Euskararen aztarnak Sardinian argitaratu zuen liburu honen egileak 2017an, eta haren jarraipena eta osagarria da neurri batean esku arteko hau. Esan beharra dago Italiako Iparraldeak Sardiniak baino lehenago piztu zuela zenbait ikerle euskaldunen arreta. Federiko Krutwig euskaltzainak Aosta eta Piemonte aldeko toponimian aurkitu zituen izenkideak nabarmendu zituen Garaldea liburuan (1978), eta geroxeago hari berari tiratu zion Bernardo Estornés Lasak Auñamendi Entziklopedian.
Baina harrezkero ez euskaldunek ez atzerritarrek, inork ez dio gaiari orain arte heldu. Obra honetan Elexpuruk, Sardiniako ikerketak eskaini dion esperientziaz baliatuta, Korsikan, Frantziako eta Suitzako Alpeetan eta Italiako penintsula osoan jarri ditu begiak. Harrigarriak dira toponimian aurkitu daitezkeen kidetasunak, hirurehun bat leku-izen berdin eta mila eta bostehun antzeko, Italia ipar-mendebaldean ematen delarik dentsitaterik handiena, Piemonte, Aosta, Lonbardia eta Ligurian, antzinatean liguriarrenak izandako lurraldeetan. Baina kidetasunak ez dira toponimiara mugatzen. Mitologian, adibidez, gure Basajauna eta Laminak aurkituko ditugu Alpeetan. Eta hau guztia argazkiz eta mapaz ondo hornituta.
Zergatik hainbeste euskal toponimo leku horietan? Hipotesia
Ez da batere erraza azalpena bilatzea. Gauza bat izan dezakegu garbi: ezinezkoa dela kasualitatearen edo homofoniaren fruitu izatea. Bururatzen zaigun hipotesi bakarra honako hau da: Neolito aroan euskararen familiakoak ziren hizkuntzak egiten zirela Europako leku askotan, eta Brontze Aroan ekialdetik zetozen herri indoeuroparrak Europa gehienaz nagusitu zirenean, herri aurre indoeuroparrak, agian euskararen familiako hizkuntzak egiten zituztenak, leku menditsuetan babestu zirela, Alpeen eta Apeninoen magaletan liguriarren kasuan. Horrek azalduko luke zergatik euskal toponimoen dentsitatea askoz ere handiagoa den leku menditsuetan lautadetan baino.
Osatu ditugun mapek garbi erakusten dute zenbat eta ekialderago eta orduan eta euskal toponimo gutxiago ageri dela Alpeen magaletan, eta Toscanatik behera oso bakanak direla, nahiz eta badiren Italia erdi eta behealdean ere harrigarri samarrak.
Lehen liburuaren sarreran testutxo hau sartu genuen: ”Ikasleak ginela euskal arkeologo izentsu batek zera esaten zigun klasean: ‘Arkeologia liburu txar bat bezalakoa da. Antzinako biztanleek zer jaten zuten, zer tresna erabiltzen zituzten edo hildakoak nola ehorzten zituzten esaten dizu, baina ez askoz gehiago. Beste guztia asmatu, ondorioztatu egin behar duzu. Baina hori dituzun datu urriak ondo lotuz eta zentzuz interpretatuz egin behar da. Eta hala ere sekula ez duzu ziur jakingo zuzen zabiltzan ala ez’.
Esku arteko gai honek ere arkeologiaren antz handia du. Paleosardinierak ez du testu idatzirik utzi, dakigula. Agiri zaharretako izen propio batzuk, ondorengo hizkuntzetan suma daitezkeen arrasto batzuk, eta batez ere leku-izenak dira liburu txar honen letrak, tunel iluneko ipurtargiak”.
Orain aztertu dugun eremuan aurkitzen diren leku-izen batzuk: Alagna, Alza, Alzate, Arabba, Aranno, Arlaz, Arno, Arre, Auzate, Ascona, Baiona, Balzola, Velate, Berrio, Betolacce, Borda, Eccay, Erlo, Gabiola, Gallaretta, Garbe, Gorla, Iria, Irogna, Carabietta, Carcare, Lete, Lesa, Nardi, Occhetta, Olano, Oletta, Olza, Orbe, Oro, Orria, Ottano, Sarissola, Ubaia, Urbel, Uria, Veleia, Zalla, Zubiena, Suffia, Zumaglia
Liburuarekin batera mapa-poster bat ere argitaratu dugu. Mapa hau ez da liburu-dendetan salduko. Egileari eska dakioke.
Zorionak, JuanMartin.
Harriduraz irakurri nian Sardiniako toponimiaz hik egin huan lana, Blasco Ferrerek (gizajoa, hura joan huan) erakutsitako aztarnei jarraiki. Eta orain, osagarri, beste hau dakarkik. Eskertzekoa. Hori erosi eta irakur ahal izateko interesa badiat, esango didak nondik lor dezakedan.
Toponimian kidetasuna horiek esplikatzeko, interesgarria hipotesia: “Neolito aroan euskararen familiakoak ziren hizkuntzak egiten zirela Europako leku askotan…” eta hizkuntza indoeuroparrak hedatu eta gailendu zirenean, euskararen familiko hizkuntza horiek mendi gunetan gorde ahal izan zirela…
Hik ez dut (artikuluan) esaten baina Teo Venneman alemaniarraren teoria duk hori ezta? Ba ote ?? Ederra izan huan horixe !!!!
Ederra IZANGO huan horixe !!! (barkatu akatsak).
“Ederra IZANGO huan horixe” !!!!! (barkatu akatsak)
Milesker Antton. Liburua edozein liburudendatan erosi dezakek, eta mapa korreoz bidaliko diat hire helbidea barne-postaz bidaltzen badidak.
“Ez da liburu-dendetan salduko”…ulertu diat liburuaz ari hintzela. Erosiko diat Elkarren…Izan ongi.
Joan Martin Elexpururen beste lan bikain honen berria jaso dut suitzako Arzo herrian.
Nire zorionak hunkituta, sakona eta bizia!
Milesker Karlo, suizar euskaldun fina. Zure herrian ateratako argazkia ipini dut sarreraren azpian.