Berria. Abuztuak 7
Koronabirusaren auzi hau inork ez du argitzen, eta, dirudienez, ezta argituko ere. Hartu dira neurriak, bai, baina ezer ez dago argi, eta dakitenek edota jakin behar luketenek ez dakite adierazten edota beren ezjakintasunaren egiak jakinarazi nahi dizkigute. Eta hala gaude, ziurgabetasunak sortzen digun zalantzapean, esaten digutenarekin konforme izan ala ez izan, esaten digutena betetzen; horixe delakoan gizakion erantzukizun bakarra.
Gogoan dut pandemia hau Txinatik zebilenean baina gure lurralde hauetara oraindik heltzeko zegoenean, Gorbeiaranzko pasealdi baten, bere burua ateotzat edo sinesgabetzat duen eta zientziaren balioan bakarrik sinesten duen mediku lagun batekin hizketan gindoazela, hara, bromaz non niotson: «Hau lurtarretatik at legokeen jainkotiar zigorra izan daiteke»; eta bere erantzuna: «Ez ezazu izan zalantzarik inork ez dakien eta jakingo ez duen halako zerbaiten aurrean gaudela».
Hemengo eta hango zientzialariak txertoaren bila ari direla dirudi, zeren, beste inork gabe, zientziak argitu beharko duen gaia dugu honako hau, eta halaxe egiaztatu beharko dute bataren eta bestearen ikerkuntzan zein den baliogarria. Ziur, azterketa guztien ondoren, erantzun eta ondorio argi batera helduko direla. Beharko!
Koronabirusa gauza zahar berria dugu: zaharra, historian zehar lehenik ere izan direlako honen antzeko izurriteak; berria, inork ez dakielako zein izan den haren sorkuntzaren arrazoia eta zer egin dezakegun guztiz alboratzeko edo ezabatzeko. Beraz, hor ari dira azterketa sakonetako ikerketan.
Eta Iruña-Veleiako aferarekin, gaia guztiz desberdina bada ere, antzeko portaera egin izan beharko lukete; batzuek eta besteek, hemengoek eta hangoek, ikerketa sakonean aritu eta ondorioak atera. Dirudienez, egiatzat hartzen dutenen arabera, ez da hala egin. Sententzia atera da, baina zalantzek oraindik ere hor diraute. Eta koronabirusarekin gertatzen den bezalaxe, honako honetan ere, guztiok gaude hizketan, guztiok jakitunak bagina legez.
Nik ez bataz ez besteaz ezer ez dakidanez, nire ezjakintasunetik galderak egiten ditut, eta, galdera horiei adituek izan beharko luketenek erantzun argirik ez dietenez ematen, betiko lekuan jarraitzen dut, Descartesen pentsaeraren «zalantza metodikoan». Descartesek honako hau zioen: «Zalantza da gauzak argitzeko tresnarik egokiena». Ba, halaxe gaude, ezer sinistu ezinik bageunde legez, zalantzetan.
Eta, besteak beste, ostraketetan, «Descartes» agertu omen da faltsutzat dutenen iritzian, «Miskart» egiatzat dutenenean; nerau ere bigarren hori jartzen duelakoan nago, baina zertan gaude? Uste dut metodoak huts egin duela honetan guztian, bai ikerkuntzan, bai geroko justiziaren epaiketan. Argi eta ondotxo zioen honetaz Iñigo Astizek: «Berandu datorren justizia injustizia da, eta berandututako justizia, ukatutako justizia». Eta eszeptizismoaz ari zitzaigun Angel Erro ere BERRIAko iritzi orri hauetan.
Dakiguna da koronabirusak kalte izugarriak egin dituela, egiten ari dela eta egingo dituela. Eta ba ote daki inork Iruña-Veleiako auzia benetan zertan den? Zeren, iruzurra izan bada eta kalte handiak egin baditu, ez bakarrik ekonomikoak, baizik eta asmaketa eta faltsukeria guztioi helaraztea izan bada haren egitekoa eta epaileek hain argi izan balute, egoeratik alde egitearen sententzia izan delakoan nago, eta, hala, bere burua errugabetzat agertzen duen Eliseo Gilek helegitea jartzera doala argitu zigun.
Beraz, gai hauetaz askok eta askok bere zalantzak izatea zilegi dakusat. Epaileen erabakiaren ondoren, leku berean jarraitzen du aferak: inor ez konforme, eta auzia, hasieran zegoen lekuan eta zalantza berean. Eta interes susmagarrien aurreiritzietan eta guztiarekiko eta guztienganako mesfidantzan gauden honetan, zehaztasun filosofiko, teologiko, ideologiko eta batez ere, erabaki politiko eta ekonomikoaren gainetik, zientziak du edo izan beharko du azken hitza, baina halako nahaspilaren aurrean, neure guztiarekiko sinesgabetasunean, Groucho Marx-ek zioena diot: «Mundua geldiarazi dezatela, ni jaistera noa-eta».
Hala ere, pentsatzea libre denez, zera ekartzen dut gogora, antzina baten Europako zibilizazio zaharrenean, euskararen jatorriak aztertuz eta bere erro sakonetan murgilduz, akaso beste egituraketaren bat izango zutela gure aurrekoek. Baina, hau hala balitz, beste eredu eta pentsaera baten sartuko ginateke, eta utzi dezagun dena dagoan lekuan, badaezpada ere, eta munduak segi dezala orain arteko bidetik. Interesen pean gauden mundu honetan atzera begiratzeak aurrera ekiteko zerbait onik eta argi izpirik ekar ligukeela pentsatzea ez litzateke-eta onuragarria denontzat. Hau mundua hau!
Errealitatea den bezalakoxea da, eta proposamen «utopikoak» gizartea bidegurutzean eta itolarrian aurkitzean edo beste irtenbiderik ez ikustean etor litezke. Geroak esan beza, bizi dugun egoeran eta datorkigukeenaren aurrean, oraingo egituraren nolabaiteko aldaketa beharrezkotzat jotzen den. Beraz, Iruña-Veleiaren aferan ere, nahiz eta agenda akademikoak eztabaida, oraingoz, bertan behera utzi duen, Cogito ergo sum. Pentsatzen jarraitzen dugun bitartean, ezer ez dago geldi eta aurrera goaz. Ilunpetik argia erakartzea zientziari dagokio. Hala bedi! Panta rei.