“Irulegiko eskua: ‘Bakoitzari berea, gizalegea”, Noticias de Gipuzkoa-n eta Noticias de Navarra-n

Jonjo Agirre (*)

02·03·24 | 02:00 Noticias de Gipuzkoa

Laburpen azkar-takar samarra eginez, esan dezagun joan den mendeko lehen erdia bitarte, ohikoa zela euskararen jatorriaz idazten zutenen artean arinkeria handiko edozein erkaketa fantastiko proposatzea, axaleko antzekotasunen bat aurkitu orduko. Anabasa hartan, ongi etorria izan zen, zorroztasuna eta metodoa lagun, euskararen aitzin egoera aztertzeari ekin zion Koldo Mitxelena maisu handia. (Azkar-takarra, Mitxelenaren aurretik ere izan zelako jakintsu zorrotzik eta erkaketa fantastikoak egundaino dirautelako tamalez).

Berak azaldu zuen, besteak beste, gaur egungo hitz batek ez duela zertan izan behar aspaldian zen bezalakoa, hitzak eta ahoskerak aldatu egin ohi direlako, arau erregular jakin batzuen arabera, eta posible dela arau horiek ezagutuz gero, orain baino lehenagoko egoerak berreraikitzea. Adibide ospetsu bat aipatuz, gure gaurko ardau, ardo, arno forma dialektalak, lehenagoko *ardano baten ondorengoak zirela ondorioztatu zuen, egun oraindik ardantza edo ardandegi bezalako hitzetan fosildurik zirauena.

Mitxelenak eta gerora hari jarraitu zitzaizkionak, euskararen egoera zaharragoen berreraikitzeari ekin zioten, eskura zituzten dokumentuak baliatuta, hitzen bilakaera gidatzen zuten mekanismo morfo-fonetikoak bilatuz, aztertuz eta, aurkituz gero, azalduz, argituz eta arau moduan ezarriz. Euskal gizarteak, teknika horien sakontasunak oro har gehienbat ulertzen ez baditu ere, badu Mitxelenak ekarritako metodoaren eta zorroztasunaren pertzepzioa eta jakintsu estatusa eratxiki dio haren ondorengo Euskal Filologia Ofiziala (EFO) iritzi geniezaiokeen jakintsu multzoari.

Bilakabide fonetiko erregular arautuen aurkikuntza, aurrerapauso itzela izan zen aurreko egoerarekin erkatzen badugu, baina metodoaren eta batez ere datu urritasunaren erruz, ez da halere erabat arriskurik edo hutsik gabeko jakituria, ez da matematikaren zehaztasun eztabaidaezinarekin erka daitekeen zerbait, euskal filologo nagusiek hainbat aldiz gogorarazi digutenez. Honatx hainbat adibide:

It should be clear that, if in all reconstruction work the results must be taken as provisional, the specific circumstances of the Basque case force us to be very aware of the fact that we cannot go beyond a certain degree of plausibility for our proposals. Lakarra 1995

4. LOS LÍMITES DE LA METODOLOGÍA

Aun siendo interesantes estas cuestiones de historia externa de la lengua, nuestro propósito se centra en el análisis y discusión de determinadas estructuras escogidas de la lengua, con el fin de obtener de su estudio cierta verosimilitud sobre estadios lingüísticos más arcaicos que los habitualmente conseguidos por la investigación hasta hace pocos años. Quede bien claro que, si en -todo trabajo sobre reconstrucción lingüística hay que aceptar muchas conclusiones con prudencia o cautela, las circunstancias específicas del caso vasco nos obligan a ser conscientes de que nuestras propuestas difícilmente irán más allá de un cierto nivel de verosimilitud.Gorrochategui & Lakarra1996.

Zuhurtzia hauek ordea, badirudi haizeak ez ote dituen eraman. Izan ere, ordutik gaurdaino ez da inolako argitalpenik azaldu, esanez, aurrerapen metodologiko hau edo bestea dela-eta, bertan behera utzi behar direla badaezpadakoak eta zalantzak, eta aurrerantzean berreraikipen teorikoen egiantza %100ekoa bailitzan ulertu behar dela. Inon ez da horrelakorik argitaratu baina praxia ordea bide horretan barrena abiatu zaigu, salbuespenak salbuespen.

XXI mendea Lazarragaren ustekabe pozgarriarekin hasi zen, pozgarria eta arazo larriegirik gabea, euskara historikoaren baitan kokatzen zenez. Hurrena ordea, Iruña-Veleiako ostrakak azaldu ziren, eta gorago aipatzen diren zuhurtziak eta tentuak baztertuta, faltsutasunaren zantzuak zabaltzeko gurutzadari ekin zitzaion EFOtik, gizarteak esleitu dion autoritateaz baliatuta, bai eta arrakastaz burutu ere. Egun oraindik, ostraken taxuzko azterketa fisiko-kimikoak egiteke diraute, faltsutasunaren hipotesia erraietaraino irentsi duten erakundeek eta gizarteak alferreko irizten dietelako. “Egiantza maila batez harago nekez joan daitezkeen” proposamen horiek, Jainkoaren hitz berria bihurtuta, erruduntasun presuntzioa zabaldu zuten, froga zientifikoak egin zitezen oztopatzea eragiteraino. Eta oraingoz azkena dugun ustekabea, Irulegiko eskuarena izan da. Honetan, Iruña-Veleiakoaz eskarmentatutako arkeologoek iruzurraren hipotesia zabaltzeko zirrikiturik utzi ez dutenez, eta azaldu den testua berreraikipen teorikoekin bat ez datorrenez, hizkuntza misteriotsu eta orain arte ezezagun batean idatzirik dagoela erabaki du EFOk duela gutxi. “Egiantza maila batez harago nekez joan daitezkeen” proposamenak berriz inork ez ditu auzitan jartzen, inork ez du, haiek berriro aztertu beharraz hitzerdirik esaten.

“Hemen ere, harrigarri bezain irakasgarri gertatzen da Mitxelena irakurtzea eta egiaztatzea zeinen urrun dauden Euskal Filologia Ofizialaren gaurko jarrera dogmatikoak maisuaren zalantza zuhurretatik”

Aspaldiko berreraikipen teorikoek badute beste ahulune bat, inoiz gutxitan aipatzen dena, filologia honen teologia bihurtze bidean oztopo bilaka ez dadin: Kronologiarena. Bilakabide fonetiko bat bikain aztertuta egonda, eta bera gidatzen duten arauak zalantza izpirik gabekoak izanda ere, ez dago modurik (salbuespen bakanen bat edo beste alde batera utzita), aldaketa horiek noiz gertatu ziren esateko. Gaurko hitz baten lehenagoko egoera ezagutu dezakegu, baina gehienetan ezingo dugu esan egoera hori duela mila urtekoa den, duela bi mila urtekoa den edo duela bost mila urtekoa den. Ez dakigu esaten ezta ere, hitz horren egoera horiek, gaurkoa eta lehenagokoa, elkarren ondoan bizi ahal izan diren edo zenbat denboraz bizi ahal izan diren. Horren inguruan egiten diren hipotesiak, gehienetan ez daude metodologia zientifikoan oinarrituta, filologoaren intuizioan baizik, eta beraz, dagokien balioa eman behar zaie. Mitxelenak hainbat pasartetan aipatu zuen gai hau.

En otro orden de casas, es esencialmente correcta, a nuestro entender, la intemporalidad que Pulgram asigna a las protolenguas. La comparación, en principio, restituye fonemas y formas que sitúa de una manera uniforme en un pretérito plano, sin profundidad sin que haya mayor garantía de que se trate de fonemas y formas rigurosamente contemporáneas y coexistentes: mejor dicho, han podido coexistir durante cierto tiempo sin que su primera aparición y su abandono o cambio en algo distinto hayan sido simultáneos. KM 1990.

Se ha propuesto recientemente que las protolenguas deben también fecharse, aunque naturalmente en términos relativos, no absolutos. Se trata de una definición convencional: convenimos en llamar proto-germánico a la fase de una protolengua que empieza con tales o cuales cambios y acaba cuando ·se producen tales otros. Una definición de esta clase es naturalmente irreprochable, pero necesariamente vaga.Tiene además el inconveniente de que, por ser arbitraria, cada uno podrá fijar sus límites de una manera distinta. KM 1990.

Creo que, de acuerdo con lo que llevo expuesto, es razonable suponer que, en algún momento, aun por fechar ni siquiera aproximadamente, existió algo que con todo derecho podemos llamar protovasco (no *protovasco ) que no fue una simple vue de l’esprit ni un espejismo de la reconstrucción, como decia Kurylowicz, sino la fuente unitaria dentro de lo posible de los dialectos vascos históricos. KM 1990.

Hemen ere, harrigarri bezain irakasgarri gertatzen da Mitxelena irakurtzea eta egiaztatzea zeinen urrun dauden EFOren gaurko jarrera dogmatikoak maisuaren zalantza zuhurretatik. Mitxelenaren gutxi gorabehera ere esleitu gabe dagoen datatik, Irulegiko eskua idatzi zen garaian euskalkirik ez zegoela idaztera igaro gara. Egia da Mitxelenak data bat proposatu zuela balizko euskara batu horrentzat, baina garbi zehaztuta ez zuela egiten metodo zorrotz batek eman lezakeen sendotasunetik, sen hutsaren arinetik baizik, aukera txar guztien artean txukunena iritzi zionaren alde eginez, hoberik ezean. Eta azpimarratuta gainera, koiné edo aldaera nagusitu horren aurretik, euskalki mordoa bide zegoela, edozein hizkuntzaren egoera naturala hori baita.

Si postulo, pues, un euskaro (trato de evitar confusiones molestas con protovasco o con vasco antigua, que podrían tener distinta definición) como base hasta cierto punto unitaria de las variedades vascas históricas que nos es dado conocer a lo largo de la historia, lo hago sólo en el supuesto de que se trataba de una koiné, de una lengua

común que aproximo y unió una dispersión y una diversidad que habían sido mucho mayores. KM1990.

Bidezkoa dirudi galdetzea zer gertatu den urte hauetan, esan bezala, ez dagoelako argitalpen espliziturik, berreraikipenen inguruko lehenagoko zuhurtziak eta badaezpadakoak baztertu behar direla iragartzeko. Bistan da endekapen bide batean abiatu dela oro har EFOa, agian, kontraste aukera gutxi eta teorizazio asko dagoen beste edozein jakintza arlotan gertatu ohi den moduan.

Seguru asko berreraikipen teorikoek datu berriekiko erakutsi duten egokitze maila eskasak kezkatuta, iazko abenduaren 28an argitaratu zen FLV 136. zenbakian, honako paragrafo hau irakurri zitekeen, EFOko bi kide gaztek Irulegiko eskuaren inguruan sinatutako artikulu batean:

No pensamos ni concluimos, por supuesto, que un texto datado en el s. I a. C. deba ajustarse perfectamente a las reconstrucciones del protovasco presentadas y consensuadas a lo largo del último medio siglo,… Zuloaga & Ariztimuño 2023.

Gogoan hartuta 1995z geroztik berreraikipenen egokitasun absolutua zalantzan jartzen duen lehen aipamen idatzia dela, efemeride itzela da zalantzarik gabe. Halere, esaldi hutsean geratu da oraingoz, hortik berehala sortzen diren galderak ez baitira plazaratzen, eta are gutxiago noski horien erantzunak.

Berehalako lehen galdera zera da: posible baldin bada K.A.-ko I. mendeko euskarazko hitzen bat, espero dugun berreraikipen teorikoarekin bat ez etortzea, nola ezagutuko dugu hitz hori? Alegia, berreraikipen teorikoarekin bat ez datorren guztia baztertu ohi badugu, nola jakingo dugu bat ez datozen horien artean, zein onartu eta zein ez, zein euskaratzat jo eta zein ez? Hori argitzen ez den artean esaldia txorrotxio antzua da, ez du inolako ondoriorik.

Galdera horri erantzutea gakoa da, azken urteotako endekapen bidea zuzentzeko, dogmatismoari atea ixteko, metodoaren balioa eta irismena zehatz-mehatz definitzeko, baieztapen absolutuak, benetan egin daitezkeenean bakarrik egiteko, berreraikipen teoriko bakoitzaren sendotasunari, gradazio bat esleitzeko. Hitz bat, espero daitekeen berreraikipen teorikoarekin bat ez etortzea posible bada, horrek esan nahi du berreraikipen teoriko guztiek ez dutela sendotasun bera. Eta hori horrela bada, ezin dira guztiak Jainkoaren hitza bailiran erabili. Bereizten hasi beharko gara eta dagokion sendotasun maila esleitzen hasi bakoitzari.

Berreraikipenaz esan berri dugun guztia berdin edo are indar handiagoz esan daiteke kronologiari dagokionez. Ezin bestekoa da zuhurtzia eta apaltasun handiagoaz berrikustea esku artean darabilzkigun esleipen kronologikoak, batik bat azaltzen diren datu berriek zalantzan jartzen dituztenean. Mitxelenari irakurri dizkiogunak irakurri ostean, Irulegiko eskuaren garaiaz zera irakurtzen dugunean

En relación a ello y, especialmente, a la búsqueda de paralelos en datos y distribuciones dialectales, no debe obviarse la modernidad absoluta o relativa de los mismos: debe recordarse que las innovaciones y distribuciones dialectales que conocemos en época histórica no van más allá del Vasco Común Antiguo propuesto por Michelena (1981/2011) y datado últimamente en torno a los siglos VIII-X. Bistan da Mitxelena berriro irakurtzea gomendatu behar zaiola hainbati.

Eta honenbestez iristen gara gutun honen azken salaketara. EFOko kideek asko dakite, erudizio handia dute, baina, salbuespenak salbuespen, ez dira zientzialari, bere buruari izen horrez iriztea oso gustuko badute ere. Erdi Aro usaineko metafora baliatuz, Zientziaren etxean Datua da jauna, Zalantza da andrea, eta Teoria berriz, morroia, andrearen agindupean jaunaren zerbitzuan diharduen morroia. Morroiak andrearen agintea arbuia dezake eta jauna bere mirabe ipini, baina hori ez da jada Zientziaren etxea izango, hori Dogmarena izango da. Zientziaren etxean datua da zerbitzatu beharrekoa. Teoria datuaren zerbitzurako dago, eta ez badu ongi zerbitzatzen, egotzi egiten da eta beste bat hobea ekarri. Datua ez dago inoiz teoria zerbitzatzeko. Datua eta teoria elkarrekin ondo ezkontzen ez direnean, teoria aldatzen da, hori baita Zientziaren etxean indarrean dagoen hierarkia.

Dogmaren etxean berriz hierarkia hori itzulipurdika iraulita aurkitzen dugu: Teoria da jaun eta jabe, eta datua, haren mesedetan diharduen morroia baino ez da. Zalantza berriz aspaldi egotzi zuten, etxe horretan etxekoandre premiarik ez dagoela esanda. Dogma-enean, Teoria eta Datua elkarrekin ondo ezkontzen ez direnean, Datua arbuiatzen da, Teoria ez duelako ondo zerbitzatzen. Honenbestez edonork ehiki ondoriozta dezake nor zein etxetan bizi den, eta nor ari den okerreko helbidea ematen.

EFOko kideek zientzalaritzat har ditzagun nahi badute, bi baldintza bete beharko dituzte: Lehena, hizkera aldatu eta zientzialarien esamoldeetara egokitu, oker-ezintasun usainak Aita Santuarentzat utzita. Zientzialari batek ezin du esan Irulegikoa euskara zaharra ez denik edo testu hori euskaratik ulertezina denik. Zientzialari batek esan behar duena da, esatekotan, Irulegiko testua ez datorrela bat euskara zaharra berreraikitzeko garatu den eredu teorikoarekin, modu honetan orobat zalantzan jarriz, bai testuaren euskaltasuna, bai eta haien metodoaren egokitasuna, biak baitira ezbaian daudenak, eta ez lehena bakarrik. Eta behin eta berriz azpimarratu esamolde hori, kazetariek eta orokorrean era guztietako berriemaileek ñabardura ongi barnera eta heda dezaten. Eta bigarrena, aurrekoari lotuta, orain arte erabili duten berreraikipen metodoa edo/eta horren irismena auzitan jartzen hasi, bertan hainbat oker egon daitezkeelakoan, Zientzian, datuak teoriekin ondo ezkontzen ez direnero egin ohi den legez. Bi baldintza horiek bete ezean jakintsu izaten jarraituko dute, baina ez zientzialari.

(*) Jonjo Agirre, Asier Bidaurrazaga, Lehu Egiazabal, Roslyn Frank, Juan Inazio Hartsuaga, Xabier Renteria, Juanma Sarasola

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude