn ere. Eta erioac ‘heriotzak’ zentzua balu, (h)erioc beharko luke, pertsonifikatu egin ohi delako.

Kapanagak berak esanda dakit zorionak jaso zituela zenbait euskaltzainen aldetik, eta Mitxelena suak eta garrak hartuta geratu zela, baina ez ziola sekula erantzun artikuluari. Erantzun zaila zuen.

Lakarrak bai, Lakarra sarri sartu da Kapanagaren artikuluarekin. Euskararen Historian zera dio:

”Nahiz B. Kapanagak 1983ko Euskera aldizkarian argitaratu artikulu xelebre batean (“Testu baten bitxitasunak”) bestelako proposamenak egin; bistakoa da egilea ez zela lectio difficilioren eta, oro har, filologiaren aldeko” (Lakarra&Mounole 2018: 353).

Georges Rebuschi Sorbonako katedratiko ohi frantsesa ere, euskal gramatikari buruz zenbait azterlan ondutakoa, sarri samar egon da bizkaitarraren begi-miran: “Horrela egin zuen Rebuschik futuroko inperatiboarekin bere tesian (1984), nahiz kontrakoa esplizitatua izan Mitxelena (1964a)n” (Lakarra&Mounole 2018: 357). Mitxelenak zerbait explizitatu bazuen, nola bururatzen zaio Rebuschiri beste zerbait proposatzea? Hamaika ikusteko jaio ginen.

Eta ez dira deskalifikaturiko bakarrak. Nire azkenetariko aztergaia euskara-paleosardiniera senitasuna izan denez, zilegi izango zait gai honi leku zabalagoa eskaintzea. Eduardo Blasco Ferrer hizkuntzalari katalanak (Cagliariko Unibertsitateko katedradun ohia, 2017an zendua) artikulu ugari argitaratu zuen hizkuntza bien arteko loturaren hipotesia jorratuz, eta liburu mamitsu bat ere bai 2010ean. Besteak beste, ondorengo euskal erroak aurkitzen zituen islako toponimian: ala, haran, ardi, (h)artza, baso, berri, bide, ertz, *goni, gorri, (h)iri, istil, itz/*iz, lats, logi, lur, mando, ola, on, orri, osto, (h)otz, (h)obi, soro, (i)turri, ur, zuri.

Lakarrak kategorigoki esaten du euskararekin ez dutela inolako zerikusirik eta antzak homofoniaren, hau da, kasualitatearen fruitu direla. Zera idatzi zuen 2013an: “Desgraciadamente para Eduardo Blasco, nada similar existe entre Paleovasco y Paleosardo y resulta imprescindible seguir llamando “casualidad” y “homofonía”a lo que tras una mínima revisión no alcanza los estándares diacrónicos menos severos” (2013: 144).

Zenbaitek badakikeenez, Euskararen aztarnak Sardinian izeneko liburua argitaratu zidan Pamielak 2017an. 360 orrialde, urte batzuetako lana. Bertan, Blascoren ikerketak oinarri hartuta, erromatar garaiko epigrafian eta leku-izenetan edo gaur egungo sardinieran bila daitezkeen balizko aztarnak aztertu ondoren, toponimian sakontzen da. Badira islan 350 bat leku-izen Euskal Herrikoen berdinak edo ia-ia: Adarre, Alzola, Arga, Aresti, Aritzu, Aritzola, Arreba, Arratzu, Arresi, Aspe, Aspidatzu, Baiona, Balzola, Baratz, Borda, Goni, Isturis, Loiri, Meschiris, Olzai, Orbais, Searsolu, Sorabile, Uri, Urrosolo, Zuri…, eta beste lau mila inguru elementuren bat berdina dutenak. Lartxo homofoniak izateko.

Editoreak komentatu izan dit liburua hor dagoela, eta gai horretaz jardun nahi duenak ezinbesteko erreferentzia izango duela aurrerantzean; kritikatzeko, laudatzeko, zuzentzeko, osatzeko… Horretan nengoen ni ere Euskararen Historia liburuan Lakarraren iruzkina irakurri arte; zera dio Blasco desmuntatzen duen ataleko oin-ohartxo batean : “Elexpuru jaunak ez dio gezurrik arestian ateratako liburuan hura ez dela berezilarientzat idatzia ozenki aitortuaz; ez du, beraz, harekin hemen denbora galtzea merezi” (2018: 65).

Bejondeizula Lakarra jauna. Dena dela, Elexpuru jaunak liburuaren sarreran jartzen duena gogoratuko dizu, ez baituzu, nonbait, ondo ulertu: “Liburu honek ere eskertuko ditu kritikak, zuzenketa proposamenekin batera; zorrotzak eta eraikitzaileak badira hobe, jakina. Baina, aurrekariak ezagututa, diren modukoak direla, izen-abizenez sinatuta egotearekin konformatuko nintzateke (hau bete duzu, behintzat). Batek baino gehiagok igarriko du zertaz ari naizen. Liburuak edozeinek irakurtzeko modukoa izan nahi du. Ez dago espezialistei begira egina, ez da aldizkari zientifiko baterako artikulua, baina espezialistengana ere iritsi nahi luke”.

Mezua argia da: konparaketak ez du balio euskararen lehenaldia ezagutzeko, toponimiak ere ez, Iruña-Veleiak ere ez (faltsuak); berreraiketak bakarrik, nire berreraiketak, alegia. Eta, dakizuenez, ni naiz horretaz gehien dakiena. Lakarraren berreraiketez eta etimologiez luze jardun daiteke, baina ni baino “berezilari” hoberik bada eginkizun horretarako.

Edonork du eskubidea edonoren teorien ustezko ahuleziak kritikatzeko eta bereak proposatzeko, jakina, baina neurrimendua eta errespetua bezalako irizpideek lekutxo bat izan behar lukete kritikariaren buruan.

Euskalariak dira gure hizkuntzaren legio atzerritar boluntarioa. Garai batean ugari ziren. XIX. eta XX. mendeetan euskarak mundu osoko hizkuntzalariak erakarri zituen. Euskalarien Nazioarteko Jardunaldiak egin ziren 1980an, Euskaltzaindiak antolatuta. Villasante, Haritxelhar, Satrustegi, Irigoien, Mitxelena eta Knörren garaiak ziren. Euskal Herrikoez gain, baziren kanpotik etorritako dozena bat “baskologo”. Gaur egun horrelako bat antolatuko balitz ez dakit nik zenbat hurbilduko litzatekeen, hemen dabilen tiro-hotsa entzunda. Agurtu beharrean egurtu, goretsi beharrean gutxietsi. Eta deigarria da euskarari garrantzi eta hedadura historiko handiena aitortzen diotenak (Vennemann, Blasco, Frank, Morvan…) izaten direla tirokatuenak.

Hitz batek definitzen gaitu: etxekalte. Zer pentsatuko dute gutaz?”.

Euskalarien zerrenda

Euskalariez jardun dugu, eta hona hemen euskalarien zerrenda luze bat; ez daude denak, jakina.

Espainiarrak: Lorenzo Hervás y Panduro (1735-1809), Ramón Menéndez Pidal (1869-1968), Antonio Tovar (1911-1985), Jose María Sanchez Carrión “Txepetx” (1952), Eduardo Orduña Aznar. Frantsesak: Louis-Lucien Bonaparte (1813-1891), Julien Vinson (1843-1926), Achile Luchaire (1846-1908), Julien Sacaze (1847-1889), Antoine Meillet (1866-1936), George Lacombe (1868-1916), Henri Gavel (1880-1959), René Lafon (1899-1974), André Martinet (1908-1999), Jacques Allières (1929-2000), Michel Morvan (1948), Georges Rebuschi (1949). Herbeheretarrak Willen J. van Eys(1825-1908), C. Cornelius Uhlenbeck (1866-1950), Rudolf de Rijk (1937-2003). Ingelesak: E. Spencer Dodgson (1857-1922), Alan Roy King (1954-2019). Alemanak: Wilhelm von Humboldt (1767-1835),Karl Mahn (1802-1887), Hugo Schuchardt (1842-1927), Gerhard Bähr (1900-1945), Karl Bouda (1901-1979), Theo Vennemann (1937). Austriarra: Hans Mukarovsky (1922-1992). Suitzarra: Johannes Hubschmid (1916-1995). Txekiarra: Norbert Tauer (1898-1983). Italiarrak: Alfredo Trombetti (1866-1929), Vittorio Bertoldi (1888-1953). Norvegiarra: Hans Vogt (1903-1986). Armeniarra: Vahan Sarkisian (1954-2011). Georgiarra: Shota Dzidziguri (1911-1994). Katalanak: Fidel Fita (1836-1918),Pere Bosch Gimpera (1891-1974), Joan Coromines (1905-1997), Eduardo Blasco Ferrer (1956-2017). Estatubatuarrak: Larry Trask (1944-2004), Roslyn Frank (1939), Mikel Morris (1957), Juliette Blevins. Japoniarrak: Suzuko Tamura (1934-2015), Tadao Shimomiya, Hiromi Yoshida(1964).

Ikusten denez, asko eta maila handikoak izan dira eta dira euskalari atzerritarrak. Horien artean frantsesak ugarienak, dozena bat ageri dira goiko zerrendan. 1980an Euskalarien Nazioarteko Jardunaldiak egin ziren Leioan, Euskaltzaindiak antolatuta. Hamabi izan ziren erbestetik etorritakoak. Harrezkero ez da besterik egin. Gaur egun pentsaezina da horrelako biltzar bat. Eta ez bakarrik atzerritarrak izutzen eta uxatzen ditugu, bertakoak ere bai. Bi kasu aipatuko ditut:

Jose Luis Iturrioz Leza (Huércanos, 1947). Euskal jatorriko hizkuntzalari errioxar hau Linguistika Orokorreko irakasle izan zen EHUn (1983-85). “La función de la -A y de -TA a la luz de la dimensión de individuación” artikulua idatzi zuen Euskera-n 1985ean. Urte horretan Mejikora emigratu zuen fakultateko giroarekin deseroso sentitzen zelako. Guadalajarako Unibertsitateko irakaslea izan da eta hainbat hizkuntza indigenaren azterketak egin ditu. Huichol hizkuntzaren espezialista handiena da egun. Haren bibliografia oso zabala da beste gai batzuetan ere. Ez dio berriro heldu euskarari.

Hector Iglesias (Baiona 1967). Filologian doktore Bordeleko unibertsitatean. Toponimiarekin, euskararekin eta iberierarekin lotutako hainbat ikerketa-lan argitaratu zuen 2010era arte, batez ere IKER zentroan (CNRS, eta Bordeleko eta Paueko unibertsitateen plataforma). 2009an Iruña-Veleiako aurkikuntzei buruzko txosten luze eta sakon bat argitaratu zuen, benetakotasunaren aldekoa. Kritika gogorrak jaso zituen EHUko zenbait katedradunen zein IKEReko zuzendaritzaren aldetik, eta aurrerantzean ezin izan zuen ezer publikatu zentro horretan. Euskal Herritik urrundu eta Frantzia barnealdeko institutuetan egin du lan harrezkero. Dakigula, ez du ezer argitaratu ordutik hona, 2016an Parisen Iruña-Veleiaz atera zuenaz aparte (Ik. biblio).

Eta hauei, bere burua zentsuratzen dutenak gehitu behar zaizkie. Zenbat eta zenbat euskal unibertsitate eta akademietan! Hau eta hori esango nuke edo ikertuko nuke, baina pentsatzen dudana adieraziko banu, agur nire karrera akademikoa. Lanpostua galduko dut, ez dut gora egingo, ez naute Kongresuetara deituko, ez dut azterketa-bekarik jasoko, paria bat bihurtuko naiz. Sinadurak biltzen kalean egotea egokitu zaigu I-Vko ostrakei laboratorioko analisiak egiteko eskatuz. Eta sarri samar gertatu zaigu andra-gizonak mahaira hurbiltzea eta haietako bakarrak sinatzea. Zergatia galdetuta, unibertsitateko irakaslea naiz, edo Jaurlaritzako edo Aldundiko politikaria edo langilea, idazlea, musikaria, aktorea… “Enoie firmetan” ziostan urrutitik atzamarrari eraginez, sinadura-eske atarietan sarri aurkitu dugun lagun zahar batek.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude