Euskararen aztarnak Sardinian liburua zen Artefaktua programaren ardatza, Euskararen eta paleosardinieraren ustezko harremana, eta hari buruz izan ziren galde-erantzunak, azken aldera Ibon Serranok eta biok Yolanda Mendiolaren Iruña-Veleiari buruzko galdera batzuei erantzun bagenien ere.
Baina Santi Leoné historialari nafarrak ez zuen horrela ikusi Edan Coca-Cola titulatzen duen Argiako Gaizki erranka-ko zutabean. Bai, benetan gaizki errana, Iruña-Veleiako gaiak 3 minutu eta 20 segundo soil hartu baitzituen. Aski historialari nafarra asaldatzeko.
Alberto Barandiaranen Veleia afera (2010) zeruraino jasotzen du: “Bere garaian, miresmenez irakurri nuen Barandiaranen lana, eta oraindik iduritzen zait euskaraz dugun saiakera eta ikerlan eredugarrienetarik. Beraz, aise ulertu nuen –aise ulertzen ahal zuen nornahik– zer-nolako ekarpena egin zion liburuak euskal kulturari; eta zer-nolako ekarpena Sautrelari, egilea gonbidatzeak”. Harrapazak/n!!! Hainbesterako ote? Ba ezagutzen ditugu oso bestelako iritzia dutenak, baita kazetari ikuspegi soil batetik begiratuta ere. Eta izan da ikuspegia argudioekin eta datu zehatzekin jantzi duenik, Idoia Filloy arkeologoa esaterako, duela gutxi El Salto/Hordago aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Merezi du irakurtzea.
Haserre ageri zaigu programa arduradunekin: “Zailxeago egiten zait, ordea, igartzea zer ekarpen klase egin dioten Elexpururen zenbait teoriak euskal kulturari, eta zer ekarpen klase teoria horiek zalantzan batere jarri gabe hedatzeko aukera emateak non eta Artefaktuan serio izan behar lukeen literatura saio batean alegia. Homeopata bat gonbidatuko genuke medikuntza saio –berriz diot, serio– batera?”. “Jesus Maria ta Jose!”, esango zuen gure amak bizi balitz.
Irakurri ote du Sardiniari buruzko liburua, programaren ardatza? Ezetz dirudi. Eta burutik pasatzen zaigu agian ez dela oso dotorea irakurri gabeko liburu batez iruzkinak egitea, jakinduria infusoa ez baita humanoen dohaina.
Irakurri ote du Iruña-Veleiari buruzko azken liburua (Qué está pasando con Iruña-Veleia, Pamiela 2018), programaren azken zatiaren gaia? Ezetz dirudi. Irakurri izan balu konturatuko zen azken urteetan ur asko igaro dela hiri zahar hartako zubipetik; hogei txosten baino gehiago idatzi dituztela nazioarteko adituek benetakotasunaren alde, batzordekideen faltsutasunaren aldeko argudioak ezeztatuak geratu direla, Ertzaintzak eta epaileak ez dutela inolako faltsifikazio arrastorik aurkitu, ez dagoela frogarik Eliseo Gilen aurka, Arkeometrian espezializatutako laborategi batek hilabetean erabakiko lukeela auzia, hamar urte igaro eta oraindik ez dela epaiketa eguna jarri, eta beste mila gauza. Erlojua ez baitzen 2010ean gelditu.
Coca-Colaren historiak badu bere grazia. Aurkikuntzen faltsutasunaren alde gehien egin duten bi katedratikoek horrela konbentzitzen omen zituzten euskararik ez zekiten batzordekideak, artikulua, ergatiboa, polita, lagun eta enparauek irrist egiten zietela ikusita: ¿“Si apareciera en un grafito Beba Coca-Cola, qué opinariais? Pues para nosotros como filólogos vascos (entzutetsuenak, jakina) es como si pusiera eso”.
Gero Barandiaranek erosi zuen Coca-Cola hori, eta Leonék gogoratu digunez, Hasier Etxeberria zenaren programan saldu duela bederatzi urte. Orain Leonék edan du edari hartatik eta emaitzak bere zutabean ageri dira. Coca-Cola kadukatua edatearen ondorioak, homeopata onenak ere nekez senda ditzakeenak. Agian probatu daiteke aipaturiko txostenak, liburua eta abar borondate onarekin irakurrita.
Guztiz ados, Juanmartin. Leone jantziagotzat jotzen nian, sinisgaitza zaidak oraindik ere Iruñako aztarnez behar beste aztertu gabeko intelektualek halako iritzi arinak ematea.
Halaxe dok, Iñaki. Euskal “inteligentzia” hobeto ibiliko ahal da beste gai batzuetan honetan baino!
Ezkatzen dizut erantzungo diozula merezitzen dun bezela https://zuzeu.eus/euskara/eta-lurrera-eroriric-encun-cecan-voz-bat-ciostala/