Aspaldi samar idatzia den arren, gaur argitaratu da lehendabizikoz Independentean. Txosten luze baten laburpena da. Txosten osoa irakurri nahi duenak pantailaren eskuinean dagoen ikonoan klik eginda jaitsi dezake pdf-a.
Juan Martin Elexpuru
Pozak gutxi irauten du pobrearen etxean. 2024ko urtarrilaren 7an titular hauekin gosaldu genuen: «Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari. Pieza aurkeztu eta urtebete pasara hasierako hipotesiak zorroztu dituzte adituek, eta, hainbat hizkuntzalariren hitzetan, oraindik ere ezin da baieztatu testua euskaraz edo euskararen ahaide batean idatzita dagoenik» (Iñigo Astiz, Berria). Harritu bai, baina gehiegi ere ez ginen harritu; déjà vu usaina hartu genion notiziari. Irulegik urtebete inguru behar izan du lehertzeko, Iruña-Veleiak bi urte pasatxo. Gaitzerdi hala ere, idazkuna benetakoa omen da. Behintzat zerbaitetan aurreratu dugu.
1. Txostenak burutzeko metodo eztabaidagarria
Denek onartzen dute Gorrochategui eta Velazaren irakurketa berria, aurretikoa aldatzen duena
Fontes-en azken alean bederatzi txosten agertu ziren, zortzi gaztelaniaz eta bat ingelesez. Horietako hiru bi lagunen artean eginak. Zortzi egile EHUko filologoak dira; honi endogamia usaina hartuko lioke gaizki-pentsaturen batek. Beste laurak iberieran adituak, nafar bat, bi aragoitar eta katalana. Denak elkarren ezagunak. Txostengile guztiek izan dute beste txosten guztien berri publikatu aurretik, eta besteenak irakurri ondoren burutu du bakoitzak berea. Ez dirudi metodorik zientifikoena horrelako gai korapilatsu baterako. Eta emaitzetan igartzen da: ia denek onartzen dute Beltran-en ebazpena: «Una mano cortada», gerra-trofeoa omen. Denek onartzen dute Gorrochategui eta Velazaren irakurketa berria, aurretikoa aldatzen duena. EHUko ia guztiek onartzen dituzte Lakarraren baieztapen txundigarriak.
2. Bisitariei ongietorria emateko sinboloa ala etsaiari moztutako gerra trofeoa?
Berdinak dira ba! Hau da hau, apotropaiko trabatu gabe esaten ikasi dugunean, ezetz, ez dela hori. F. Beltran: «Puede concluirse, por lo tanto, que la amputación de la extremidad diestra del enemigo y su exhibición como trofeo está perfectamente atestiguada…». Hipotesi hori aipatu zuten aurkezpen egunean, baina berehala baztertu zuten. Eta orain ia denek onartu dute hasierakoaren antipodetan dagoen interpretazio berria. Baina nola ez ziren horretaz lehenago jabetu, ia urtebete izan baitzuten ikertzeko? Orain bete-betean sinetsi behar zaio Beltrani? Gu geure aldetik Luis Silgo arkeologo eta iberista valentziar ezagunarekin harremanetan jarri gara, eta hona hemen haren erantzunaren hasiera: «He leído el artículo de Beltrán que me parece muy flojo. Precisamente de los tres monumentos con manos que cita de Aragón las manos fueron interpretadas como signos de protección, siendo indiferente que apareciese también figurado un guerrero». Gaia luze garatzen du gero. Interneten argitaratuko dugun txostenean dator jarraipena.
Baskonikoz idatzia zegoela esan zitzaigun 2022an. Zalantza txikienik ere ez. Orain, berriz, auskalo…
3. Baskonikoa, iberiera, ala hizkuntza ezezagunen bat?
Baskonikoz idatzia zegoela esan zitzaigun 2022an. Zalantza txikienik ere ez. Orain, berriz, auskalo… Gorrochateguik eta Velazak hasierakoari eusten diote, iberistek ere bai, ñabardurekin, baina EHUtarren iritziz, ezin da jakin. «Siempre quedará la posibilidad teórica de que la inscripción represente una lengua o variedad lingüística de la que no tenemos conocimiento ni constancia y que, en el mejor de los casos, incorpora algún elemento aislado procedente de otras lenguas que presumiblemente se hablaron en el entorno geográfico en el que se ha encontrado la pieza» (Igartua).
4. Ez omen da SORIONEKU irakurri behar, SORIONEKE baizik
Jakina da idazkunak berezitasun bat duela: zeinuak marratu (esgrafiatu) egin ziren lehenik, eta gero puntuak ezarri ziren marren gainetik. «Gure edizioan desberdintasunen bat ikusi dugunean, puntuek adierazitakoa lehenetsi dugu», zioten 2022an. Ba orain ez, orain marratua lehenetsi dute. Zergatik? Ez dute pisuzko arrazoirik ematen. Eta irizpide berriarekin sorioneke irakurtzen dute. Eta Fortuna jainkosaren bertsio baskonikoa omen litzateke Zorion. -ke datibo atzizkia, nori eskainia. Irudimen lartxo ez ote dute erabili gauzak koadratu ahal izateko? Denak koadratzen du, bai, irakurketak izan ezik. Aurki ikusiko dugu.
Garai jakin batean «dokumentatua» ez badago hitz edo forma bat, mesfida gaitezen!
5. Lakarrak dio ZORIONEKU/KE zein ZORION ezinezkoak zirela orduan
«Ni el derivado zorioneko, ni el compuesto previo zorion existían ni en el siglo I a. C., ni en 1545, ni varias décadas y centurias más tarde, hasta bien entrado el siglo XVIII. […] Sorioneku/ke no equivale a zorioneko ‘dichoso, feliz’, ni se relaciona con zorion ‘dicha, felicidad’». Punto, horrelaxe da eta kito. Bizkaitarrak badaki zori honian, zorigaitzean, zorigatxean diotela Etxeparek eta Lazarragak, eta zori oneko eta zorionezko darabiltela XVII. mende hasierako idazle lapurtarrek, baina arrazoi eztabaidaezinak ditu bereari eusteko. Garai jakin batean «dokumentatua» ez badago hitz edo forma bat, mesfida gaitezen! EHUtarrek aho batez onartzen dituzte Lakarraren baieztapen borobilak. Guk begiradatxo bat bota diogu OEHri, eta zera aurkitu dugu, esaterako: «Lakar: Áspero, basto, duro. Documentado en autores guipuzcoanos y vizcaínos a partir de finales del s. XIX”. Hitz hori ez ote da zaharragoa, auskalo noizkoa, Lakarra jauna? Toponimian ere badu presentzia, Nafarroa Behereko Lakarra herria, esaterako.
6. Sinetsi eta onartu egin behar da irakurketa berria?
EZ, inola ere. Hemen ezarri dudan ilustrazioak nahikoa esaten duelakoan nago.
Bi egile ezberdin ibili ote diren iradokitzen da txostenetan, eta marrak egin zituena zela jakituna eta puntuatzailea ezjakina. Dena den, lehen bertsioan guztiz bestela jokatu zuten filologoek: «Gure edizioan desberdintasunen bat ikusi dugunean, puntuek adierazitakoa lehenetsi dugu.» (Aiestaran 2022: 62). Egia esan ez du logikarik lehendabizi jakitunak marrak egitea eta gero ezjakinak lana borobiltzea puntuak ezarriz, Ferrer i Janek eta beste batzuk iradokitzen duten moduan. Zentzunak diosku (guri behintzat) pertsona bera izan zela idazkuna egin zuena, lehenik zeinuak trazatu zituela gida gisa eta gero puntuatu egin zuela gainean, marratzeko orduan geratutako hutsuneak betez. Bertsio marratuan osatu gabe utziko zituen zeinu banaka batzuk, gero puntuatzerakoan burutu zituenak.
Bertsio marratua lehenetsita ere asko bortxatu behar da irakurketa ke ikusteko. Bigarren lerrokoa oraindik eta nabarmenagoa da. 2023ko udan berriz garbitu zuten pieza eta konturatu omen ziren kuneker’e jartzen zuela d/tenekebe beharrean. Argazkiak zehatz arakatu ditugu, eta iruditzen zaigu ez dela egia, ezta bertsio marratua hobetsita ere. Bistak huts egiten die, nonbait, hor ez baitu diotena jartzen. Begiratu ilustrazioari. Nire txosten luzean xehetasun gehiago.
7. Etsipenaren eta itxaropenaren artean
Lehenik eta behin aitortu behar da interpretazio zailekoa dela Eskua, ziurtasunak gutxi direla eta hipotesien eta espekulazioen munduan gabiltzala denok. Aurkikuntza berriak beharko dira garai hartako aitzineuskara zuzen samar interpretatu ahal izateko. Bigarrenik, ez zaigula batere harritu gertatutakoa. Oso antzeko zerbait jazo zen Iruña-Veleian. Gorrochateguik lehendabizi arre, gero iso; eta Lakarra eta beretarrak hitz bakoitza beren berreraiketaren iragazi estu bezain absurdutik pasatzen. Irizpide horiekin Donemiliagako Glosek ere hainbat arazo izango lukete. Contra facta non valent argumenta.
Agian gertaturikoak begiak irekitzen lagunduko dio zenbait pertsona eta erakunderi
Etsigarria. Nolanahi ere, Fontes-eko dosierrekoak ez dira txosten bakarrak izan. Interneteko leku ezberdinetan hainbat ikerle saiatu da idazkuna interpretatzen. Juan Inazio Hartsuaga, Bizkaiko Hizkuntzalariak, Josu Lavin, eta abar eta abar. Nire blogean eskegi dut nire txosten luzea (pdf-a jaitsi daiteke) eta han sakonago jorratzen dira proposamen desberdinak.
Esanak esan, esperantzari leihoa zabalik utziko diogu. Agian gertaturikoak begiak irekitzen lagunduko dio zenbait pertsona eta erakunderi.
Fontes-eko ikerketa dela-eta iruzkin txukuna ondu duala deritzot.
Neuk ere egina zioat azterketa osoa, hainbat ataletan.
Hiru dokumentuak: FLV-136 dosierra, Analisia (eu), Análisis (es) pdf formatuan eskuragarri eta irakurgarri diaudek nire webgunean, nahi izan dezanarentzat:
https://www.atalak.eus/eskua/index.html
P.D.: Egileei ere jakinarazi niean analisiaren berri.