Urolako Nafar Zuztarrak elkarteko kide baten eskariz argitaratzen dugu gure herriko Elosu auzoan kokatuta zegoen gazteluari buruzko bideoa eta idatzia:
2021eko uztailaren 24an Iriaun gazteluari buruzko hitzaldi bat eman zen Elosun (Bergara). Bertako auzo-alkate Iñigo Zubeldia izan zen antolatzaileetariko bat. Asmoa zen Iriaun gaztelu nafarraren berreraikuntza birtuala egitea. Helburu horretarako nafar gazteluetan maisurik jakitunena eraman zuten: Iñaki Sagredo, hain zuzen ere. Jarraian kontatuko dizuegu han azaldu zena.
Iriaun gaztelua Bergarako Elosu auzoan dago, Azkoitiko mugatik oso gertu. Gipuzkoako nafar gazteluetan ezezagunena da, ez baita idatzirik aurkitu berari buruz; eta esan daiteke ingurua abandonatuta dagoela. Hitzaldiaren antolatzaileek gazteluaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute berreraikuntza birtualaren proiektuarekin.
Sagredok, lehenengo, eraikinaren testuinguruan jarri gintuen, horretarako Nafarroako historia kontatu zigun XI. mendetik hasi eta gaztelauen inbasioa gertatu zen arte. X. gizaldian nafar gazteluek lurralde, lege, ohitura eta hizkuntza komunak babesten zituzten. Mendilerroek osatzen zituzten barrera naturaletan kokatzen ziren gazteluak, eta berezko pasabideak zaintzen eta babesten zituzten. Gaztelako inbasioak gertatu ahala, Iruñatik gertuagoko mendilerroetan kokatzen joan ziren nafar gazteluak. Gaztelauen erasoek ez zuten etenik eta hala 1179an Antso Jakintsuak eta Alfonso VIII. Gaztelako erregeak bake-itun bat sinatu zuten, muga berriak zehaztuz. Muga berri horiek babesteko lurralde antolaketa berriak sortu zituen errege nafarrak. Besteak beste, Gasteiz hiria sortu zuen eta Aitzorrotzeko tenentzia ere bai. Eremu berri horretan hainbat gaztelu zeuden. Hortxe kokatzen zen Iriaun gaztelua. XII. mendearen amaieran Gaztelako eta Aragoiko erresumek, biek bat eginda, eraso egin zioten Nafarroko erresumari. Gasteiz hiriak eusten zion bitartean, gaur egungo Araba, Gipuzkoa eta Durangaldea inbaditu zituzten Gaztelako eta Aragoiko erregeek. Aitzorrotzeko tenentzia orduan erori zen, eta uste da Iriaun gaztelua ere orduan eroriko zela, baina ezin da oraingoz ziurtatu ez baita idatzirik aurkitu.
Historia apur bat ezagututa, ondoren, Elosuko gazteluko lurretan egindako arkeologia lanak kontatu zizkigun Iñakik. 20x7m-ko haitz baten gainean kokatzen zen gaztelua. Buztin egosizko argamasa zatiak topatu zituzten, egurrezko armazoietan ohikoak zirenak. Beraz, ondorioztatu dute gazteluak egurrezko egitura izango zuela.
Azkenik, berreraikuntza birtuala egin ahal izateko pausoak kontatu zizkigun. Oraindik zati askotan azterketa topografiko bat egin behar da, georradar edo antzeko teknologiak erabiliz. Datu guztiak jasotakoan modelaketarekin hasi beharko litzateke. Arestian esan bezala, eraikinak zurezko egitura izango zuen. Dorre bat izango zuela ere uste du arkeologoak, baita bizileku eta egurrezko barrera bat ere. Zulo (foso) bat aurkitzea ere espero da. Bianako gazteluarekin egindako lana jarri zuen adibide bezala.
Tamalez, proiektua geldirik dago gaur egun. Dena den, Urolako Nafar Zuztarrak taldekoek bultzadatxo bat eman nahi izan diogu ideia zoragarri horri, bideo hau argitaratuz. Ea guztion artean lortzen dugun proiektu hori aurrera ateratzea. Eta behin amesten hasita, nork daki, agian, egunen batean, benetako berreraikuntza egitea ere lortuko dugu.
Joseba Eizagirre, Urolako Nafar Zuztarrak elkartearen izenean