“Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu” manifestazioa martxoaren 30ean Gasteizen

Prentsa-oharra:

2009an Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk zuzentzen zuten Lurmen arkeologia taldea modu bidegabean bota zutenetik, hainbat aldiz sartu dute hondeamakina aztarnategian, hondoko harria jo arte. 2010ean EHUko Julio Nuñezek zuzentzen zuen taldeak 7.000 m²ko eremu bat suntsitu zuen harresi kanpoaldean, eta 2016an euskarazko grafito asko agertutako 6. sektorea hondatu zuen. 2023tik gaur arte, Qark enpresa sekulako sarraskia egiten ari da aztarnategiko leku ezberdinetan. Hau guztia, jakina, Arabako Foru Aldundiaren babesaz eta bedeinkapenaz.

Hiru kasuetan salaketak jarri dira epaitegiaren aurrean, txikizioaren bideoak eta argazkiak erakutsiz, baina erantzuna beti berdina izan da: zuzen jardun dute arkeologoek. Hainbat aldiz eman zaie honen guztiaren berri agintariei, parlamentariei, arkeologoei, kazetariei, hau da, gizarte honetan erabakimena eta influentzia duten guztiei, baina orain arte ezentzun eta ezikusi egin dute beti. Manifestazioak, sinadura-bilketak, biltzarrak, liburuak, hitzaldiak, bisita gidatuak…, denetik egin da egoera gizarteratzeko, eta egiten jarraitu beharko bada bidegabekeria sinestezin hau luzatu ez dadin.

“Iruña-Veleia argitu” dio lemaren lehen parteak. Oso erraza da eztabaidatutako grafitoak benetakoak diren ala ez jakitea. Aski litzateke laborategi espezializatuetara piezen lagin bat bidaltzea. Arabako Foru Aldundiak behin eta berriz uko egin dio Lurmenek eta argitzearen aldeko taldeek egindako eskariari. Zerbaitegatik izango da.

Esandako guztia salatzeko, eta auzia behin betiko argitzea eskatzeko, manifestazioa egingo da Gasteizen, martxoaren 30an, eguerdiko 12etan, Foru Aldundiko Plazan hasita. Han ikusiko dugu elkar. Lortuko dugu denon artean.

Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu Plataforma

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude