Zirkua aurkitu dute Iruña-Veleian, ala Arabako Foru Aldundiaren beste zirku baten aurrean gaude?

Joan den uztailean Elosuko Baraualdiaren arduradun batek deitu zidan esanez ea joango nintzen Iruña-Veleian aurkitutako zirkuaz hitzaldi informal bat ematera. Gustura egon ginen gaiaren inguruan solasean. Kontua berri-berria zen eta prentsa bidez jasotako informazioa partekatzera mugatu nintzen batez ere, errezelo txar batzuk agerian utzi nituen arren. Eta duela gutxiko Unai Fernandez de Betoñoren “Menudo circo” artikuluak errezelo horien eztanda ekarri dute.

Baina has gaitezen hasieratik:  2024ko uztailaren 17an eman zuen Foru Aldundiak prentsaurrekoa. Eta bertan iragarpen harrigarri bat egin zuen: ez zegoela induskatzeko asmorik:

“Fernandez Bordegaraik azaldu du zergatik: «Indusketa arkeologikoak suntsitzaileak dira beti». Eta Javier Ordoñok argitu du Iruña-Veleiako zirkuarekin ere hala izango dela: «Ez du merezi. Diru inbertsio handiegia da, eta induskatu den hori mantentzea bideraezina da gero” (Berria).

Italica-ko zirkuaren kasua

Zirkua den ala ez jakiteko bide bakarra indusketak egitea da. Ikusi zer gertatu den Italica-ko (Sevilla) zirkuarekin.  2023-9-5eko  titularra: “Itálica tuvo el circo más grande que Roma construyó fuera de Italia, un coloso con capacidad para 80.000 espectadores Una campaña arqueológica con georradar localiza lo que parecen restos de esta gran infraestructura”. (Sevilla, El diario.es).

Eta orain, urtebete geroagokoak, Iruña-Veleiakoaren berri izan genuen aste berekoak, hain zuzen:“Los arqueólogos descartan que los restos hallados en Itálica sean los del circo romano. Se había anunciado como el descubrimiento del «mayor circo de toda la Península Ibérica y uno de los mayores del Imperio» (ABC).  “El informe que descarta un circo en Itálica concluye que no hay “el más mínimo” indicio” (Europa Press).

Iruña-Veleiako ustezko zirkua

Garbi gera bedi asko poztuko ginatekeela auzi malapartatu honen inguruan mugitu garen guztiok aurkikuntza benetakoa balitz. Eta benetakoa ez dela esateko motiborik ez dugu oraingoz. Pentsatu nahi dugu Ordoño Anaiek aurkeztutako zantzuak serioak direla. Baina, esan dugun bezala, indusketak egin gabe ezingo da ezer baieztatu. Eta egun hori heltzen ez den bitartean, esan liteke ezezkoak baiezkoak baino txartel gehiago dituela. Izan ere Arkikuskak publikoki erakutsi duen bakarra zirkuaren ustezko krokisa da, dron batek udaberrian, belarra ernetzen hasten den garaian ateratako argazkietan oinarrituta omen dagoena. Beste ezer ez. Gauza jakina da belarra kolore ezberdinekoa hasten dela hormen edo egituren gaineko lur gainean eta lur lodia dagoen tokian. Teknika horretaz baliatu izan zen Lurmen bere garaian, aeromodelismoko “hegazkinak” erabiliz, dronik ez baitzegoen garai hartan.

Aldapan ote zegoen zirkua?

Aurkezpen egunean Arkikus enpresak erakutsitako ilustrazioa. Kotak gehitu dizkiogu (Google Earth)

Lekua ezagutzen dugunoi berehala sortzen zaigun galdera. Aztarnategiko aparkalekura doan errepidearen eskuinetara zegoen ustezko zirkua, errepidearen paraleloan. Eta aldapa dago aztarnategira heltzeko. % 3, gutxi gorabehera. Aldapa gora eta aldapa behera ibiliko ote ziren koadrigak? Aldapan eraikiko ote zuten zirkua?

Kokapen mapa. (Google maps). Kotak eta ustezko eremua gehitu dizkiogu

Lurmenek egindako zundaketetan horrelako egituren arrastorik ez

Eliseo Gil eta Idoia Filloyk zuzentzen zuten Lurmen enpresak 300 bat zundaketa (2x2m, harria jo arte sakonduz) egin zituen 2005 eta 2006an, aztarnategian.  Badirudi Foru Aldundiko inor ez dela honetaz gogoratzen, behintzat ez zuten aipamenik egin prentsaurrekoan. Eta zundaketok Aldundiaren babesarekin eta diru-laguntzarekin egin ziren. Bada, mapan ikus dezakegunez, hainbat egin ziren  ustezko zirkuaren eremuan. Arkeologoekin kontsultatu dugu eta dioskute eurek ez zutela horrelako egituren arrastorik aurkitu. Eta oso sakon jotzen zutela. Bestalde, zirkuek erdian spina deitzen zitzaion egitura bat izaten zuten luzetara; horren aztarnarik ere ez da agertu zundaketetan.

Mapan ikusten denez, zundaketa pila egin zuen Lurmenek ustezko zirkuaren eremuan (Lurmen)

Ondorio gisa

Berriz diogu, nahiago genuke aurkikuntza egiazko balitz. Aurrez ere bagenekien Iruña-Veleia oso hiri inportantea izan zela. Zirkuak plus bat gehituko lioke, ez dago zalantzarik. Baina Aldundiak frogatu egin beharko du zirkuaren arrastoak daudela lur azpian, eta hori indusketaren bidez egin daiteke soilik. Bitartean, esandako guztiagatik, oso eszeptikoak gara, ezkorrak ez esatearren, eta uste dut motiborik ez zaigula falta. Aldundiak orain arte izan duen jokabidea ezagututa, edozer gauza da posible.

Hitzaldiaren bukaeran aipatu genuen bezala, ez harritu hemendik pare bat urtera elkarri galdetzen badiogu  zer gertatu zen IVko zirkuarekin. Eta oroitzapen lauso bat besterik ez bada geratzen gehienon buruetan. Eta hori gertatuko da herri honetako gizarte zibilak Aldundiari, Jaurlaritzari, alderdiei eta “indar biziei” hortzak erakusten ez badizkie, eta grafito eztabaidatuen analisiak egitea, eskabadora bidezko sarraskiak gelditzea eta abar exijitzen ez badie. Zirkuarena, azken batean, inportantea eta adierazgarria izan arren, peccata minuta da besteen ondoan.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude