Iruña-Veleiako auziak mutur asko ditu oraindik solte. Bereziki Eliseo Gil-i ekarri dion sufrikario handiaz gain, grafitoei ez zaie inolako datazio-frogarik egin
2006ko ekainean lehen grafitoak aurkezten dira: 8an latinezkoak eta 15ean euskarazkoak. Eliseo Gil Zubillagak aurkezten ditu, aztarnategiko zuzendari denez, eta EHUko bina katedratikok laguntzen diote aurkezpen lanetan, elkarlan eder baten hasiera bailitzan. Euskaldunoi ilusio handia piztu zigun, duela hilabete batzuk Irulegiko Eskuak bezala (irakur II. eta VI. mendeen artean kokatu dituzte Iruña-Veleian aurkitutako euskarazko hitzak).
2008ko azaroan Eliseo Gil Zubillaga eta lan talde osoa aztarnategitik kanporatzen dituzte. Diputazioak izendatutako eta ia osorik EHUko irakaslez osatutako Batzordearen gehiengoak grafitoak faltsutzat jotzen ditu (irakur El juez desoye a Eliseo Gil y le impide acceder a Iruña-Veleia). Ustezko faltsutasun argudioak hizkuntzalaritza mailakoak dira batez ere, ez laborategiko frogak.
2009: Arabako Diputazioak kereila jartzen du ustezko faltsifikazioagatik Eliseo Gil eta beste biren aurka. Urte berean ‘SOS Iruña-Veleia’ sortzen da; behin eta berriz, grafitoen analitikak eskatzen dira, baina alferrik. Aztarnategiaren zuzendaritza EHUk hartzen du eta, berehala, hondeamakina sartzen dute (ikus Destrozando Iruña-Veleia).
2009-2013: Lurmenek grafitoen benetakotasun posiblearen alde eta faltsutasun argudioei erantzunez txostenak aurkezten ditu Epaitegian. Isiltasun totala Diputazio eta EHUren aldetik (irakur Eliseo Gil presenta 13 informes de varios expertos que ven factibles los hallazgos de Veleia).
2013: IPCEko (‘Instituto del Patrimonio Cultural de España’) laborategian egindako lehen azterketa aurkezten du J.V. Navarrok, grafitoen aurkezpenetik 7 urtera (!); metal berrien presentzian oinarrituz 36 grafito faltsutzat eta 1 benetakotzat hartzen ditu. Ondoko urteetan beste 4 azterketa-txosten egiten dira: horietako batek ere ez du grafitoen faltsutasunik ez benetakotasunik ziurtatzen. Beste modu batera esanda: analitikak egiten ibilitako 18 ikerlarietatik Navarrok bakarrik aurkitzen ditu haietan faltsutasun zantzuak.
2015: Ertzaintzak bere txostena aurkezten du. Ez du argitzen nork faltsifikatu zituen grafitoak, ez eta non-noiz-nola faltsifikatu ziren ere, baina ez du zalantzarik faltsuak direla ziurtatzean. Ertzaintzaren txostena honela bukatzen da: “la total convicción policial de que lo ocurrido en Iruña-Veleia constituye el caso más grave de falsificación arqueológica de los últimos años a nivel mundial“.
2018: ‘Iruña-Veleia Argitu’k manifestua kaleratzen du indusketa berriak eta analitikak eskatuz. Ez du erantzunik jasotzen (ikus prentsaurrekoaren bideoa sarean).
2020: Mikel Albisuren txostena Navarroren analitikari buelta emanez eta haren gabeziak agerian utziz (irakur Albisu Mikel).
2020: epaiketa eta epaia. Navarroren analisian oinarrituta Eliseo Gil zigortzen dute 36 grafito faltsutzea egotzita. Prozesuan zehar, grafitoak akusatzailearen (Diputazioa) esku egon dira; epaiketan zehar bi zaharberritzailek aitortzen dute 18 kaxakada pieza garbitu gabe daudela, baina epaileak entzungor egiten du; Eliseo Gilen egiletza ez da argi eta garbi frogatzen… (irakur epaiketako kronikak klik batez).
2023ko maiatzaren 21ean bisita gidatu alternatiboa zuzentzen ari den Josetxo Mendia eta taldea triskantza baten testigu dira: berriro ere hondeamakina sartu baitute aztarnategian, eta harresia ‘kontsolidatzeko’ lanetan, zanga zabal eta sakonak egin baitituzte inolako erreparorik gabe, lurra zakartegitan pilatuz (ikus Hondeamakina berriro Iruña-Veleian!). Harresiak gure historiaren aztarnek baino gehiago balio du, nonbait. Zeramika puska batzuk manipulatzeaz akusatuta 7 urteko kartzela eta 280.000 euroko isuna eskatu zizkioten Eliseo Gil-i, eta ondoren epaitu eta zigortu. Orain ehundaka pieza -zeramika puskak, hezurrak, ikatz puskak…- zakarretara botatzen dituzte inolako begirune eta kontrolik gabe. A zer kontraesana!
Desmasia honen aurrean ‘Sos Iruña-Veleia’ eta ‘Iruña-Veleia Martxan’ taldeek salaketa jarri dute epaitegian Patxi Zabaleta abokatuaren bidez eta Xabier Gorrotxategik, Geografian eta Historian doktorea, eginiko txostenean oinarrituta.
Oraindik, Iruña-Veleiako auziak mutur asko ditu solte. Pertsona batzuei, bereziki Eliseo Gil-i, ekarri dien sufrikario handiaz gain grafitoei ez zaie inolako datazio frogarik egin Irulegiko Eskuari bezala; 254 grafitok analizatu gabe jarraitzen dute, beraz ezin jakin benetakoak ala faltsuak diren. Eta orain hau! Nork jarriko du zentzu pixka bat honetan guztian?