Gaur jakin da Larunben (Itza), Arriaundi mendiko aztarnategian, LARAHE jartzen duen aldare bat agertu dela, LARA edo LARRA izeneko dibinitateari Valeria Vitellak eskainia, hain zuzen. Erromatar garaikoa. 2022an aurkitu zuen Aranzadik, horren berri gaur jakin den arren.
Hona hemen notizian Berrian eta Aranzadi Elkarteak eginiko bideoa
LAR(R)AHE, -I eskainitako beste hiru aldare ezagunak ziren aspalditxotik Nafarroan. Horregatik, iruditzen zait sentsazionalismo apur bat egon dela notizia emateko orduan, nahiz eta gero datu hori ere ematen den letra txikian. Hona hemen Larunbekoa:
LARAHE (dat.).// Val(eria)·V[i]-tel·la/ m(erito?)·La·r-/a·he·vo(tum)/ l(ibens)·s(solvit).
Aranzadi-Berria (2024-06-16)
Jainko-jainkosaren izena LARRA zen ziurrenik (‘larrea’ jainkotuta), gauza ezaguna baita -he (edo -hi) datiboko marka dela; zein jainko-jainkosari dedikatua, hain zuzen.
Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilarrietan izeneko lan luze bat egina dut, eta laster argitaratu nahi nuke. Handik atera dut hurrengoa:
7.- LARRAHI (dat.)// Manili/us Mar/tialis votu(m) re/tulit/ Larrahi(?). Andelo (Mendigorria). EDCS-06100375
8.- LARAHE (dat.)// Deo/ Larahe/ Felix/ v(otum) s(olvit) l(ibens) m(erito). Iruxo. EDCS-11800904. (Ez dago argazkirik).
9.- LARAHI (dat.). Argitaratu gabea. Ez da testuaren berri eman. Luis Mari Zalduak aipatzen du Riezu-Errezun agertutako aldare hau, eta argazkia ere badakar (2022: 53-54).
Zaldua 2022: 54
Bukaerako hiztegikoa:
LARRA. Larre, larra ‘alha, zelaia’. Jainko honi eskainitako hiru aldare Nafarroan. Azalpenak, Zaldua 2022: 51-54. Larrahi (j, Na7, Andelo), Larahe (Na8 Iruxo), Larahi (Riezu). Zalduak ematen du oraindik argitaratu gabe dagoen azken aldare honen berri (2022: 53-54). Deigarriak r/rr zein datibo markako duda-mudak. LARRASO. Larrasoni (j, Ak158, 159, Moux-Carcasona, Narbona aldea). ΛΑΡΡΑΣΣΩΠΙ (‘Larrasoni’) (Ak160, Narbona). Alfabeto greziarrez idatzirikoa azkena. Larraso-ri eskainitako hiru aldareak Akitaniatik at agertu dira (ez oso urrun), Narbona aldean. Zera dio Carmen Castillok: “Más bien diría yo que es la versión indígena de Silvanus, un dios que es el que más ampliamente se documenta en territorio pirenaico” (1992:123).
(Hemen ere aipatu beharko dut aurkikuntza berria, gaur jakin dena)