2009ko maiatzaren 15ean eman genion hasiera blog honi azpian datorren agur-mezuarekin. Harrezkero ur asko igaro da Arabako Iruñako zubi azpietatik, eta ordutik hona mila sarrera erantsi ditugu blogean. Irakurleen iruzkinak ere mila inguru izan dira. Milesker parte hartu duzuen guztioi, irakurle zein iruzkingile. Zuen bultzadarik gabe aspaldi etsiko genuen. Esker mila Goienari ere gai deseroso honi leku egiteagatik. Nahiago genuke bloga bere bizitzaren azken fasean balego, gauzak argitu diren seinalea izango bailitzateke.
“Juan Martin Elexpuru naiz, eta Iruña-Veleiako auziari hauspoa eman nahirik sortu dut blog hau, gaiaren egungo egoera oso etsigarria ikusita.
2005 eta 2006an grafito “ezohikoak” agertu ziren, 1.000 inguru, euskarazko idazkiak, latinezkoak, grezierazkoak, hieroglifikoak, marrazkiak eta abar. Handik bi urtera batzorde zientifiko batek faltsuak zirela deklaratu zuen eta Arabako Diputazioak aztarnategia itxi, arkeologoak kalera bota eta auzibidean jarri zituen.
Une honetan Eliseo Gil eta Idoia Filloyk, beste bi lagunekin batera, hiru kereilari eta milioi askoko isun mehatxuari aurre egin beharrean daude. Beren irudi pertsonala eta profesionala hondoratuta dago.
Azken hilabeteetan txosten guztiak irakurri ditut, argazkiak mila aldiz ikusi, industen jardun dutenekin eta aditu askorekin hitz egin, eta ondorio batera heldu naiz: nire ustez, benetakoak dira ostraketako inskripzioak.
Idatzi luze bat prestatu dut Batzordeko Gorrochategui eta Lakarra filologoen txostenei erantzunez. Gazteleraz, auzipetutako arkeologoek beren zereginetarako erabili ahal izan dezaten. pdf formatuan jaso daiteke, beste zenbait eranskinekin batera. Beste pdf batean ondorioak eta eranskinak aurkituko dituzu, euskaraz. Euskarazko testuen transkripzioa ere aurkituko duzu, eta klik egitea aski izango duzu ostraken argazkietara joan ahal izateko.
Gaia ezagutaraztea eta denon artean gauzak argitzen joatea da blog honen helburu nagusia. Horregatik, iritzi eta ekarpen guztiak ondo hartuak izango dira. Hori bai, ez diet erantzungo identifikatu gabeko erabiltzaileei.
Gero arte.”