Tomas Elortza Ugarte. Argia, 2022ko azaroaren 17a
‘Sorioneku’ egunkariak, aldizkariak, telebistak, irratiak eta sare sozialak bete dituzulako, eta denak zure ohoretan. Iruña-Veleiako grafitoek ez zuten horrelako zorterik izan.
‘Sorioneku’ aurkitu zintuen L.M. induskatzailea. Iruña-Veleiakoak kaleratuak izan ziren, gaizkileen pare.
‘Sorioneku’ Nafarroako Gobernuko C.U. errestauratzailea, garbitu zintuelako eta idazkuna aurkitu zuelako. Iruña-Veleiako piezak aztertu zituzten Arabako Diputazioko bi errestauratzaileei ez zieten kasu zipitzik egin epaiketan deklaratu zutenean. Besteak beste, zera deklaratu zuten: pieza asko (18 bat kaxaka) garbitu gabe daudela oraindik eta garbitzeko baimena kendu egin zietela grafito bat aurkitu zutenean (usoa, mokoan galburua zuena).
‘Sorioneku’ Aranzadi Zientzia Elkartea eta Irulegiko eskuaz aritu diren kazetari, politikari, aditu, hedabide, hizkuntzalari, Euskaltzaindia, Eusko Jaurlaritza… izugarrizko poza eman digutelako. Iruña-Veleiaren inguruan, azken hamasei urteotan, kontrako jarrerak eta isiltasuna nagusitu dira bazterrotan. Oraindik grafito eta idazkunen %87 aztertu gabe dagoelarik! Eta, okerrena, ez dituzte aztertu nahi!
Aurrerantzean, erregina izango zara museo batean, begirada guztiak erakarriz. Bitartean, Iruñeko Gaztelu Plazako altxorrak zabortegiren batean egongo dira, eta Iruña-Veleiako grafitoak soto ilunen batean. Baina ‘sorioneku’ zu eta ‘sorioneku’ gu!