2024-01-26. Berria
2010etik hona arkeologiaz genuen irudi klasikoa (paleta, eskuila, eskorga, bahea…) hondeamakinarenak ordezkatu du Iruña-Veleiako aztarnategian.
Estratigrafia eta egitura originalak errespetatuko al ditu? Informazio baliagarria eman dezaketen objektu arkeologiko txiki eta ertainak jaso al daitezke horrela: zeramikazko piezak, txanponak, metalezko eta beirazko gauzak, hezurrak…? Jakinekoa da behin bere lekutik ateraz gero balio osoa galtzen dutela.
Eliseo Gil eta bere taldeak milaka «artefaktu» atera zituzten I-Vko aztarnategitik, tartean oraindik behar bezala analizatu gabe dauden grafitoak, baina baita Bibat museo arkeologian ikusgai dauden hainbat objektu ere, gure historiaren testigu. Diru publikoaz eta Europako diruaz baliatuta hondeamakinekin lan egitea erabaki dutenek ziurtatu al dezakete ez dutela ezer baliozkorik desagerrarazi?
Grafito batzuen ustezko faltsutzeak iskanbila galanta sortu zuen, Arabako Ondare Historikoari kalte konponezina egiten zitzaiolakoan, «un daño irreparable». Nola izenda genezake hau?
Ala turismoari begira ari dira? Idatzita baitago, beste egitasmo batzuen artean, turismoarena ere. Hitz egin bezate arkeologoek, historialariek, zientzialariek, unibertsitateek, aditu eta zaleek…